Atzealdea

Mugikortasunak kilometro gehiago bidegorri sortuko ditu Gipuzkoarentzat mugaz gaindiko Ederbidea proiektuarekin

Proiektuak, Nafarroako, Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako mugaz gaindiko lurraldeetako 12 bazkideen ahaleginak batzen dituenak, zenbait jarduketa-esparru izango ditu ardatz 2016-2019 aldian bizikletaren erabilera sustatzeko.

Mugikortasuneko diputatuak Ederbidearen garrantzia nabarmendu du: “lurraldeak eta pertsonak hurbiltzen dituen proiektu bat da, Europako hiritarrak indartzeko aukera ematen duena”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu Saileko diputatu Marisol Garmendiak ostegunean hartu zuen parte Baionan EDERBIDEA proiektuaren aurkezpenean. Europar lankidetza-proiektu bat da, non Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pirinio Atlantikoetako Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak, Imotz eta Biarritzeko, Donibane Lohizuneko, Hendaiako eta Irungo Udalarekin, Sud Pays Basque Aglomerazioa komunitatearekin, Baztan Bidasoa Turismo Elkargoarekin, Cerdena Garalur elkartearekin eta Plazaola Partzuergo Turistikoarekin batera indarrak batuko dituzten Gipuzkoak, Nafarroak eta Pirinioek osatzen dituzten mugaz gaindiko lurraldeetan bizikleta bidezko garraio iraunkorra garatzeko eta sustatzeko.

EDERBIDEA proiektuaren helburua da politika komun bat abian jartzea, bizikletaren erabilera indartuko duena erabilera turistikoan zein eguneroko erabileran. Mugikortasunarekin, ekonomia berdearekin eta turismo iraunkorrarekin lotutako jarduera ekonomikoak garatzeko aukera bat.

Marisol Garmendiaren adierazpenetan, “Mugaz gaindiko proiektu honek garrantzi handia du, ez finantzaketa europarra duelako soilik, baizik mugaz gaindiko proiektu bat delako, lurraldeak eta pertsonak hurbiltzen dituena, une aztoratu hauetan Europako hiritarrak indartzeko aukera ematen duena eta mugaz gaindiko turismoa modu iraunkor eta eraginkorrean sustatzen duena. Horregatik, Gipuzkoatik, urte honetatik aurrera, 2019rako amaituta egongo den bizikleta eta oinezkoentzako tarte berri hau jarriko dugu abian”.

Erronka horiei erantzuteko, Gipuzkoako Aldundiak Bidasoko Ospitalea eta Amuteko auzoa konektatuko dituen bizikleta eta oinezkoentzako bide-tarte bat jarriko du abian, Errenteriako eta Irungo herriak lotzen dituen bizikleta eta oinezkoen ardatzaren zati gisa. Bizikleta eta oinezkoentzako bide horrek 1.385 metroko trazadura izango du Bidasoaldeko biribilgunearen eta Amuteko auzoaren artean, errepidearekin paraleloan eta haren ondoan. Beste ezaugarri batzuen artean, bidea 4 metro zabal izango da eta egiturak izango ditu hor dauden erreka txikiak zeharkatzeko.

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean jasotako tarte hau gauzatuta, Mugikortasun Sailak legealdi honetarako Gipuzkoako lurraldea antolatzearen alde ezarritako lan-ildoekin jarraitzen du, bizikleta bidezko mugikortasuna garatzeko azpiegitura- eta baliabide-sare bat sortuta; eta aurrera egiten ari da 2015etik Gipuzkoako Bizikleta Bideen Foru Sarean tarte berriak gehituta, garraio motordun pribatuak sortutako ingurumen-inpaktua murrizteko lagungarriak direnak. Horrela, nabarmentzekoak dira 2015ean gehitu ziren bost tarte berriak eta aurten trazatu diren bi tarteak, gaurtik aurrera tarte berria izango dutenak.



comments powered by Disqus