Atzealdea

ALDUNDIAK JAIZUBIA-AMUTE BIDEGORRIA ONARTU DU

  • Bizikleta-bideak 1,4 kilometroko distantzia izango du eta mugaz haraindiko Ederbidea proiektuaren zati da

Gipuzkoako Aldundiko Gobernu Kontseiluak Jaizubia-Amute bidegorri-proiektua, Ederbidea europar programaren barruan integratua, onartu du. Bidegorria 1.385 metro luze izango da eta Hondarribiko Amute auzoa Bidasoko Ospitaleko sarbide-biribilgunearekin lotuko du. Paraleloan joango da GI-636 eta GI-638 errepideen ezkerraldetik.

 

Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko foru-diputatu Marisol Garmendia sozialistak adierazi duenez, “bidegorriaren tramitazioa aurreikusten genuena baino konplexuagoa eta luzeagoa izan da. Kosten nahitaezko txosten bat behar genuen, baina atzeratu egin da eta iritsi da azkenean. Orain, alegazioen fasea amaituta eta txosten guztiak alde ditugula, azkenean bidegorriaren eraikuntza onartu dugu obrak lizitaziora ateratzeko”.

 

Bidegorri berriak 1.438.981,92 euroko aurrekontua du. 4 metro zabal izango denez, bi errepideen aldeak zabaldu beharko dira eta inguruan dauden erreka txikiak gainditu. Eraikuntza-lanak 2018ko lehen lauhilekoan hasiko dira eta 6 hileko gauzatze-epea izango dute.

 

Bidegorria mugaz haraindiko Ederbidea proiektuaren barruan dago. Guztira 9,4 milioi euroko aurrekontua du eta finantzaketaren % 65 Europako EGEF funtsen bidez.

 

Ederbidea programaren barnean daude Gipuzkoako Aldundia, Nafarroako Gobernua eta Pirinio Atlantikoen Departamentua, baita udalak eta zenbait erakunde ere. Datorren azaroaren 30ean Gipuzkoako Merkataritza Ganberan mugikortasun iraunkorrari buruz egingo den mugaz haraindiko jardunaldi baten argumentua izango da programa.

 

Ederbidearen helburua da bizikletaren erabilera erraztea eta indartzea aisialdiaren edo turismoaren aldetik zein eguneroko joan-etorrietan”, adierazi du Marisol Garmendiak. “Helburu horren gauzatze nagusia Baiona-Donostia-Iruñea bizikleta-bideen bidez lotzea da, 240 kilometroko ibilbide batekin, eta horietako gehienak eraikita daude. Proiektu garrantzitsua da, beste bi lurralderekin partekatzen duguna: Nafarroarekin eta Akitaniarekin, eta elkarlan handi eta aberasgarria da bizikletaren erabileraren eta mugaz haraindiko mugikortasun iraunkorraren alde”.

 

Mugaz Haraindiko I. Jardunaldia Gipuzkoako Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendiak irekiko du, eta bertan hartuko dute parte Ederbidea proiektuko arduradunek, mugikortasuneko adituek, Alsaziako mugaz haraindiko ibilbideen ordezkari batek, arkitektoek eta beste hizlari batzuek, bizikleta-bideak udalerrien ordenantzetan integratzeaz hitz egiteko.

 

Ehunen bat pertsonak eman dute izena jardunaldi horretara joateko. Izen-ematea doakoa da eta parte-hartzea irekia interesdun guztientzat.



comments powered by Disqus