Atzealdea

DONOSTIA: Pío XII bizikletekin lotura duen gunean bihurtuko da

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Pio XII inguruko birsortze-proiektua.



Pio XII-ko autobus geltoki zaharra autobusak hartzeari utzi eta bizikletak hartzera pasako da. Donostiako alkate Eneko Goiak aditzera eman du Tokiko Gobernu Btzordeak onartu duela Pio XII inguruko birsortze-proiektua. Proiektua Isuuru Arquitectos S.L. enpresak idatzi du, 196.404,18 euroko aurrekontua du, eta lanak urte amaieran 
hasiko dira.

Goiak azaldu du, autobus geltoki zaharra parke batean bihurtuko dela, hain zuzen ere, jolasteko gune bat eta bizikletentzako gaitasuna ikasteko zirkuito bat izango duen parkean. Gainera, bizikletan ibiltzen trebeak direnentzako hainbat oztopoz osatutako gunea jarriko da.

Era berean, Donostiako alkateak honakoa esan du: “Proiektuak oinezkoei ere protagonismoa ematen die. Izan ere, Cortazar Arkitektuaren kalean, hau da, Amara Plaza Hoteletik gertuen dagoen gunean, oinezkoentzako gunea egongo da eta, bertan, hainbat eserleku jarriko dira altuera ezberdinetan. Eta eskerleku horiei itzala emateko hainbat zuhaitz landatuko dira.
 

Bizikletentzako aparkalekua eta merkantziak banatzeko zentroa


Pio XII-ak, halaber, bizikletentzako aparkalekua eta merkantziak banatzeko zentro bat – mikrokonsolidazio zentroa deritzona – izango ditu. Horren harian, Eneko Goiak gaineratu du, bizikletentzako aparkalekua estalia izango dela, lur-azpiko aparkalekuaren irteeraren ondoan egongo dela, eta autobus geltokian dagoenaren antzera funtzionatuko duela.

Merkantziak banatzeko zentroari buruz, Goiak segidakoa azpimarratu du: “Zentroa egun nasak hasten diren tokian egongo da eta esperientzia pilotoa izango da. Horri esker, bizikletan merkantziak banatzeko aukera aztertuko da”.
 


Proiektuak Europako Batasunaren laguntza du eta Amarako jatetxe, taberna eta dendetako merkantzien banaketarekin probatuko da. Furgonetak zentrora iritsiko dira, merkantziak utziko dituzte eta Txitek amaituko dute banaketa. Behin esperientzia honen emaitzak ikusita – hain zuzen ere, furgonetak erdigunera sartzea ekidingo duen esperientzia –, hiriko beste hainbat auzotan ezartzea aztertuko da.
 
 


comments powered by Disqus