Atzealdea

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak babesa eman dio Europako Bizikleta Estrategiari

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bat egin du Europako Batzordeak bizikleta garraiobide gisa bultzatzeko estrategia bat definitzeko eskaerarekin.

Hiri-mugikortasunerako bizikleta erabiltzea sustatzen duten esparru nazionaleko 55 erakunde biltzen dituen Europako Txirrindularien Federazioak (ECF) abian jarri duen ekimen horrekin dagoeneko Europako hainbat erakundek egin dute bat, xede honekin: Europako Batzordeari eskatzea, bere eskumenen esparruan, eguneroko txirrindularitza bultzatzeko Europako estrategia presta dezan. Horrek, erabilera areagotu ez ezik, oso onura sozioekonomiko garrantzitsuak ekarriko lituzke.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du garraiobide hori sustatzeko Europako apustu horrekin. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko foru diputatu Marisol Garmendiaren hitzetan, “Gipuzkoan bultzatu ditugun lurraldeko mugikortasun jasangarriko politikei esker, oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak areagotzea eta gizarte-kontzientzia sortzea lortu dugu. Baina lanean jarraitu beharra dago, eta funtsezkoa da indarrak batzea Europa bizikletazalea eta jasangarriagoa sortzeko, Europako lurralde guztietan bizikleta garraio gisa erabiltzea sustatuko bada”.

Eskaera hori jendaurrean aurkeztuko zaio Europako Batzordeari, ekainean egitekoa den Velo-city 2017 biltzarra dela-eta. Haren eskumenekoak diren proposamenak eta ekintzak jasoko ditu eta inspirazio-adibide izan nahi du Europan bizikleta garraiobide jasangarri gisa sustatuko duten ekintzak abian jartzeko.

Ederbidea

Europako Bizikleta Estrategia ez da garraiobide hori sustatzeko asmoz Gipuzkoako Foru Aldundiaren atxikimendua izan duen proiektu bakarra.

Joan den irailean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pirinio Atlantikoen Departamenduak eta Nafarroako Gobernuak, Imotz, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Irungo udalekin, Sud Pays Basque Aglomerazioko erkidegoarekin, Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoarekin, Cederna Garalur Elkartearekin eta Plazaola Partzuergo Turistikoarekin batera, EDERBIDEA proiektuan indarrak batzeko asmoa iragarri zuten, Gipuzkoak, Nafarroak eta Pirinio Atlantikoek osatzen duten mugaz gaindiko lurraldean bizikleta bidezko garraioa garatzeko eta sustatzeko.

EDERBIDEA proiektuaren helburua da bizikletaren eguneroko erabilera zein erabilera turistikoa bultzatuko duen politika erkidea abian jartzea.

Mugikortasunarekin, ekonomia berdearekin eta turismo jasangarriarekin erlazionatutako jarduera ekonomikoak garatzeko aukera paregabea.



comments powered by Disqus