Maletategia duten herri arteko autobus gehienek bizikleta ekipaje gisa garraiatzea onartzen dute, eta gomendagarria da bizikletak sartzeko poltsa batean edo paketatuta, behintzat, eramatea.

Batzuetan, gehigarri bat kobratzen dute bizikleta garraiatzeagatik. Hortaz, abiatu aurretik hobe da galdetzea aukeratu duzun konpainiari.

Gipuzkoako hiri arteko autobusetan (ibilbide motzekoetan), bizikleta tolesgarriak eraman daitezke, 100x65x40 cm baino gehiago ez badute neurtzen.

Herri barruko autobusak

Donostiako DBUS konpainia. Hiriaren goi aldeetara doazen lineetan, bizikleta doan eraman daiteke zenbait ordu tartetan.

Maldan gora hasi aurretiko geraleku hurbilenean bakarrik eskaintzen da aukera hori.

Autobusera bizikletarekin igotzea onartzen dela adierazteko, dena delako geralekuak identifikazioko bereizgarri bat du; bereizgarri horretan, aukera hori eskaintzen duten lineen zenbakiak azaltzen dira.

Jabeak bere bizikleta lotu behar du autobusetan dauden segurtasuneko uhalen bidez.

Autobus bakoitzean bi bizikleta onartzen dira gehienez; edozein eratara, gurpil-aulkiek eta haur-kotxeek lehentasuna izango dute beti.

Horregatik, ezin da autobusera bizikletarekin igo, autobusak gurpil-aulki edo haur-kotxeren bat badarama.

Bizikletak onartzen diren geraleku batean jende asko baldin badago zain, bizikletarik gabeko bidaiariek lehentasuna izango dute bizikletadunen aurrean.