Atzealdea

Aldundia Pasaiatik hasi da Gipuzkoako bidegorrietan informazio-panel berriak ipintzen

Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak apirilaren 19an, osteguna, Bizikletaren Mundu Eguna ospatzen du Pasaia – Arditurri ibilbidean Gipuzkoako foru-sareko bizikletentzako ibilbideak erakutsiko dituzten informazio-kartel berrien lehenengoa ipiniz.

Marisol Garmendia sozialista buru duen Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak, beste urte batez, Bizikletaren Mundu Eguna ospatzen du apirilaren 19an, osteguna. Mugikortasun iraunkorra eta osasuntsua, eta Gipuzkoan eguneroko garraiobide gisa bizikletaren erabilera sustatzeko eta indartzeko hainbat ekintza burutuko dira, gipuzkoarrei eta bisitariei lurralde honetako bidegorrien foru-sarea ezagutzen lagunduko dieten informazio- eta dibulgazio-euskarriak hobetuz.

Informazio-kartel berri hauek 15 kilometro dituen Pasaia – Arditurri (Oiartzun) ibilbidean hasiko dira ipintzen. Hori dela eta, Marisol Garmendia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Izaskun Gomez Pasaiako alkatea Pasai Antxora hurbildu dira, bertan ipini baita informazio-panel berrietako bat. Marisol Garmendia diputatuak adierazi bezala “seinaleztapen berri honen helburu da Gipuzkoako bidegorrien foru-sarea ezagutzera ematea eta sustatzea, bizikleta bidezko joan-etorriak ohitura bihur daitezen. Horretarako, bizikletaren erabiltzaileei informazio erabilgarria, praktikoa eta interesgarria eskaini nahi zaie, baina ez erabiltzaile gipuzkoarrei bakarrik baita bisitariei ere”.

Kartel horietan, lehen aldiz, ibilbide bakoitzaren guztizko kilometro kopurua, gurutzatzen dituen udalerriak, udalerri batetik bestera dauden kilometroak eta erabiltzaileentzako interesgarria izan daitekeen informazioa —iturriak, atsedenguneak, udalerrien turismo-informazio puntuak, Lurraldebus, eta Euskotren eta Renfeko Aldiriko trenen sarea bezalako beste garraiobide publikoekin konexioak, monumentuak edo toki turistiko interesgarriak adibidez— adierazten dira. Bertan ere adierazten da ibilbide horietatik zein dauden burdinbide berde gisa sailkatuak edo zeintzuk dituzten burdinbide berde tarteak.

Informazio-panel berri horiek foru-bidegorrien 8 ibilbide diferentetan ipiniko dira: Pasaia – Arditurri (Oiartzun), Lasarte-Oria – Añorga, Andoain – Leitza, Irun – Endarlatsa, Tolosa – Ormaiztegi, Zumarraga – Azpeitia, Eskoriatza – San Prudentzio – Bergara – Oñati eta Soraluze – Antzuola.

Garmendia diputatuak adierazi bezala, "Pasaia eta Arditurri lotzen dituen bidegorri hau —burdinbide berdeko tarte bat dauka— Gipuzkoako bidegorri-sarearen altxorretako bat da.

Meatokietatik Pasaiako porturaino metala garraiatzen zuen trena igarotzen zen antzinako ibilbidea bezalako paisaia-, natura- eta turismo-arloko balioei esker, gehien erabiltzen den bidegorrietako bat izatera heldu da, bai txirrindularien aldetik bai oinezkoen aldetik. Horregatik, hemen ipini nahi izan dugu lehen informazio-panel berria”.

Bizikletaren Mundu Egun honetan, gainera, Aldundiaren Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak editatu diren 2.000 liburuxka banatuko ditu Gipuzkoako foru-bidegorrien hainbat puntutan, bizikleta bidez banaketa egiten duen Txita enpresaren bitartez. Liburuxka horietan, Gipuzkoa Bizkaiarekin, Arabarekin, Nafarroarekin eta Iparraldearekin bizikleta bidez lotzeko bideak erakutsiko dituen mapa bat, bizikleta hartu aurretik kontuan izan beharreko hainbat gomendio praktiko eta lurralde diferentetako herritarren artean txirrinduari lotutako terminologia partekatzeko hiztegi hirueledun txiki bat aurkituko ditugu.



comments powered by Disqus