Atzealdea

GIPUZKOA EUROPAKO ZIKLISTENTZAKO HIRI ETA ESKUALDEEN SAREKO KIDE DA JADA

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru-diputatu Marisol Garmendia sozialista ECFko (European Cyclists’ Federation) ordezkariekin bildu da, eta bizikleta garraiobide jasangarri eta osasungarri gisa garatzeko informazioaren eta programen berri eman diote elkarri.

ECFk bultzatzen duen “Cities and Regions for Cyclists”-eko (Ziklistentzako hiri eta eskualdeen sarea) Niccolo Panozzorekin eta Jesús Freirerekin bildu da Garmendia. Hark azpimarratu du oso garrantzitsua dela Gipuzkoa lehen aldiz bizikletaren kulturaren eta erabileraren aldeko nazioarteko sare horren parte izatea. “Lurralde aitzindaria eta erreferentziazkoa gara bizikleta bultzatzen eta bizikleta-bideak eta oinezkoentzako bideak egiten, mugikortasun jasangarria eta osasungarria sustatzeko. Ziklistentzako hiri eta eskualdeen sarearen parte izatea aukera ezin hobea da Europan ongi kokatzeko, herrialderik aurreratuenetako esperientzia eta jardunbide egokiekin ikasteko eta Gipuzkoan egina dugun bidean udalekin, ziklisten elkarteekin eta sektoreko agenteekin aurrera egiteko”.

Europako Ziklisten Federazioa Europa osoko estatuetako 60 ziklismo-erakundez osatuta dago, eta hiri-mugikortasunean bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko helburua dute denek. Sare horren barruan, bizikleta bidezko mugikortasunaren arloan liderrak diren hiriak eta eskualdeak daude, hala nola Kopenhage, Viena, Munich, Stockholm eta Helsinki. Sarea Europako ziklismoaren lobby nagusia da, eta EuroVelo izeneko Europa barneko bizikleta-ibilbideen sarea bultzatu du (Gipuzkoako Foru Aldundiak sare horretan ere parte hartzen du).

“ECFko ordezkariei Aldundian landu ditugun proiektuak azaldu dizkiegu, hala nola Gipuzkoako bizikleta-bideen sarea, udalei tokiko bidegorriak egiteko emandako laguntzak eta bizikletaren erabilera sustatzeko kanpainak, aisiarako ez ezik, lanera, ikastetxera edo erosketak egitera joateko eguneroko aukera baliagarri eta osasungarri gisa ere bai”, adierazi du Marisol Garmendia diputatuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek, bestalde, Baiona eta Iruñea bizikleta-bideen bidez lotuko dituen Ederbidea mugaz gaindiko sarea gauzatzeko egiten ari diren urratsak azaldu dituzte. Proiektu horren barruan, Amute auzoaren eta Bidasoa Ospitaleko biribilgunearen arteko bidegorriaren obrak hasiko dira aurki. Obra horiek 1.438.981 euroko aurrekontuarekin esleitu dira. Hain zuzen ere, ostegun honetan Ederbidea programari buruzko jardunaldi bat egingo da Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan, eta programa horretan inplikatutako erakundeetako ordezkariek hartuko dute parte.

Marisol Garmendiaren eta Europako Ziklisten Federazioko ordezkarien arteko topaketan, Foru Aldundiak ziklistentzako hiri eta eskualdeen sarearekin (“Cities and Region for Cyclists”) duen atxikimendua sinatu da.



comments powered by Disqus