Atzealdea

Eibarren Azitain-Maltzaga bidegorriaren proiektua ezagutzera eman dute Itzulia iristean

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentua armaginen herriari eman zaio txirrindularitza-lasterketa iristearekin bat, Eibar eta Elgoibar arteko bizikleta eta oinezkoen konexioa osatuko duen bidegorriaren proiektua herritarrei azaltzeko

Marisol Garmendia: “Defizit historiko bat aseko dugu, Eibarko herritarren irrika, bizikletaren erabilerari bultzada irmoa emango dion bidegorria. Eta nola azaldu hobeto Eibarko herritarrei Itzulia bertatik igarotzen dela baliatuta baino”.

 

Marisol Garmendia sozialistak zuzentzen duen Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak informazio-stand bat jarriko du Untzaga plazan, Eibar Elgoibarrekin lotzen duen bizikleta eta oinezkoen bide-zatia osatuko duen Azitain-Maltzaga bidegorriaren berri emateko. Itzulia Eibarrera iritsiko dela baliatuta, stand hori txirrindularitza-lasterketaren podiumaren ondoan egongo da eta ostiral arratsaldean eta larunbat goizean emango zaie herritarrei bidegorriaren proiektuari buruzko informazioa. Pantaila batean bidegorri-zatiari buruzko azalpenak emateko bideo bat proiektatuko da eta standera hurbiltzen den jendeari sor dakizkiokeen zalantzak argituko dizkion pertsona bat ere izango da bertan. Azalpen-liburuxkak ere jendearen eskueran egongo dira.

 

Marisol Garmendia diputatua ostiral arratsaldean pasatuko da standetik Eibarko alkate Miguel de los Toyosekin eta Itzuliaren antolakuntzako zenbait kiderekin batera. Gero erregulartasunaren sailkapeneko maillota jarriko dio txirrindulariari Untzaga plazan kokatutako podiumean. Garmendiak adierazi duenez, “Itzulia Eibarrera iristeak aukera paregabea eskaintzen zigun sozializatzeko eta herritarrei azaltzeko Eibarko eta Debabarrena osoko herritarren beharra eta irrika historikoa asetzen duen bidegorriaren proiektua. Azpiegitura honek Eibar eta Elgoibar arteko bizikleta eta oinezkoen konexioa osatzeko aukera emango du, eta, hartara, mugikortasun jasangarria eta osasungarria sustatuko du eta bultzada irmoa emango dio bizikletaren erabilerari, hain zuzen ere, historikoki bizikletarekin oso lotura estua izan duen Eibar bezalako hiri batean eta eskualde osoan”.

 

Itzuliak eta antolatzaileek babesa eman diote bidegorriaren proiektu honi eta herritarren artean mugikortasun jasangarria eta osasungarria sustatzeari. Horrexegatik, stand hau jartzen lagundu eta erraztasunak eman dizkigute, eta bertara hurbildu dira proiektua ezagutzera. Itzuliak Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin lankidetzan dihardu bizikleta kirolean erabiltzea ez ezik eguneroko bizitzan erabiltzea ere sustatzeko.

 

Untzaga plazako standean bidegorri hori abian jartzeari buruzko xehetasunak emango dira. Bidegorria oso konplexutasun tekniko handikoa da, ibilbidearen orografia eta gainditu behar dituen bide- eta trenbide-azpiegiturak direla eta. Gainera, orain arte heldu ez zaion Eibarko herritarren eskakizun historiko bati erantzuten dio. Bidegorri berriak behin betiko lotuko du Eibar-Maltzaga-Elgoibar ardatza, eskualdeko herritarrek urte askotan zehar gogoz eskatu duten ibilbidea. Helburua da 5,1 milioi euroko aurrekontua duten obrak 2018. urte honetan bertan hasi ahal izatea eta, aurreikuspenak betetzen badira, bidegorria 2019. urtearen amaiera alderako amaituta egotea.

 

Bide-zati horrek Eibarko Barrena kalea gaur egun zerbitzuan dagoen bizikleta eta oinezkoen bidearekin lotuko du, Elgoibartik abiatu eta gaur egun Maltzagan amaitzen denarekin. Horrela, ibilbide horri jarraipena emango zaio eta Eibar-Elgoibar ardatza osatuko da, oso luzea ez bada ere —bi kilometro eskas—, eraikuntza zailtzen duten soluzio tekniko eta administrazio-tramitazio korapilatsuak eskatzen dituen proiektu batean.

 

Orografiaren eta dauden azpiegituren ondorioz, oso erronka korapilatsua da Eibar-Maltzaga bide-zatia. Zenbait aukera aztertu ondoren, ibilbidearen lekurik korapilatsuenean —Euskotrenen trenbide-trazaduraren parean— % 6ko malda izango duen pasabide bat edukiko duen aukera hautatu da.

 

Guztira, bidegorriak 5 pasabide izango ditu, horietako bi 80 metro baino luzeagoak. Alde batetik Ego ibaia zeharkatuko dute eta bestetik Deba ibaia eta GI-627 errepidea. Bide-zatiak bi kilometroko luzera izango du gutxi gorabehera eta 3 bat metroko zabalera ia ibilbide osoan. Bizikletak eta oinezkoak bertatik erosotasun osoz ibiltzeko behar adina espazio izango du beraz.

 



comments powered by Disqus