Atzealdea

Gipuzkoak bat egin du mugikortasun iraunkorraren europar astearekin, BidegorriFest jaialdiaren bidez

Jaialdia Tolosaldean egingo da irailaren 18an eta familia osoarentzako aisialdi-jarduerak izango dira goizean hasita, Ikaztegietatik eta Asteasutik Tolosaraino joango den bizikleta-ibilaldi batekin

Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu Saileko diputatu Marisol Garmendiak gaur goizean aurkeztu du Tolosaldea Garatzen-eko ordezkariekin batera Tolosaldean irailaren 18an egingo den BidegorriFest jaialdia, mugikortasun iraunkorraren europar astea dela eta.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak eta Tolosaldea Garatzenek Tolosaldeko Udalekin lankidetzan antolatutako BidegorriFest jaialdiaren helburua da garraio iraunkorraren aldeko sentsibilizazioa sustatzea eta Gipuzkoan bizikletaren erabilera eta oinezkoen joan-etorriak bultzatzea eta, gainera, kutsadura murriztea eta lurraldeko herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea.

Horretarako, BidegorriFesten zenbait jarduera izango dira egun osoan, 10:30ean hasita, Ikaztegietatik eta Asteasutik irten eta eskualdeko hainbat herri zeharkatuko dituen bizikleta-ibilaldi batekin. Bi ibilaldiak Intujai taldeak girotuko ditu eta Tolosan amaituko dira, eta parte-hartzaileei otordu txiki bat emango zaie han. Ibilaldia amaitutakoan, hurbiltzen diren parte-hartzaile guztiek familia osoarentzako jarduerak izango dituzte: puzgarriak, jumping-a, pedaletako kart-pistak, zurezko jolasak, Tolosako patinatzaile taldearen erakustaldia eta Parktour tailerra, bazkaltzeko musika-animazioa izango duen espazio batez gain.

Marisol Garmendiaren hitzetan, “Bizikleta garraiobide osasungarri gisa erabiltzea balioetsi eta sustatu behar dugu, eta ez dago modu hoberik hori egiteko garraiobide hau Gipuzkoa osora hurbildu nahi dugun festa-giro honetan baino. BidegorriFest aukera handia da bizikletaren erabilerari bultzada emateko; izan ere, orainaren zati izateaz gain, mugikortasunaren etorkizunaren zati ere bada”.

BidegorriFest Bizikletaren Kontseiluaren proposamenen jardueren barruan dago, bultzada emateko mugikortasun iraunkorrari, kulturari, bizikletaren erabilerari eta hura Gipuzkoako turismo-baliabide gisa garatzeari.

Bidegorri-tartea Anoeta eta Tolosa artean

Gainera, erabilgarri izango da Anoeta eta Tolosa artean eraiki den azken bidegorri-tartea. 2015ean zehar, Mugikortasun Sailak 5 bidegorri-tarte jarri ditu abian, eta beste bi 2016an, lagungarri direnak garraio motordunak sortutako ingurumen-inpaktua murrizteko eta bizikletaren erabilera garraio iraunkor gisa sustatzeko, bai eguneroko joan-etorrietarako, bai aisialdirako edo kirolerako.

Horrela, Gipuzkoako Aldundiak informazio-stand bat jarriko du jaialdira hurbilduko diren guztien esku, foru-bidegorrien sareari eta lurraldeko mugikortasunari buruz informazioa eskura dezaten.



comments powered by Disqus