Atzealdea

DONOSTIA 2016: "Bizikletaz adinik ez" nazioarteko ekimena Donostiara ekarriko du Energia-olatuen diru-laguntza jaso duen proiektuetako batek

Martxo-apirileko deialdiko 20.160 euro jaso ditu Kalapieren proposamenak, eta adinekoei zein aniztasun funtzionala duten pertsonei trizikloan ibilaldiak egiteko aukera emango die.

Atzo ebatzitako gainerako bost laguntzak, 2.016 eurokoak, honako proiektuentzako izan dira: Txanpoeneako iturria berreskuratzea; Donostia Kriterium 2016 egitasmoa; surfa, gizarteratzea eta ingurumenaren aldeko kontzientziazioa uztartuko dituen ekimena; L'esSence de l'Europe proiektua eta Abarketaren museoa.

Donostia 2016ren Energia-olatuak programaren baitan, Ardora herritarren batzordeak aukeratu berri ditu 20.160 euroko martxo-apirileko deialdian eta 2.016 euroko apirilekoetan diruz-laguntzeko proiektuak. Energia-olatuak programaren helburua da herritarren eta irabazi asmorik gabeko elkarteen kultur proposamenak sustatzea, eta aukeraketaz ausaz hautatako donostiarrek osatzen duten Ardora batzordea arduratzen da.

20.160 euroko diru-laguntza bi hilean behin banatzen da, eta oraingoan eskuzabaltasunezko egitasmo baten alde egin du Ardorak: Bizikletaz adinik ez. Kalapie elkarteak aurkeztutako ekimen honek hainbat ekintza biltzen ditu, eta pertsona nagusiei zein aniztasun funtzionala duten pertsonei aukera emango die Donostiatik trizikloan doan ibiltzeko.

2013. urtean Kopenhagen sortu zen Cycling Without Age (CWA) programa da Bizikletaz adinik ez ekimenaren jatorria. Egun, proiektu berdintsuak daude abian munduko 200 hiri baino gehiagotan. Egitasmoari datorren hiletan ekitea da sustatzaileen helburua, eta urte amaierarako trizikloak ia egunero erabiltzea.


2.016 euro jasoko dituzten bost proiektuak

Aipatutako proiektuaz gain, beste bost proiektuk jasoko dute 2.016 euroko diru-laguntza. Proposamen onuradunak honakoak dira:

Donostiako urak, Txanpoeneako iturria

Iturri-aska baten berreskurapena gauzatzeko asmoa dauka Iñigo Etxabe Goenagak, hain zuzen ere, Amarako San Roke kaleko Txanpoenea baserrian kokatuta dagoenarena. 1940 arte erabilia izan zen Etxabetarren eta euren abereen ur beharrizanak asetzeko. Ekimenaren sustatzailearen asmoa da amaratarrek auzolanaren bitartez burutzea berreskurapen lanak. Iturri-aska Arbaineneako parkearen barruan geldituko da; hala, bisitariek aukera izango dute Donostiaren ondare historiko-kulturalaren elementu hau ezagutzeko. Garai batean, inguru honetako 60 iturrik orduko hiria urez hornitzen zuten.
 

Donostia Kriterium 2016

Pinoi finkoko txirrindularitza-diziplina, fixed gisa ezagutzen dena, gero eta gehiago ikusten da hirietan. Hiribira elkartearen «Donostia Kriterium 2016» proiektuak, hiria modalitate honetara gerturatu nahi du ikuspegi desberdinetatik, komunitate bat sortzeko asmoz. Proposamen honen helburuak hauek dira: dokumentalak ematea, solasaldiak eta hainbat lasterketa-modalitate eskaintzea, eta 80ko hamarkadan Donostiako Klasikoaren bezperan egiten zen Kriteriuma berreskuratzea. Hori dela eta, hiri-txirrindularitza interesatzen zaien pertsona guztiei luzatzen diete ekimenarekin bat egiteko gonbita.
 

Surfa, gizarteratzea eta ingurumenaren aldeko kontzientziazioa

Patris Surf klubean kirola eta bizitza osasungarriaren ohiturak lantzen dituzte indibidualki eta taldean, baita ingurumenarekiko errespetua eta zaintza, eta Gipuzkoa osoko kolektibo ahulen integrazioa ere. Patris Surf klubak kirol-praktika eta praktika ludikoa eskaintzeko proiektua gauzatuko du, kirola bitarteko inklusibo moduan eta osasuna eta ingurumenaren inguruko balioak jorratzeko. Jarduera hauetan aritzeko zailtasunak dituzten kolektiboei zuzenduko zaizkie, esaterako, adingabeak, aniztasun funtzionala duten pertsonak eta gizarte-bazterketako arriskuan daudenak.


L'esSence de l'Europe

L'EsSence de l'Europe Bordeleko ikasle talde baten proiektua da, Eurofeel elkartearen baitan garatutakoa. Europako kultura eta zentzumenak batuz, kontinentearen aniztasun aberatsa eta nortasun komuna agerian uzteko erakusketa parte-hartzailea antolatzean datza ekimenak. Kultura-jardueren bitartez, herritarrak lehiatu egingo dira eta onenak sarituko ditu.
 

Abarketaren museoa

Iñaki Arruti Fernandezen ekimena da Abarketaren museoa. Museoak topagune izan nahi du eta ondarearen berri eman. Bertan, makinen eta argazki zaharren bidez, abarketa tradizionalaren osaera ezberdinak eta prozesua erakutsi, jute izeneko landarea denetik abarketa amaituta dagoen arte.


Proiektu gehiago jasotzeko deialdia

Maiatzaren 1etik 31ra herritarrek eta irabazi asmorik gabeko elkarteek irekita daukate Energia-olatuak ekimenaren diru-laguntza lortzeko proposamenak bidaltzeko epea. Komeni da gogoraraztea proiektuak nahi adina aldiz aurkez daitezkeela; hilabete batean proiektua hautatua izan ez bada, hurrengo hilabeteko deialdian berriz bidal daiteke.

Ardorakideak maiatzaren erdialdean elkartuko dira berriz apirilean jasotako proiektuen artean hautatzeko.

Informazio guztia energiaolatuak.dss2016.eu web-orrian dago eskuragarri.



comments powered by Disqus