Atzealdea

Aldundiak 5 milioi euro bideratu ditu bidegorrietara eta bizikletaren sustapenera

Foru-sareko erabiltzaileen batez besteko adina 47 urte da; % 84 gizonezkoa da eta % 28k, normalean, lanera joateko, ikasteko, erosketak egiteko eta beste hainbatetarako erabiltzen du.

Bidegorri eta mugikortasun jasangarri eta osasungarrirako aurrekontuak % 121 egin du gora, 2017aren aldean.

Foru Aldundiaren Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak bizikleta garraiobide osasungarri eta jasangarri gisa sustatzeko egiten duen apustua irmoa da eta, hori dela eta, aurten, 2017ko aurrekontuaren bikoitza du, bidegorri eta bizikletaren sustapenera bideratuta. 2018rako, 5 milioi euro izango dira, 2017an baliatutako 2,3 milioien aldean; gorakada hori tarte berriak eraikitzeko baliatuko da, besteak beste, Jaizubia-Amute, Lezo-Pasai Donibane (2. fasea) eta Eibar-Maltzaga. Halaber, udalei beren tokiko bidegorriak zabaltzera eta sektoreko ekimenak laguntzera bideratuko da, Gipuzkoan gero eta gehiago zabaltzen ari den bizikletaren kultura zabaldu eta sustatzeko. Bertan, dagoeneko, bizikletarien % 28k bidegorrien foru-sarea erabiltzen du eguneroko joan-etorrietarako (lana, ikasketak).

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Marisol Garmendia sozialistak, adierazi bezala: “bizikletaren aldeko apustua egiten dugu, ohiko garraiobide gisa, lanera, ikastetxera joateko, erosketak egiteko, bai eta aisiarako ere; izan ere, batetik, garraiobide osasungarriena da, bizitza aktiborako ohitura osasungarriak sustatzen dituena Gipuzkoako herritarren artean, eta garraiobide jasangarria da, eta hori klima-aldaketaren aurkako borrokan egin dezakegun ekarpen pertsonala da. 2018an, baliabide gehiagorekin, bidegorri garrantzitsuak eraikiko dira, besteak beste, Jaizubiakoa Hondarribian, Eibar, Lezo, Urrestillakoa, jakinik, urterik urtera, Gipuzkoako lurraldean zabaltzen joan behar dugula, aurrekontu-gaitasunen arabera, bizikletarien eta oinezkoen bideen foru-sarea".

Hobekuntza horretan Pirinio Atlantikoekin eta Nafarroarekin partekatzen dugun mugaz haraindiko proiektua jasotzen da; aurten, Amute-Ospitaleak tartea eraikitzen hasiko da. Aurten, 996.000 euroko aurrekontua du. Gainera, Lezo-Donibane bidegorrian aurrera egingo da; bertan, dagoeneko, lehen tartea amaitu da eta, aurten, bigarrenari ekingo zaio (970.000 euro). Halaber, Azpeitia-Urrestilla eraikiko da (830.000 euro) eta Eibar-Maltzaga (1,5 milioi). Horrela, sustapen esanguratsua emango zaio gure bidegorrien sareari, eta herritarrek horiek erabiltzeko bide emango da.

Bestalde, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak, aurten, 150.000 euro bideratuko ditu udalei tokiko bidegorriak finantzatzen laguntzera; horrek esan nahi du 2017ko partida bikoiztuko dela, 2017an 75.000 euro izan baitziren; horrela, Lazkao, Aretxabaleta eta Anoetan tokiko bidegorri berriak egiten lagunduko da.

Marisol Garmendiak dioen bezala, “bizikletaren eguneroko erabilera gora egitea da gure helburu nagusietako bat, kontuan hartuta foru bidegorrien erabiltzaileetatik, joan-etorrien % 28 egunerokoa dela, alegia, bizikleta lanera, ikastera… joateko erabiltzen duela. Eta lortu behar dugu herritar guztiek erabiltzea eta, horretarako, bizikletaren kultura eta haren erabilera sustatzea, baita adinekoen artean ere. Hainbat ekimenetan ari gara lanean, besteak beste, helduentzako bizikleta-ikastaroetan (egin dira, dagoeneko, Errenterian eta Eibarren). Oso arrakastatsuak izan dira eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetara zabalduko ditugu. Halaber, Errenteriako Gurutze Gorriak mugikortasun murriztua duten pertsonek trizikloa erabiltzea sustatzeko abian dituen proiektuak ere bultzatuko ditugu; proiektu horrek, iaz, Gipuzkoa Mugituz saria jaso zuen, eta Gipuzkoako beste puntu batzuetan ere egitea aztertzen ari gara”.

Bidegorrien erabileraren datuak

Bizikletarien banaketak, generoaren arabera, jarraitzen du desoreka nabarmena izaten: % 84 gizona da eta % 16 emakumea. Hori horrela, Garmendia diputatuak zera ziurtatu du: “bizikletaren erabileran ere berdintasuna sustatuko dugu; azken urteotan igo egin da garraiobide honen erabilera emakumeetan, baina, oraindik ere, % 16koa baino ez da. Iaz ‘200 Emakume Bizian’ topaketan lankidetzan jardun genuen; bertan, hitzaldiak, tailerrak eta bizikletarien martxa bat antolatu ziren, emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzeko. Horrelako ekimenak sustatzen jarraituko dugu; izan ere, Mugikortasun departamentuaren iritziz, ezinbestean bilatu behar da berdintasuna eremu horretan eta ikusarazi emakumeak bizikletan. Nahiz eta erabilera gero eta handiagoa den, are handiagoa izatea lortu behar dugu”.

Bizikletarien % 72 25 eta 65 urtekoak dira, eta oso gutxik dute 25 urte baino gutxiago eta 65 baino gehiago (% 13 eta % 16, hurrenez hurren). Batez besteko adina 47,4 urte da. Bizikletari gehienak enplegatuak dira (% 55)

Bizikletarien profil nagusiak.

Gipuzkoako bizikleta-bideen sarean, 2 bizikletari profil bereiz daitezke:

  1. Bizikleta-bidea kirola egiteko edo aisiarako erabiltzen dutenak. Bizikletari guztien % 72 da; gehienak gizonak (% 88), eta batez besteko adina 50,3 urte. Ia erdiak (% 46) lan egiten du eta herena baino gehiago erretiratuak edo pentsiodunak dira (% 37). % 43k bizikleta-bidea astean 4 eta 7 egun bitartean erabiltzen du, eta ia ehuneko berak (% 42) 1 eta 3 egun bitartean. Gehienek mendiko bizikleta erabiltzen dute, argirik eta txirrinik gabe, eta kaskoa erabiltzen dute. Bizikleta-bidea egon aurretik, % 54k bizikleta orain bezainbeste erabiltzen zuen.

  2. Bizikleta eguneroko joan-etorrietarako (lana, ikasketak, kudeaketak, erosketak etab.) erabiltzen dituzten bizikletariak. Bizikletarien % 28 da; % 76 gizonezkoa da eta batez beste 39,9 urte ditu. Gehienak (% 75) lanean ari dira eta % 20 ikaslea da. Halaber, mendiko bizikletak erabiltzen dituzte (% 55), baina baita hirietako edo paseorako bizikletak ere, neurri handi batean (% 34). Bizikletaren ekipamendua (argi eta txirrina) nagusia da kasu honetan, baina gehienek ez dute kaskorik erabiltzen. % 88k bizikleta-bidea astean 4 eta 7 egun bitartean erabiltzen du eta, kasu horretan, bizikletaren erabileran bizikleta-bidea egoteak eragin handiagoa du.

Oinezkoen profil nagusia.

Oinezkoen profil nagusia 45 urtetik gorako pertsona, erretiratua edo pentsioduna da, bizikleta-bidea astean gutxienez 4 aldiz erabiltzen duena, paseatzeko edo kirola egiteko; oso pozik dago bizikleta-bidearen egoera orokorrarekin.

Erabilera-maiztasuna.

Bizikletari gehienek (% 56) bizikleta-bideak gutxienez astean 4 aldiz erabiltzen dituzte, % 89k, astean behin gutxienez. Emakumeek eta lanagatik edo ikasketengatik mugitzen direnek erabiltzen dituzte gehien bizikleta-bideak.

Erabilera-maiztasuna are handiagoa da oinezkoen artean, izan ere, % 72k bizikleta-bideak gutxienez astean 4 aldiz erabiltzen du, eta % 93k astean behin, gutxienez. 65 urtetik gorakoek erabiltzen dituzte bizikleta-bideak gehien.

 

Bizikleta-bidearen balorazio orokorra.

Oro har, eta hainbat alderdi kontuan hartuta, bizikletariak eta oinezkoak oso pozik daude bizikleta-bideekin.

Batez besteko puntuazioa 7,6 izan da 10 punturen gainean bizikletarien kasuan eta 7,8 oinezkoen kasuan.

Segurtasunaren pertzepzioak oso balorazio ona izan du (8,2 puntu bizikletari eta oinezkoentzat) eta, ondoren, emaitzarik onenak lurzoruak edo asfaltoak izan ditu, bai bizikletarien kasuan, bai oinezkoen kasuan (8 puntu bi kasuetan).

Ordea, bizikidetza izan da txarren baloratu dena (6,5 puntu bizikletarien kasuan eta 6,7 oinezkoenean). Bizikletari eta oinezkoen iritziz, atal honetan txarren ikusten diren bideak Legazpi-Urretxu eta Eskoriatza-Aretxabaleta dira.

Balorazio orokor txarrena izan duen bidea, bai bizikletarien iritziz, bai oinezkoen iritziz, Eskoriatza-Aretxabaleta izan da. Balorazio onena izan duena, bizikletarien iritziz, Zizurkil-Asteasukoa, eta, oinezkoen iritziz, Azpeitia-Azkoitia, Tolosa-Alegia eta Soraluze-Bergarakoa.

 



comments powered by Disqus