Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra.

Azaroaren 21eko 1428/2003 ERREGE DEKRETUAren laburpena. Dekretuaren bidez onartu egin zen trafikoa, motorreko ibilgailuen zirkulazioa eta bide-segurtasunari buruzko Legea ezartzeko eta garatzeko Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra, era berean Martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartua izan zena (BOE, 2003-12-23).

Ohar argigarria:
Bizikleta-gidariek, bidea erabiltzen dutenez eta ibilgailu bat gidatzen dutenez, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean guztientzat ezarritakoa bete behar dute. Laburpen honen helburua ziklo edo bizikletak erabiltzen dituztenentzako berariazko xedapenak, edo bizikleta edo zikloek bete beharreko arau orokorraren salbuespenak ezartzen dituztenak ezagutaraztea da, eta baita bidearen gainerako erabiltzaileek bizikleten edo zikloen gidarien aurrean, eta alderantziz, dituzten betebeharrak ere.

Oztopoak eta arriskuak seinaleztatzea

5.2. Artikulua Galtzadan, ez dira oztopotzat hartzen oinezkoentzako pasabideetako irtenguneak eta zeharkako marrak, baldin eta Sustapen Ministerioak horren inguruan ezarritako oinarrizko araudia betetzen badute, eta erabiltzaileen eta bereziki ziklisten bide-segurtasuna bermatzen bada.

Ibilgailuen zama eta pertsonak, merkantziak edo gauzak garraiatzea
(Oharra: aurrentzako aulkitxoez, atoiez eta bizikletak eramateko atzealdeko gailuez ari da)

PERTSONEN GARRAIOA

12. Artikulua Ziklo, ziklomotor eta motozikletei buruzko arauak.

1. Beren egituragatik pertsona bakar batek soilik okupa ditzakeen zikloetan, zazpi urte arteko haur bat garraiatu ahal izango da, baldin eta gidaria adinez nagusia bada eta haurra homologatutako eserleku osagarrian bidaiatzen bada.
4. (...) Zikloetan eta bizikletetan atoia edo erdiatoia eraman ahal izango da, betiere trakzioa egiten duen ibilgailuak hutsik dagoela duen masaren ehuneko 50 gainditzen ez badu, eta honako baldintza hauek betetzen badira:
a) Egunez zirkulatzea, ikuspena murrizten ez duten baldintzetan.
b) Atoian doan ibilgailuan inolaz ere pertsonak ez garraiatzea.

Hiriko zirkulazioan, horri dagozkion arauak bete beharko dira.

MERKANTZIEN EDO GAUZEN GARRAIOA

15. Artikulua Zamaren neurriak.
(Oharra: Bizikletak zamatzea, eta bizikletak eramateko atzealdeko gailuek bete beharreko baldintzak)

3. Merkantziak garraiatzeko soilik prestatuta ez dauden ibilgailuetan (…), zama bere luzeraren % 10 arte irten ahal izango da atzealdetik, eta zatiezina baldin bada, ehuneko 15 arte.
4. Metrotik beherako zabalera duten ibilgailuetan, zamak ez du ibilgailuaren luzetarako ardatzaren albo bakoitzetik 0,50tik gora irten behar. Aurrealdetik ezin izango da irten, ezta 0,25 metrotik gora atzealdetik ere.
6. Nolanahi ere, 2. eta 3. ataletan adierazitako ibilgailuen atzealdetik irten den zama V-20 seinalearen bidez adierazi beharko da, 173. artikuluak ezarritakoaren arabera. Seinalearen ezaugarriak, bestalde, Ibilgailuen Arau Orokorraren XI. Eranskinean zehaztuta daude. Seinale hori zamaren atzeko muturrean jarri beharko da, ibilgailuaren ardatzarekiko perpendikularrean beti. Zama ibilgailuaren atzealdeko zabalera osotik luzetara irteten bada, seinalatzeko bi panel jarri beharko dira zeharka, panel bakoitza zamaren edo irteten den materialaren zabaleraren muturrean. Behin kokatuta daudenean, bi panelek alderantzikatutako "v" erako marrazki geometrikoa osatu beharko dute.
Ibilgailua ilunabarretik egunsentira arte ibiltzen denean, edo meteorologia- edo ingurune-baldintzek ikuspena era nabarmenean murrizten dutenean, aipatutakoaz gain, argi gorri batez seinalatu beharko da eramaten den zama. Zama aurrealdetik irteten denean, seinalea argi zuri bat izango da.

Edari alkoholdun, estupefaziente, psikotropiko, estimulagarri edota antzekoak diren beste gai batzuei buruzko arauak
(Oharra: bizikleta-gidariek gainerako gidarien betebehar eta murrizketa berak dituzte)

20. artikulua. Odoleko eta arnastutako aireko alkohol mailak.
Odolean litroko 0,5 gramotik gorako edo arnastutako airean litroko 0,5 miligramotik gorako alkohol-tasa duten ibilgailu-gidariek edo bizikleta-gidariek ezin izango dute trafiko, ibilgailu motordunen zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzko legediak zehazten dituen bideetan zirkulatu.

27. artikulua. Estupefazienteak, psikotropikoak, estimulagarriak edo antzekoak diren beste gai batzuk.

1. Psikotropikoak, estimulagarriak edo antzekoak diren beste gai batzuk –haien artean, betiere, sendagaiak edo, besteak beste, arriskurik gabe zirkulatzeko egokia den egoera fisiko edo mentala aldatzea eragiten duten gaiak– irentsi edo organismora gehitu dituzten ibilgailu-gidariek edo bizikleta-gidariek ezin izango dute trafiko, ibilgailu motordunen zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzko legediak zehazten dituen bideetan zirkulatu.

Ibilgailuen zirkulazioari buruz
(Oharra: bizikletaz eta bizikletarekin batera doan ibilgailuz nondik ibil daitekeen eta nondik ez; zirkulazio paraleloa).

35. artikulua. Erreiak erabiltzea, seinalatutako abiaduraren arabera; eta ibilgailu jakin batzuentzat eta maniobra jakin batzuk egiteko diren erreiak erabiltzea.

Bidaiari askorentzako ibilgailuek zirkulatzeko gaitutako erreiak erabiltzea (…) debekatuta dago, beraz, gainontzeko ibilgailu eta ibilgailu taldeek zirkulatzeko, (…) eta baita oinezkoak, zikloak (…) ibiltzeko ere.

36. artikulua. (Erreia) Nahitaez erabili behar duten gidariak.

1. Ziklisten atzetik doazen (…) ziklo- edo ibilgailu-gidariak, berek zirkulatzeko bereziki biderik edo bidearen zatirik ez baldin badago, beren eskuineko erreitik joango dira, baldin eta ibiltzeko modua eta bakoitzarentzat nahikoa bada; hala ez bada, galtzadan erabili beharreko zatia erabiliko dute.
Bihurguneak dituzten beheranzko malda luzeetan, segurtasunezko arrazoiek hala ahalbidetzen badute, bizikleta-gidariek bazterbidea utzi eta behar duten galtzadaren eskuineko aldean zirkulatu ahal izango dute.
2. Debekatuta dago goiko puntuan aipatutako ibilgailuek, bizikletez kanpora, paraleloan zirkulatzea; bizikletek binakako lerroetan zirkulatu ahal izango dute bidearen eskuineko aldean, ertzetik ahalik eta hurbilen, eta errenkadan jarrita ikuspenik gabeko zatietan eta trafiko-ilarak sortzen direnean. Autobietan, bazterbidetik bakarrik zirkulatu ahal izango dute, galtzada inoiz ere erabili gabe. (…)
3. 1. puntuan adierazitako edozein ibilgailu-gidarik, bizikletak alde batera utzita, ezin izango du beste bat aurreratu, paraleloan doazen ibilgailuen martxa 15 segundotik gorakoa baldin bada, edo era horretan egindako ibilbidea 200 m baino luzeagoa bada.

38. artikulua. Autobide eta autobietan zirkulatzea.

1. Debekatuta dago (…) bizikletaz (…) autobide eta autobietan ibiltzea.
Goiko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, 14 urtetik gorako bizikleta-gidariek autobietako bazterbideetatik zirkulatu ahal izango dute, bide-segurtasuneko arrazoi justifikatuak direla-eta behar diren seinaleen bidez debekatuta dagoenean izan ezik. Debeku horren osagarri, hautabidezko ibilbidea adierazten duen panel bat jarriko da.

46. artikulua. Neurrizko abiadura. Noiz.

1. Neurrizko abiaduran zirkulatuko da eta, beharrezkoa izanez gero, ibilgailua gelditu egingo da, egoerak hala eskatzen duenean, eta bereziki honako kasu hauetan:
b) Zirkulatzen ari diren zikloetara hurbiltzean, baita elkarguneetan eta zikloek bakarrik erabiltzeko diren bideetan ere (…). <

48. artikulua. Gehieneko abiadurak herritik kanpoko bideetan.

e) Zikloek, bi eta hiru gurpildun ziklomotorrek eta lau gurpildun ziklo arinek orduko 45 kilometro har dezakete. Hala eta guztiz ere, bizikleta-gidariek gehieneko abiadura hori gainditu ahal izango dute bidearen egoerak abiadura handiagoa hartzea ahalbidetzen duen zatietan.

49. artikulua. Gutxieneko abiadura herri barruan eta herritik kanpo.
(Oharra: ziklistekin batera doan ibilgailu laguntzailea)

2. Gutxieneko abiaduratik beherako abiaduran zirkulatu ahal izango da beste ibilgailu batzuk babesten edo ibilgailuei laguntzen zaienean (…) eta, horrelakoetan, ibilgailu laguntzaileen abiadura lagundutako ibilgailuaren abiadurari egokituko zaio.
Kasu horietan, ibilgailu laguntzaileek V-21 edo V-22 –egokia denaren arabera– seinaleak eraman beharko dituzte goiko aldean, 173. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

54. artikulua. Ibilgailuen arteko distantziak.
(Oharra: taldeka zirkulatzea)

1. Beste baten atzetik doan edozein ibilgailu-gidarik tarte bat utzi beharko du bi ibilgailuen artean, ezustean balaztatu behar izanez gero aurreko ibilgailuaren kontra ez jotzeko, abiadura- eta itsaspen- eta balaztatze-baldintzak bereziki kontuan izanda. Hala eta guztiz ere, bizikleta-gidariek taldeka zirkulatu ahal izango dute tarte hori utzi gabe, baina guztiz adi egon beharko dute euren artean arazorik ez sortzeko (testu artikuludunaren 20.2. artikulua).
2. Goiko atalean ezarritakoaz gainera, beste baten atzetik doan eta aurreratzeko asmoa adierazi ez duen edozein ibilgailu-gidarik utzi beharreko tarteak bere atzetik doanak bera segurtasunez aurreratu ahal izateko modukoa izan behar du, taldeka doazen txirrindulariak salbuespen direla (testu artikuludunaren 20.3. artikulua).

LEIHAKETAK

55. artikulua. Kirol-txapelketak, bizikleta-ibilaldiak eta beste ekitaldi batzuk.

1. Trafiko, ibilgailu motordunen zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzko legediak barnean hartzen dituen bide edo lurretan, espazioan edo denboran lehiatzeko helburua duten kirol-saioak burutzeko, hala nola bizikleta-ibilbideak edo beste ekitaldi batzuk, aurretiazko baimena lortu beharko da, araudi honen II. eranskinean adierazitako baldintzen arabera emanda, eta baldintza horiek izango dira aipatutako jarduerak arautuko dituztenak.

Pasatzeko lehentasuna
59. artikulua. Elkarguneak.

1. Gidariek, pasatzeko lehentasuna badute ere, ezin izango dira beren ibilgailuaz elkargune batean edo oinezkoentzako edo ziklistentzako pasagune batean sartu, zirkulazioaren egoera ikusita geldirik geratzeko eta, beraz, zeharkako zirkulazioa oztopatzeko edo guztiz galarazteko arriskua baldin badago (testu artikuludunaren 24.2. artikulua).

64. artikulua. Arau orokorrak eta ziklisten pasatzeko lehentasuna.

Bizikleta-gidariek ibilgailu motordunen aurretik pasatzeko lehentasuna izango dute honako egoera hauetan:
a) Behar bezala seinalatuta dauden bizikleta-errei, ziklistentzako pasabide edo bazterbideetan zirkulatzen ari direnean.
b) Ibilgailu motordunak beste bide batean sartzeko eskuinera edo ezkerrera bira egiten duenean, baimendutako kasuetan, eta inguruan txirrindulari bat baldin badago.
c) Taldeka zirkulatuz gero, lehenengoak jadanik gurutzatzeari ekin dionean, edo biribilgune batean sartu denean.
Gainerako egoeretan, ibilgailuen artean pasatzeko lehentasunari buruz ezargarriak diren arauak bete beharko dira.

Norabide- eta noranzko-aldaketak eta atzerako martxa
76. artikulua. Egoera bereziak.

2. Hiriarteko bideetan, ezkerrerantz bira egiteko bereziki egokituta dagoen erreirik ez baldin badago, zikloek (…) eskuinean kokatu beharko dute, galtzadatik kanpo ahal den guztietan, eta bira egiten hasi leku horretatik.

Aurreratzea
84. artikulua. Maniobra hasi baino lehen aurreratzen duenaren betebeharrak.

5. Artikulu honen eraginetarako, ez dira aurre-hartzetzat hartuko taldeka doazen ziklisten artean egiten direnak (testu artikuludunaren 33.4 artikulua).

85. artikulua. Maniobra egitean aurreratzen duenaren betebeharrak.

4. Herritik kanpo (…) bi gurpildun ibilgailuei (…) aurrea hartzen zaienean, maniobra egiteko galtzadaren ondoko erreiaren zati bat edo errei osoa okupatu beharko da, betiere aurreratzea araudi honetan aurreikusitako moduan egiteko baldintzak daudenean; nolanahi ere, alboko bereizketa ez da 1,50tik beherakoa izango. Guztiz debekatuta dago aurreratzea kontrako noranzkoan zirkulatzen ari diren txirrindulariak arriskuan jarri edo galaraziz gero.
5. Bi gurpil dituzten ibilgailuetako gidariak beste edozein ibilgailu herritik kanpo aurreratu nahi duenean, bere ibilgailuaren eta aurrea hartu nahi dion ibilgailuan gehien irteten diren alderdien artean utzi behar duen espazioa 1,50 metrokoa izango da gutxienez.

87. artikulua. Debekuak.

1. Debekatuta dago honako egoera hauetan aurreratzea:
b) Ziklistentzako bideekiko elkarguneetan (…) (testu artikuludunaren 36.2. artikulua).
c) Elkarguneetan eta elkarguneen ondoan, honako salbuespen honekin:
4. Bi gurpildun ibilgailuei aurrea hartzen zaienean (testu artikuludunaren 36.3. artikulua).

88. artikulua. Ibilgailu ibilgetuak.

1. Bidean, aurreratzea debekatuta dagoen zati batean, martxaren noranzkoko erreian galtzadaren zati bat edo galtzada osoa hartzen duen ibilgailu ibilgetu bat dagoenean, aurrea hartu ahal izango zaio –ibilgetzea trafikoaren beharrak hala eskatua ez baldin bada–, nahiz eta horretarako kontrako noranzkoko galtzadaren zatia hartu behar izan, eta maniobra arriskurik gabe egin daitekeela egiaztatu ondoren. Baldintza berak izanda, bizikleta- eta ziklo-gidariei (…) aurrea hartu ahal izango zaie, zirkulatzen ari diren abiaduran aurrea hartzea dagoenean, gidarientzat arriskurik sortu gabe edo, oro har, zirkulazioan arriskurik sortu gabe.

Gelditzea eta aparkatzea
94. artikulua. Toki debekatuak.

1. Debekatuta dago leku hauetan gelditzea:
b) Trenbide-pasaguneetan, ziklistentzako eta oinezkoentzako pasaguneetan.
c) Bakar bakarrik zirkulatzeko dauden edo erabiltzaile jakin batzuen zerbitzurako dauden erreietan edo bide-zatietan.
h) Hiriko garraio publikoak bakarrik erabiltzeko dauden erreietan, edo bizikletentzako erreietan.

2. Debekatuta dago leku hauetan aparkatzea:

a) Gelditzea debekatuta dagoen eta aurreko atalean deskribatu diren leku guztietan.

ARGIAK NAHITAEZ ERABILTZEA

98. artikulua. Arau orokorrak.

3. Bizikletek, gainera, Ibilgailuen Araudi Orokorrean zehazturik dauden elementu islatzaile guztiak izan beharko dituzte, behar bezala homologatuta.
Argiak nahitaez erabili behar direnean, bizikleta-gidariek argiak piztuta izateaz gain, jantzi islatzaileren bat eraman beharko dute jantzita, gidariek eta gainerako erabiltzaileek 150 metroko distantziatik bereiztu ahal izateko, hiriarteko bide batean zirkulatzen ari direnean.

Beste zirkulazio-arau batzuk
114. artikulua. Ateak.

1. Debekatuta dago ibilgailuko ateak irekita eramatea, ibilgailua guztiz ibilgetuta egon baino lehen irekitzea, edo aldez aurretik arriskurik ez dagoela edo beste erabiltzaileak galarazten ez direla egiaztatu gabe ateak irekitzea edo ibilgailutik ateratzea, bereziki inguruan bizikleta-gidariak badaude (testu artikuludunaren 45. artikulua).

Segurtasun-uhala, kaskoa eta gainontzeko segurtasun-elementuak
118. artikulua. Kaskoak eta gainerako babes-elementuak.

Bizikleta-gidariek eta, kasua bada, bizikletan doazen gainontzeko pertsonek babes-kaskoak eraman beharko dituzte nahitaez, indarrean dagoen araudiaren arabera homologatuak edo ziurtatuak, hiriarteko bideetan zirkulatzen ari direnean; salbuespen egoerak izango dira aldapa luzeak igotzen ari direnean edo, 119.3. artikuluari jarraiki, ziurtatu behar diren arrazoi medikoak daudenean, edo bero handiegia egiten duenean.

Lehiaketan ari diren bizikleta-gidariek eta txirrindulari profesionalek beren arauen arabera jokatuko dute, bai entrenamenduetan, bai lehiaketak egiten direnean.

Oinezkoak
(Oharra: bizikleta oinez daraman txirrindularia oinezkoa da).
121. artikulua. Oinezkoentzako guneetan zirkulatzea. Salbuespenak (bizikleta oinez daraman txirrindularia, espaloiak)

1. Oinezkoek berentzat egokitutako guneetan ibili behar dute, horrelako gunerik ez dagoenean edo bertan ibiltzea ezinezkoa denean izan ezik; horrelakoetan, bazterbidetik ibili ahal izango dira edo, bazterbiderik ezean, galtzadatik, atal honetan zehaztutako arauen arabera (testu artikuludunaren 49.1. artikulua).
2. Hala ere, oinezkoentzako gunea dagoenean ere, eta behar den arretaz ibiltzen direnean, bazterbidetik ibili ahal izango dira edo, bazterbiderik ezean edo bertan ibiltzerik ez dagoenean, galtzadatik ibili ahal izango dira, honako egoera hauetan:
a) Tamaina handiko objektu bat eramaten denean, edo tamaina txikiko eta motorduna ez den ibilgailuren bat bultzaka edo herrestan eramaten denean, baldin eta oinezkoentzako gunean edo bazterbidean zirkulatzea gainerako oinezkoentzat oztopo handia bada.

5. Ibilgailuek, edozein motatakoak izanda ere, ezin izango dute inolaz ere espaloietatik eta oinezkoentzat diren gainerako zonetatik zirkulatu.

122. artikulua. Galtzadatik edo bazterbidetik zirkulatzea.

4. Ziklo bat bultzatzen ari diren edo herrestan daramaten oinezkoek (…), 1. eta 3. ataletan adierazitakoa gorabehera, beti beren eskuinetik zirkulatu beharko dute, eta ibilgailu-gidariei zuzendutako seinaleak errespetatu beharko dituzte beti: polizi agenteen seinaleak eta semaforoak beti; gainontzekoak ezargarriak zaizkienean.
5. Bazterbidetik edo galtzadatik zirkulatu behar izanez gero, zuhurtasunez ibiliko da, beharrik ez badago zirkulazioa oztopatu gabe, eta bazterbide edo galtzadetako ertzetara ahalik eta hurbilduen. Jarraigo bat osatzen ez baldin badute, bata bestearen atzean joan beharko dute, zirkulazioaren segurtasunerako beharrezkoa denean, eta bereziki ikuspena murriztua denean edo ibilgailu ugari ibiltzen ari direnean.

Seinaleei buruz
Zirkulazio-seinaleak eta bide-marrak: motak eta esanahiak.
143. artikulua. Besoez egindako seinaleak eta bestelakoak (lehiaketetan eta bizikleta-ibilbideetan ezargarriak).

a) Bandera gorria: bandera gorria daraman ibilgailua igarotzen den unean galtzada ibilgailu eta erabiltzaile guztien trafikorako behin-behinekoz itxita dagoela adierazteko erabiltzen da, trafikoa arautzeaz, kudeatzeaz eta kontrolatzeaz arduratzen den agintaritzako agenteek laguntza edo eskolta ematen dieten ibilgailu edo erabiltzaileentzat izan ezik.
b) Bandera berdea: bandera berdea daraman ibilgailua igarotzen den unean galtzada berriro ere trafikoarentzat irekita dagoela adierazteko erabiltzen da.
c) Bandera horia: gainontzeko gidari edo erabiltzaileei adierazten die arreta handia izan behar dutela arriskuren bat dagoelako. Era berean, bizikleta-ibilbideetan edo beste edozein jardueratan –kirola zein kirola ez dena– orden, kontrol edo segurtasunez arduratzen diren laguntzaile gaituek ere erabili ahal izango dute bandera horia, trafiko, ibilgailu motordunen zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzko araudiak barnean hartzen dituen bideetan.

ZIRKULAZIO-SEINALE BERTIKALAK

P-22. Txirrindularia. Arriskua, txirrindularientzako pasabide bat edo txirrindulariak sarritan bidera irten diren eta bidea gurutzatzen duten leku bat gertu dagoelako.
R-114. Zikloentzat debekatutako sarrera. Zikloak sartzea debekatuta dago.
R-407 a. Zikloak bakarrik ibiltzeko bidea edo bizikleta-bidea. Ziklo-gidariek nahitaez erabili behar dute seinaleak adierazten duen bidea –bidearen hasieran kokatuta–, eta gainontzeko erabiltzaileek debekatuta daukate bide hori erabiltzea.
demás usuarios de la vía de utilizarla.
R-407 b. Ziklomotorrak bakarrik erabiltzeko bidea. Ziklomotor-gidariek nahitaez erabili behar dute seinaleak adierazten duen bidea –bidearen hasieran kokatuta–, eta gainontzeko erabiltzaileek debekatuta daukate bide hori erabiltzea.

zirkulazio-seinale bertikalak zirkulazio-seinale bertikalak zirkulazio-seinale bertikalak

R-409. Zelako abereentzat bakarrik den bidea. Zaldizkoek beren zelako abereekin nahitaez erabili behar dute seinaleak adierazten duen bidea –bidearen hasieran kokatuta–, eta gainontzeko erabiltzaileek debekatuta daukate bide hori erabiltzea.
R-410. Oinezkoentzako bakarrik den bidea. Oinezkoek nahitaez erabili behar dute seinaleak adierazten duen bidea –bidearen hasieran kokatuta–, eta gainontzeko erabiltzaileek debekatuta daukate bide hori erabiltzea.
R-505. Zikloek bakarrik erabiltzeko bidearen bukaera. Zikloek bakarrik erabiltzeko bidea adierazten zuen aurreko seinalea leku horretatik aurrera jadanik baliozkoa ez dela aditzera ematen du.

S-3. Automobilek bakarrik erabiltzeko bidea. Automobilek bakarrik zirkulatzeko bide baten hasiera adierazten du.
S-4. Automobilek bakarrik erabiltzeko bidearen bukaera. Automobilek bakarrik zirkulatzeko bidearen bukaera adierazten du.
S-5. Tunela. Tunelaren, azpiko pasabidearen edo tunelaren antzekoa den bide-zatiaren hasiera eta zenbaitetan izena ere adierazten du. Beheko aldean, tunelaren luzera metrotan adierazita egon daiteke.
S-6. Tunelaren bukaera. Tunel, azpiko pasabide edo tunelaren antzekoa den bide-zati baten bukaera adierazten du.
S-33. Bizikletentzako bidezidorra. Oinezko eta zikloentzat bide bat dagoela adierazten du, motordunen trafikotik bereiztuta, gune ireki, parke, lorategi edo basoetan barrena doana.

zirkulazio-seinale bertikalak zirkulazio-seinale bertikalak zirkulazio-seinale bertikalak

S-64. Bizikleta-erreia edo bidegorria, galtzadari atxikita. Bidegorria duen seinaleak aditzera ematen du seinalea kokatuta dagoen bidea zikloek bakarrik erabil dezaketela. Geziek galtzadaren errei kopurua adieraziko dute, eta baita zer zirkulazio-noranzkoa duten ere.
S-322. Bidegorri edo bizikletentzako bidezidor bateranzko norakoa. Geziak erakusten duen norabidean bidegorria edo bizikletentzako bidezidorra dagoela adierazten du. Seinalearen barruan idatzitako kopuruek zenbat kilometrotara dagoen adierazten dute.
S-880. Ibilgailu jakin batzuei bakarrik zuzendutako seinalea. Dagokion seinale bertikalaren azpian kokatuta, aditzera ematen du seinaleak panelean agertzen diren ibilgailuentzat bakarrik balio duela: kamioiak, atoia duten ibilgailuak, autobusak edo zikloak izan daitezke.

BIDEAREN GAINEKO SEINALEAK

168. artikulua. Zeharkako marra zuriak.

d) Txirrindularientzako pasabidea adierazten duen seinalea. Galtzadaren gainean egindako bi zeharkako lerro dira, etenak eta paraleloak. Seinaleak txirrindularientzako pasabidea dagoela eta txirrindulariek hor lehentasuna dutela adierazten du.

170. artikulua. Kolore zuriko beste marka edo inskripzio batzuk.

c) Erreserbatutako errei edo gunearen inskripzioa. Erreia edo gunea, aldi baterako edo behin betiko, zenbait ibilgailu ibiltzeko, gelditzeko edo aparkatzeko –hala nola, autobus (bus), taxi eta zikloak– erreserbatuta dagoela adierazten du.
d) Erreserbatutako erreiaren hasiera-marka. Zenbait ibilgailu bakarrik ibiltzeko den erreiaren hasiera adierazten du.
e) Bidegorriaren marka. Bidegorriaren edo bizikletentzako bidezidorraren hasiera adierazten du.
g) Zebra-marrak. Lerro etengabe baten barruan zerrenda zeihar paraleloak dituen guneak adierazten du gidariak ezin direla beren ibilgailu edo aberearekin zona horretan sartu, bazterbidetik zirkulatzeko betebeharra dutenak izan ezik.

Seinaleak ibilgailuetan

V-20. Irteten diren zamek eraman beharreko panela. Ibilgailuak daraman zama atzealdetik irteten dela adierazten du (bizikletak eramateko gailua).
V-22. Txirrindulariak topa daitezkeela adierazten duen seinalea. Txirrindulariak hurbil zirkulatzen ari direla adierazten du.

3. Ibilgailuetan ipiniko diren seinaleen forma, kolorea, diseinua, sinboloak, neurriak, esanahia eta ipintzeko era Ibilgailuen Araudi Orokorrean, XI. eranskinean, ezarritakoaren araberakoak izango dira.

Trafikoaren Legearen 2001eko Erreforma -19/2001 Legearen testua-

Martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, trafikoari, motorreko ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legea onartzen duena (BOE, 63 zk, martxoaren 14koa). Laburpena.

Ohar argigarria: Behean zerrendatutako artikuluak bizikletaren zirkulazioa arautzen dutenak dira.

15. artikulua. Bazterbidea erabiltzea.

Atalaren idazketa era honetan burutu da:
"1. Abereek tiratutako ibilgailuak, gehienezko masa baimendua araudiaren arabera zehazten dena gainditzen ez duten ibilgailu bereziak, zikloak, ziklomotorrak, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako ibilgailuak edo ziklisten atzetik doazen ibilgailuak eramaten dituzten gidariek, ibilgailu horiek bereziki ibiltzeko biderik edo bide-zatirik egon ezean, beren eskuineko bazterbidetik zirkulatu beharko dute, baldin eta hori zirkulatzeko modukoa eta nahikoa bada; hala ez bada, galtzadaren ezinbesteko alderdia erabiliko dute. Era berean, beren eskuineko bazterbidetik edo, atal honetan zehazten diren egoeretan, galtzadaren ezinbesteko alderditik zirkulatu beharko dute motozikletek, turismoek eta gehienezko pisu baimendua araudiaren arabera zehazten dena gainditzen ez duten kamioiek, larritasun-arrazoiengatik abiadura arrunta baino askoz ere txikiagoan doazenean eta, era horretan, zirkulazioan eragozpen handiak sortzen dituztenean. Hala eta guztiz ere, bizikleta-gidariek gainditu ahal izango dute ibilgailu horientzat araudiaren arabera ezarritako gehienezko abiadura, bidearen egoerak abiadura handiagoa hartzea gomendatzen duen zatietan, eta galtzadaren eskuinaldea ere hartu ahal izango dute, ahal duten neurrian, batez ere bihurguneak dituzten aldapa luzeetan behera".

18. artikulua. Autobideetan eta autobietan zirkulatzea.

1. atalaren idazketa era honetan burutu da:
"1. Debekatuta dago autobideetan eta autobietan abereek tiratutako ibilgailuak, bizikletak, ziklomotorrak eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako ibilgailuak gidatuz zirkulatzea. Hori horrela izanik ere, bizikleta-gidariek autobideetako bazterbideetatik zirkulatu ahal izango dute, bide-segurtasunaren arrazoiak direla-eta behar diren seinaleen bidez debekatzen denean izan ezik".

19. artikulua. Abiadura-mugak.

5. atalaren idazketa era honetan burutu da:
"5. Abiaduraren gutxieneko mugatik behera ibili ahal izango dira garraio edo ibilgailu bereziak direnak, edo trafikoaren egoerak gutxieneko abiadura zirkulazioan arriskurik sortu gabe gainditzea ahalbidetzen ez duenean, eta baita beste ibilgailu batzuei babesa edo laguntza ematen zaienean ere, araudiaren arabera ezartzen diren baldintzetan".

20. artikulua. Distantziak eta exijitu daitekeen abiadura.

Era honetan burutu da 2. atalaren eta 3. ataleko lehenengo tartekiaren idazketa:
"2. Beste baten atzetik doan edozein ibilgailutako gidariak tarte bat utzi beharko du bi ibilgailuen artean, ezustean balaztatu behar izanez gero aurreko ibilgailuaren kontra ez jotzeko, abiadura- eta itsaspen- eta balaztatze-baldintzak bereziki kontuan izanda. Hala eta guztiz ere, bizikleta-gidariek taldeka zirkulatu ahal izango dute, baina guztiz adi egon beharko dute euren artean arazorik ez sortzeko (testu artikuludunaren 20.2. artikulua).

3. Goiko atalean ezarritakoaz gainera, beste baten atzetik doan eta aurreratzeko asmoa adierazi ez duen edozein ibilgailu-gidarik utzi beharreko tarteak bere atzetik doanak bera segurtasunez aurreratu ahal izateko modukoa izan behar du, taldeka doazen txirrindulariak salbuespen direla".

23. artikulua. Gidariak, oinezkoak eta abereak.

c) letra erantsi zaio 5. atalari, eta idazketa era honetan burutu da:
"c) Bizikleta-gidariak taldeka ibiltzen direnean, unitate mugikor bakartzat hartuko dira, igarotzeko lehentasunari dagokionez. Hirian zirkulatzean, gaiari buruzko udal ordenantzek ezarritakoa bete beharrekoa izango da".

33. artikulua. Aurreratzeko arau orokorrak.

4. atala erantsi da, eta idazketa era honetan burutu da:
"4. Artikulu honen eraginetarako, ez dira aurre-hartzetzat hartuko taldeka doazen ziklisten artean egiten direnak".

34. artikulua. Aurreratzea gauzatzea.

4. atala erantsi da, eta idazketa era honetan burutu da:
"4. Ziklo edo ziklomotor bat, edo multzo bat, aurreratu nahi duten ibilgailu automobiletako gidariek galtzadaren kontrako erreiaren zati bat edo errei osoa okupatu beharko dute, betiere aurreratzea araudian aurreikusitako moduan egiteko baldintzak daudenean. Guztiz debekatuta dago aurreratzea kontrako noranzkoan zirkulatzen ari diren txirrindulariak arriskuan jarri edo galaraziz gero".
37. artikulua. Aurreratzeko egoera bereziak.

Idazketa era honetan burutu da:
"Bidean, aurreratzea debekatuta dagoen zati batean, martxaren noranzkoko erreian galtzadaren zati bat edo galtzada osoa hartzen duen ibilgailu ibilgetu bat dagoenean, aurrea hartu ahal izango zaio –ibilgetzea trafikoaren beharrak hala eskatua ez baldin bada–, nahiz eta horretarako kontrako noranzkoko galtzadaren zatia hartu behar izan, eta maniobra arriskurik gabe egin daitekeela egiaztatu ondoren. Baldintza berak izanda, aurrea hartu ahal izango zaie bizikleta-gidariei".

42. artikulua. Argiak nahitaez erabiltzea.

3. atalaren idazketa era honetan burutu da:
"3. Bizikletek, gainera, Ibilgailuen Araudi Orokorrean zehazturik dauden elementu islatzaile guztiak izan beharko dituzte, behar bezala homologatuta. Argiak nahitaez erabili behar direnean, bizikleta-gidariek argiak piztuta izateaz gain, jantzi islatzaileren bat eraman beharko dute jantzita, hiriarteko bide batean zirkulatzen ari direnean".

45. artikulua. Ateak.

Idazketa era honetan burutu da:
"Debekatuta dago ibilgailuko ateak irekita eramatea, ibilgailua guztiz ibilgetuta egon baino lehen irekitzea, edo aldez aurretik arriskurik ez dagoela edo beste erabiltzaileak galarazten ez direla egiaztatu gabe ateak irekitzea edo ibilgailutik ateratzea, bereziki inguruan bizikleta-gidariak badaude."

Eranskina.

68. atalaren idazketa era honetan burutu da:
"68. Gelditzea: ibilgailu bat ibilgetzea bi minutuz baino denbora laburragoan; gidaria ezin izango da autotik irten."
70., 71., 72., 73., 74. eta 75. atalak erantsi dira, eta era honetan burutu da idazketa:
"70. Bizikleta-bidea: zikloak ibiltzeko bereziki egokitutako bidea, beharrezkoak diren seinale horizontal eta bertikalak dituena, eta ibilgailu horiek segurtasunez igarotzeko adinako zabalera duena.
71. Bizikleta-erreia edo bidegorria: galtzadari atxikita doan bizikleta-bidea, noranzko bakar batean edo bi noranzkoetan.
72. Bidegorri babestua: galtzadatik eta espaloitik fisikoki bereizten duten elementuak dituen bidegorria.
73. Bizikleta-espaloia: espaloiaren gainean seinalatutako bizikleta-bidea.
74. Bizikleta-pista: : ibilgailu motordunen trafikotik bereiztuta dagoen bizikleta-bidea, errepideen trazadura ere bereizia dela.
75. Bizikleta-bidezidorra: oinezko eta zikloentzako bidea, ibilgailu motordunen trafikotik bereiztuta, gune ireki, parke, lorategi edo basoak zeharkatzen dituena".

Bosgarren xedapen gehigarria.

Gobernuak aldatu egingo du urtarrilaren 17ko 13/19992 Errege Dekretuak onartutako Zirkulazioaren Araudi Orokorraren R-407 (zikloentzako bidea) seinalea, seinale hori agertzen den tokietan ziklomotorrek zirkulatzeko betebeharra izan ez dezaten.

 

Ibilgailuen Araudi Orokorra, 1998. urtekoa.

Abenduaren 23ko 2822/1998 ERREGE DEKRETUA, IBILGAILUEN ARAUDI OROKORRA onartzen duena (BOE, 1999-1-26). Laburpena.

III. Titulua. II. Kapitulua. Zikloak, abereek tiratutako ibilgailuak eta tranbiak.

22. artikulua. Zikloak eta bizikletak.

1. Zikloek, zirkulatu ahal izateko, elementu hauek izan beharko dituzte:
Balaztatzeko sistema egokia aurreko eta atzealdeko gurpiletan.
Txirrin bat. Debekatuta dago txirrina ez den beste edozein soinu-tresna erabiltzea.
2. Bestalde, gauez, tunela adierazten duen seinalea duten bide-zatietan, edo ikuspena era nabarmenean murrizten duten meteorologia- edo ingurune-baldintzak daudenean zirkulatzeko, zikloek –bizikletez kanpo– elementu hauek izan beharko dituzte:
Posizio-argia, aurrekoa eta atzekoa.
Atzealdeko eta alboko katadioptrikoak, hiruki-formakoak ez direnak.
Katadioptrikoak pedaletan.

3. Bizikletak eta pedalei eragiteko laguntza duten bizikletak homologatuta dauden motetakoak izango dira, I. eranskinean zehaztutako arauen arabera.
4. Bizikletek gauez, tunela adierazten duen seinalea duten bide-zatietan, edo ikuspena era nabarmenean murrizten duten meteorologia- edo ingurune-baldintzak daudenean zirkulatzeko honako tresna hauek izan beharko dituzte: aurreko eta atzeko posizio-argia, atzeko katadioptrikoa; era berean, gurpiletako erradioetan eta pedaletan ere katadioptrikoak eraman ahal izango dituzte.
5. Artikulu honetan aipatzen diren gailu guztiak homologatuta egongo dira, I. eranskinean zehaztutako arauen arabera.
6. Zikloek eta bizikletek ezin izango dute atoirik edo erdiatoirik lotuta eraman.