Txirrindularientzako zenbait aholku

  • Aukera ezazu ibilbide ziurra. Ibilbide ziurrenak hauta itzazu, hala nola, bizikleta-errei edo bidegorriak, trafiko gutxi duten kaleak, eta abar.
  • Utz ezazu zentzuzko distantzia espaloiraino eta aparkatuta dauden autoetaraino. Saia zaitez bizikleta-erreiak erabiltzen eta errespeta itzazu seinaleak. Eskuineko erreia ziurragoa izaten da. Bestalde, gomendagarria da zure eta gainerako ibilgailuen artean zentzuzko distantzia uztea.
  • Adieraz ezazu egin nahi duzun edozein maniobra; egin ezazu mugimendu hori astiro eta ziurtatu ikusiko zaituztela.
  • Ideia ona da oinezkoentzako pasabideak erabiltzea noranzkoa aldatzeko.
  • Saia zaitez une oro ikusgarri egoten. Funtsezkoa da besteek zu ikustea, segurtasunez zirkulatzeko eta edozein istripu saihesteko. Gauez erabil itzazu argi egokiak eta jantzi islatzaileak, zure kokalekua adierazteko. Erabili txirrina, beharrezkoa dela uste baduzu.
  • Ez ibili ikusezina zaren angeluetan, gidariaren ikusangelutik kanpo, alegia.
  • Hartu iezaiozu aurre, une oro, gerta daitekeenari.
  • Kontuan hartu zer bizikleta mota erabili behar duzun, ibiltzeko aukeratu duzun lekuaren arabera (mendiko bizikleta, hiriko bizikleta hibridoa, lasterketa-bizikleta, eta abar).
  • Manten ezazu bizikleta beti prest. Garrantzitsua da bizikleta egoera onean egotea (galgak, gurpilak, kableak, heldulekuak, eta abar); era horretan, gure segurtasuna bermatuko dugu, lesioak saihestuko ditugu eta errendimendua optimizatuko dugu.
  • Errespeta itzazu oinezkoak. Gogora ezazu eurek dutela lehentasuna eta, beraz, moteldu abiadura eta ez gidatu era zakarrean, inor ez ikaratzeko.
  • Eskulekuari esku batez gutxienez heldu behar diozu; ez askatu heldulekua, arriskutsua izan liteke eta.
  • Bizikletaz ibiltzen zarenean ez erabili entzungailurik, entzumena funtsezko zentzumena baita adi gidatzeko eta, gainera, legediak debekatuta dago entzungailuak eramatea.
  • Errepidean ibiltzen bazara, errespetatu zirkulazioaren arauak; saia zaitez zure erreiaren erditik ibiltzen eta manten itzazu distantziak. Ez ibili autoei helduta.
  • Garraio publikoak eta bizikletak bikote egokia osatzen dute. Egin behar duzun ibilbidea gehiegizkoa baldin bada, edo trafikoak eragozpenak sortzen badizkizu, saia zaitez hainbat garraio publiko eta bizikleta tartekatzen.
  • Ziur ibili. Onena hirugarrenak barnean hartzen dituen eta istripua izanez gero defentsa juridikoa eskaintzen dizun erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea da.
  • Kaskoa. Kaskoak ez du eragotziko istripua izaterik, baina bai lesio larriak gertatzea. Haurrak eramaten badituzu, ez izan zalantzarik eta jarri iezaiezu kaskoa.
  • Istripua. Istripuan zauritutakoa baldin bazara, egon lasai eta ez mugitu anbulantzia edo mediku bat iritsi arte. Beste pertsona bat baldin bada zauritua, ez ezazu mugitu eta eska ezazu laguntza.

Trikimailuak

Aulkiaren altuera egokia

Zure bizikletaren aulkiaren altuera ongi kokatuta badago, pedealei eragitea erosoagoa gertatuko zaizu, baita eraginkorragoa ere.
Kendu itzazu oinetakoak eta eseri zaitez bizikletan pareta baten kontra bermatuz. Paretatik urrunen dagoen pedala beheko posizioan jarri eta orpoa pedalaren gainean jarri. Zangoa zuzen gelditu behar da.

Aulkia altuera egokian jarri ondoren, oinetakoak jarri eta bizikletan ibiliko gara azken konprobazioa egiteko. Esan dugunez, zangoa zuzen gelditu behar da, baina ez erabat zuzen, baizik eta pittin bat tolestua.
Bestalde, aulkiaren altuerak oinak lurrean bermatzea ahalbidetu behar digu beti, oin-puntetan bada ere. Aldakak kulunkatzen bazaizkigu, altuegia dugu eserlekua eta jaitsi beharko dugu.

Oharra: Txirrindulari hasi berriei gomendatzen zaie eserlekuaren altuera pixka bat baxuagoa jartzea, eta poliki poliki goratzen joatea, altuera egokia erdietsi arte.

Haur-bizikleten aulkiaren altuera egokia

Aulkiaren gainean eserita dagoela, haurrak oin-punta biekin lurzorua ukitzen duenean, posizio egokian dagoela diogu. Haurra egokiro eserita egongo da bere gorputza sobera okertuta edo, alderantziz, sobera zuzen ez daukanean.

Oharra:
Heldulekua haurraren altuerara egokitu eta torloju guztiak ongi estutu. Berdin eserlekuarekin: egonkor eta ongi nibelatuta egon behar da eta torlojuak ongi estutuak.

Bizikleta aparkatzea eta gordetzea

Txirrindula aparkaleku baten argazkia Txirrindula aparkaleku baten argazkia Txirrindula aparkaleku baten argazkia
  1. Denbora luzez
    • Egunez edo gauez aparkatzen baduzu, hobe jende asko dabilen edo pasadizokoa den leku bat aukeratzen baduzu.
    • Luze aparkatuta utzi nahi baduzu bizikleta, hobe leku itxi batean uztea.
    • Segurtasuna ezinbestekoa da, horregatik giltzarrapo onek edo bizikletentzako aparkalekuek babes handiagoa eskaintzen dute.
  2. Denbora laburrez
    • U erako giltzarrapoak edo zirgak erraz eskura eta erabil daitezke.
  3. Utzi bizikleta ageriko lekuan
    • Eraikin baten sarreran kokaturik dagoen aparkalekua leku segurua izan daiteke.
    • Aparkalekua kale zabalean baldin badago, egiazta ezazu urrutitik ikus daitekeela.
  4. Leku irisgarrian
    • Gomendagarria da bizikletentzako aparkalekuak motozikletentzako aparkalekuetatik bereiztuta egotea, eta oinezkoei ibiltzea ez galaraztea.
    • Ez utzi bizikleta eskaileren edo gainditu beharreko beste oztopo batzuen ondoan kokaturik dauden aparkalekuetan.
  5. Segurtasuna guztiaren gainetik
    • Aparkalekuak zainduak izatea ezinbestekoa da, aparkatutako ibilgailuak ez lapurtzeko, edo inork erasorik ez egiteko.
    • Aparkalekuak oinezkoentzako pasaguneetan jar daitezke oztoporik izan gabe, eta gertueneko eraikinetatik ikusteko moduan.
    • Ez aparkatu bizikleta urrun edo isolatuta dauden lekuetan.
  6. Zer moduz ondo argiztatutako leku bat?
    • Ondo argiztatuta dauden lekuek besterena gogoko dutenei zure bizikleta "pixka baterako" hartzeko asmoa kentzen die.
  7. Eguraldi txarretik babestuta
    • Ahal duzun bakoitzean, aparka ezazu bizikleta haizetik eta euritik babestuta.
    • Garaje batean aparkatuz gero, zure bizikleta babestuta egongo da. Autoentzako aparkaleku batzuetan bizikletak onartzen dituzte jadanik, eta ez dira garestiegiak.
    • Aukera ona dira, halaber, trastelekua edo haurrentzako aulkiak edo bizikletak gordetzeko gelak dituzten eraikinak. Hala ere, lehenago bizilagunekin hitz egin, arazorik sor ez dadin.
  8. Ez sartu gatazkatan oinezko eta motorzaleekin
    • Bizikleta eta motorrentzako aparkalekuek bereiztuta egon behar dute, arazorik sor ez dadin. Parteka ezazu espazio publikoa eta izan zaitez adeitsua
  9. Sustatu bizikletentzako aparkalekuak
    • Ez erabili zuhaitzak, kale-argiak edo seinaleak bizikleta aparkatzeko, eta utzi berariazko aparkalekuetan.
    • Erabiltzailea zaren aldetik, eska itzazu bizikletentzako aparkaleku seguruak.

Bizikleta, beroa eta hidratazioa

Uda partean beroak gora egiten du eta horregatik arreta handiagoa jarri behar diogu gure organismoaren hidratazioari. Are gehiago, beroa, hezetasuna eta ariketa fisikoa koktel berean nahasten baditugu.

Beroarekin izerdi gehiago botatzen dugu eta ondorioz, likido gehiago galtzen dugu. Zenbat eta likido gehiago galdu, orduan eta tenperatura erregulatzeko gaitasun gehiago galtzen du gure organismoak.

Modu berean, zenbat eta hezetasun gehiago egon, orduan eta ur gehiago hartuko dugu. Beroa, hezetasuna eta ariketa fisikoa (bizikletan ibiltzea adibidez) uztartzen direnean, aukera gehiago dago deshidratazioa agertzeko.

Hortaz:

Ez itxaron egarri egotera likidoak hartzeko. Ahoa lehor edukitzea dagoeneko deshidratazioaren sintoma da. Eguneko 1,5 eta 2 litro ur artean edatea gomendatzen da. Udan bizikleta hartu behar baduzue, egarri izan baino lehen edan eta gorago aipatutako kopuruei likido gehiago gehitu. Ez ahaztu ura zuekin eramatea ibilbide luze samarra egin behar baduzue.