Atzealdea

Gipuzkoako Foru Aldundia oinezkoen eta bizikleten mugikortasuneko udal-ordenantzak hobetzearen alde

Horretarako, Mugikortasun Departamentuak lan-jardunaldi bat antolatu du –ekimen aitzindaria Euskal Autonomia Erkidegoan–. Jardunaldi horren bitartez gida bat osatuko da, Gipuzkoako udalek euren ordenantzak gaur egungo beharretara egokitzeko edo behar berriak sortzeko, garraio iraunkorraren arloan dagoen eskaera soziala eta teknikoa kontuan hartuz.

Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuko diputatu sozialistak aurreko asteazkenean, urriak 19, hasiera eman zion oinezkoen eta bizikleten mugikortasuneko udal-ordenantzei buruzko lan-jardunaldiari. Bertan, Aldundiak idatzitako oinarrizko dokumentua eztabaidatu eta aztertu zen. Dokumentuaren helburua hauxe da: Gipuzkoako udalerrietan dauden oinezkoen eta bizikleten mugikortasuneko udal-ordenantzak hobetzea eta orekatzea, eta beste ordenantza batzuk osatzen laguntzea eta sustatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ekimen hau aitzindari da Euskal Autonomia Erkidegoan. Bertan, probintzia osoko herrietako teknikariek eta arduradunek, eta Gipuzkoa osoko mugikortasun iraunkorrarekin lotutako agenteek –Donostia, Errenteria, Irun, Legazpi, Leintz-Gatzaga, Tolosa eta Zarauzkoak barne, arlo honetan erregulazio motaren bat dutelako– hartuko dute parte. Ekimena mugikortasun iraunkorreko politiken alde eta, zehazki, bizikleta-mugikortasuneko politiken alde Departamentuak egindako apustuen barne kokatzen da. Halaber, Bizikletaren Kontseiluan ere aztertu dira gai hauek.

Orain arte, pertsonen eta ibilgailuen zirkulazioari lotutako udal-ordenantza gehienak bide publikoen erabilera arautzera bideratu dira, automobilari protagonismoa emanez. Mugikortasun iraunkorreko politikak bultzatzearekin batera, oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak gehitu egin dira, baita oinezkoei, txirrindulariei, mugikortasun murriztuko pertsonei eta garraio publikoari arreta publiko handiagoa emateko gizartearen eskaria ere. Plan honen barne ere sartzen da oinezkoen eta txirrindularien ikuspegiak eta trafikoa murrizteko irizpideak erantsiko dituen ordenantza eredugarri bat osatzea.

Marisol Garmendiaren hitzetan, “departamentu honetatik udalerri bakoitzak bizikletaren erabiltzaileen beharrei eta eskaerei erantzuteko araudi bat izan dezan lagundu nahi dugu. Administrazio publikoak erantzuna eman beharreko eskaera soziala zein teknikoa daude. Horregatik, oinarrizko testu baten inguruan eztabaidatu nahi izan dugu, gaur egungo errealitatera eta udalerri bakoitzaren ezaugarri propioetara egokitutako araudi bat ezartzen laguntzeko eta errazteko”.

Dokumentu hau eta jardunaldian zehar egiten diren ekarpenak ondoren osatuko den testurako oinarriak izango dira. Testu berri horrek Gipuzkoan gaur egun dauden ordenantzak hobetzen lagunduko du.


 



comments powered by Disqus