Benetan gogoko duzuna abentura, bidaiatzea eta pedalei eragitea baldin bada, alportxa-ziklismoa da zuretzat egokiena.

Bizikleta mota

Bizikleta sendoa eta, ahal bada, arina aukeratu beharko duzu. Gogoan izan gauza ugari garraiatu beharko duzula ibilbidea egitean. Bizikletarik egokiena mendiko bizikleta da, bere sendotasun eta aldakortasunari esker aukera izango baituzu errepidean nahiz pista edo bide aldapatsuagoetan ibiltzeko.

Zer gurpil-azal erabili behar da?

Egin nahi duzun bidaiaren arabera, mota bateko zein besteko gurpil-azala erabili beharko duzu. Errepidean bakarrik ibili nahi izanez gero, nahikoa izango da slick-ak aukeratzea; ordea, errepidean eta pistan ibili nahi baldin baduzu, azal mistoak beharko dituzu, alboko takoak goma gogorrezkoa dituztenak, horrek ahalbidetuko baitizu errepidean nahiko azkar ibiltzea eta trakzio ona emango baitizute pistan edo lurrezko bideetan. Goma gogorra ez da hain azkar higatzen eta hobeto moldatzen da pisura; aukeratu 25 mm gutxieneko lodiera duena, eta kontuan hartu pisua, trinkotu gabeko lurrezko pistetan derrapatzea zailtzen baitu.

Zulaketarik ez izateko, komenigarria da pneumatikoak ondo puztuta eramatea.

Nola eraman ekipajea?

Ekipajea koadroari torloju batzuen bidez ainguratutako parrillaren gainean jartzen da. Oro har, atzeko eta aurreko gurpilen gainetik finkatzen da.

Esekidura bikoitza duten bizikletetan, jarlekuko hodiari lotu beharko zaio parrilla eta, beraz, zama eramateko ahalmen txikiagoa izango du koadroari lotuta daudenek baino.

Hiru hagaxkadun parrillek hobeto jasaten dituzte alportxak, bermatzeko azala handiagoa delako.

Alportxak zikloturistaren lagun bereiztezinak dira. Merezi du kalitate oneko eta hainbat sakela dituzten alportxak erostea. Era askotako alportxak daude: hiru gorputz lotuta dauzkatenak eta bi bereiztuta dauzkatenak; bi gorputz dutenak oso erraz muntatzen dira, eta egitura zurruna baldin bada, are erosoagoak izango dira. Parrillari lotzeko uhalak dituztenak muntatzen zailagoak dira, uhalak askatuz gero, erradioren batean katigatzeko arriskua baitago, eta ez dira hain ondo finkatzen. Euria egiten duenean, komenigarria da ekipajea babesten duten zorroak erabiltzea, eta banda islatzaileak ez daude inoiz soberan.

Era berean, garrantzitsua da ekipajetik irteten den ezer ez egotea, erortzen baldin bagara ehuna urratu egingo delako. Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat alportxetan pisua behar bezala banatzea da, bestela arazoak izango baititugu bihurguneetan oreka mantentzeko. Zamaren gehieneko zabalera osoa ez da izango 1 m-tik gorakoa –hau da, 0,5 m albo bakoitzean–, eta ez da 0,25 m-tik gora irtengo bizikletaren aurretik edo atzetik.

Eskulekuko poltsa bat eramatea oso egokia da, hor gauza txikiak –mapa, betaurrekoak– eskura izan baititzakezu; baina kontuz pisuarekin, handia baldin bada, gerta daiteke bideko zuloren batean lokailuak askatzea.

Zer eraman beharko dut?

Arropari dagokionez, ez da beharrezkoa jantzi gehiegi eramatea; hala ere, ez ahaztu kapa edo zira bat, kaskoa, betaurrekoak, eguzkitik babesteko krema eta eskularruak sartzea.

Ahaztu ezin dugun beste elementu bat ura da eta, beraz, ura eramateko bizkar-zorroaz gain, ez zaizkigu gaizki etorriko bi bidoileku izatea.

Era berean, gomendagarria da eskulekuan akoplagailu bat jartzea, jarrera maiz aldatu ahal izateko, horrela ez duzu giltzaduretan arazorik izango.

Esekidurako urkila eramatea eskertu egiten da azkenean. Eta, batez ere, jarlekua zaindu behar duzu; jarlekua ezerosoa baldin bada, azkenean abentura bertan behera utz dezakezu.

Ez da erraza informazioa aurkitzea jarlekua aukeratzeko orduan izan behar dituzun irizpideei buruz. Badirudi alderdirik garrantzitsuenak materialaren leuntasuna, gainazalaren irmotasuna eta formaren ingurua direla.

Hobe da berme-azala laua izatea eta jarlekua barrubigunegia ez izatea, horrela oreka mantentzea errazagoa izateaz gain, pedalak eraginkortasun handiagoz mugitu ahal izango baititugu.

Leku gorabeheratsuetan ibili behar baldin bada, hobe da jarlekua elastomeroetan eta ez betiko malgukietan bermatuta egotea, horrela ez baita hainbeste mugituko pedalei eragitean eta jauzi gutxiago egingo du.

Jarraian, bidaia egiteko inoiz ahaztu behar ez ditugun tresna batzuk aipatuko ditugu: adabakiak, ponpa, allen giltzak, erradioetako giltzak, aldagailuak, balaztako eta aldagailuko kableak; torlojuak, azkoinak, lubrifikatzailea eta zinta amerikarra.

Funtsezkoak diren beste elementu batzuk argiak dira. Gogoratu guztiz beharrezkoa dela besteek zu ikustea eta, horretarako, aurreko argi bat jarri behar duzula eskulekuan eta beste bat atzean, gorria, eta ahal bada ñir-ñir egiten duena –hobeto ikusten da eta–.