Atzealdea

Bizikletaren Kontseiluak bilera egin du 2016an zehar egin beharreko proposamenak aztertzeko

Bileran aztertu dute zer ekintza egin daitezkeen eremu hauetan: turismoa eta aisialdia, hezkuntza eta gaikuntza, eta komunikazioa eta herritarren kontzientziazioa.

Bizikletaren Kontseilua, zeina zuzentzen duen Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak, elkartu da, bizikleta eta horrek beste arlo batzuekin dituen harremanak bultzatzeko hainbat proposamen aztertzearren. Gipuzkoako Foru Aldundiak hogei bat proposamen aurkeztu ditu Kontseiluak aztertzeko, eta gainerako kontseilukideei eskatu die ekar ditzatela beren proposamenak, denak aztertu eta lantaldeak sortzeko ekintza desberdinak bultzatzearren, zeinetan bizikleta lotuko den turismoarekin eta aisialdiarekin, hezkuntzarekin eta gaikuntzarekin, eta komunikazioarekin eta herritarren kontzientziaziorekin.

Nabarmentzekoa da bileran parte hartu duela –mahaiburu izan den Garmendia diputatuak eta Mugikortasun zuzendari Iñaki Pregok ez ezik– Turismo zuzendari Maite Cruzadok ere, aztertzeko ea aurrera ematen daitekeen lankidetza bat, bizikletaren erabileraren eta turismoaren arteko loturak indartuko dituena.

Marisol Garmendiak adierazi duenez «mugikortasun jasangarria errealitate bat izan dadin eta gure lurraldean hazten jarrai dezan, lankidetzan aritu behar gara beste departamentu batzuekin, eta hainbat ekimen eraman behar ditugu aurrera, aukera emango dutenak bizikletaren erabilera turismoarekin edo hezkuntzarekin loturiko politiketan txertatzeko; horrela, gertuago egongo gara bizikletaren erabilera gipuzkoarren eguneroko bizimoduan benetan integratzetik, eta, gainera, sustatuko dugu bisitatzen gaituztenek ere hura erabil dezaten».

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu dituen ekimenen artean, nabarmentzekoak dira hauek: informazioa eskaintzea interes turistikoko puntuetan eta turismo establezimenduetan, bizikletarekin egin daitezkeen ibilbideen, bizikleta bideen eta leku interesgarrien gaineko liburuxka eta mapen bidez. informazioa eskaintzea inguruan kokatuta dauden bizikletak konpontzeko tokiei, ordezkoen dendei eta bizikletaren erabilerarekin osagarri izan daitezkeen garraio zerbitzuei buruz –esate baterako, anekak edo baita bizikletak ere garraiatzen dituzten taxiei buruz–; bizikleten aparkalekuak hornitzea horrelakorik ez duten turismo establezimenduei; eta paretan eta zoruan bizikletentzat euskarriak jartzea (mugikorrak), haiek gordetzen diren lekuetan.

Era berean, asmoa da bizikletaren erabileran oinarritutako turismo produktuak sortzea bultzatzea; horretarako, lagundu egingo da, erakunde publiko zein pribatuen lankidetzarekin, turismo esperientzia berritzaileak sortzea (inguru naturalaren eta ondare kulturalaren eta gastronomikoaren ezagutza bezalako eremuetan edo hemengo elikadura sistema produktibo osasungarriaren eremuan), bizikletaren erabileraren, Gipuzkoako bizikleta azpiegituren, aterpetxeen foru sarearen eta ostalaritzako beste instalazio batzuen bidez.

Azkenik, lortu nahi den beste xedeetako bat da informazioa hobetzea eta Gipuzkoako bizikleta bideen sarearen gainean herritarrek duten ezagutza maila handitzea; horretarako, Gipuzkoako bizikleta bideen sarearen erabilera ezagutzera emateko eta sustatzeko ekintzak bideratutako dira, banakako, familiako, eskolako eta elkarteko aisialdi jarduerak egiteko, adibidez, taldeetan bisita gidatuak antolatuta. Bestalde, aztertuko da bizikleta bideen alboan turismo informazio panelak jartzea, herrietako sarreretan.

Hori guztia, aztertu eta abian jarriko da ekintza desberdinen bidez, eta Mugikortasuneko eta Turismo departamentuen laguntza izango dute; elkarlan horrek online bidezko lankidetza ere izango du, oihartzun eta hedadura handiagoa izate aldera. Hori ez da departamentuarteko ahalegin baten hasiera besterik, bere nahia baita bizikletaren erabilerari bultzada ematea gure lurraldean, eta haren erabilera integratzea Gipuzkoako turismo politiketan.



comments powered by Disqus