Bizikletaz ibiltzeak onura ugari sortzen ditu. Egunero bakarrik 10 minutuz pedalei eragiteak muskulatura eta giltzadurak sendotzen ditu eta zirkulazio-sistema bizkortzen du.

Bizikletan astean lau orduz ibiltzea nahiko erraz lor daitekeen batezbestekoa da, egunero egiten ditugun ibilbide labur ugarietan erabiliz gero; eta hori nahikoa da era askotako gaixotasunak izateko arriskua era nabarmenean murrizteko.

Bizikletaz era neurritsuan eta erregulartasunez ibiltzeak onura fisiko eta psikologikoak ekartzen dizkigu:

  • Immunologia-sistema indartzen du.
  • Odol-presio altuak prebenitzen ditu.
  • Bihotza, muskuluak, hezurrak eta tendoiak sendotzen ditu.
  • Odoleko azukrearen oreka hobetzen du.
  • Kolesterol kaltegarriaren xurgatzea orekatzen du.
  • Hezur ahulak, bihotz-hodietako gaixotasunak, minbizia eta diabetesa izateko arriskua murrizten du.
  • Estresa, barne-herstura edo antsietatea, tentsioak eta depresio arinak murrizten ditu.
  • Digestio-prozesuak errazten ditu.
  • Organismoan dugun gehiegizko koipea erretzen du.

Erresuma Batuan egindako ikerketen arabera, bizikleta maiztasunez erabiltzen duten pertsonak urte gehiagotan bizi dira, eta osasun-egoera hobean gainera, bizikleta erabiltzen ez dutenak baino. Ziklisten Federazio Daniarrak antzeko datuak eskaini ditu, ikerketa medikoetatik ondorioztatuak, eta aditzera eman du Danimarkan, batez beste 3 km ibiltzeko bizikleta egunero erabiltzen duten 5 milioi daniarrek 40.000 urte gehitzen dizkietela beren bizitzei.

Enpresaren esparruan, asko dira bizikletaren erabilera langileen artean sustatzeko ekimenarekin bat egin duten enpresak, horrek ekartzen dizkien onurak ikusita. Bitarteko hori erabiltzen duten langileen artean, lanera ez agertzea eta baja medikoak % 20raino murriztu dira.

Bizikleta lekualdatzeko erabiltzea era on bat izan daiteke mendebaldeko gizarteetan sedentarismo edo egoneko bizitza egiteko dagoen joerari eta jarduera fisikorik ez egiteak osasunean sortzen dituen kalteei aurre egiteko.

Pedalei osasuntsu eragiteko aholkuak

1. Bizikleta aukeratzeko orduan, garrantzitsua da kontuan hartzea zer lurrazal motatan ibiliko garen, egokia izan dadin. Bizikleta hibridoak edo paseokoak aukera ditzakegu, hirian eta leku lauetan ibiltzeko; mendiko bizikletak, leku gorabeheratsu edo aldapatsuetan ibiltzeko; edo lasterketa-bizikletak, errepidean ibiltzeko.

2. Era berean, garrantzitsua da ziurtatzea aukeratutako bizikleta gure garaierari ondo egokitzen zaiola.

Hiriko bizikletaren kasuan, dagokigun xasis-neurria zein den jakiteko, iztartearen eta oinazpiaren arteko distantzia bider 0,6 egin behar da.

Lasterketa-bizikletak eta mendiko bizikletak direnean, biderkatu beharreko kopuruak 0,65 eta 0,55 izango dira, hurrenez hurren.

3. Jarlekuaren garaiera behar bezala finkatzeko, bizikletan eseri eta erraz iritsi beharko dugu beheko pedalera, hanka ia guztiz luzatuta daukagula.

Ez dugu jarlekua oso behean ipini behar, hanka guztiz ez luzatzeak eragiten digun muskulu-esfortzuaren ondorioz azkarrago nekatuko garelako. Aitzitik, altuegi jarri baldin badugu, arazoak izango ditugu tendoietan.

4. Eskulekua ere oso garrantzitsua da pedalei eragiteko orduan. Hobe da eskulekua zuzena izatea, bizkarrezurraren posizioa erosoa izan dadin eta neka ez dadin. Eskulekuaren garaiera egokia 2 eta 10 cm bitartekoa da jarlekuaren gainetik.

Lasterketa-bizikletak edo mendiko bizikletak direnean, bizkarrezurra ez dago tente. Lasterketa-bizikletetan, eskulekuak hainbat posizio ditu, eta behekoena aerodinamikoena da. Mendiko bizikletako eskulekuan elementu osagarriak jarriz gero, posizioa aldatu ahal izango dugu pedalei eragitean.

5. Gehiegikeriak ez egitea funtsezkoa da bizikletan errendimendu ona izateko. Gehiegizko esfortzua egitearen ondorioz lesioak gerta daitezke orkatiletan, belaunetan edo bizkarrean.

6. Kirola maiztasunez egiten ez dutenentzat, hasiera batean onena da astean hiru aldiz 10 edo 15 minutuz pedalei eragitea neurrizko eta etengabeko abiaduraz, eta horrekin batera beste jarduera bat egitea, ibiltzea edo igeri egitea, esaterako.

7. Soina beti jantzita eraman behar dugu, horrela ez dugu hotzeririk harrapatuko izerdiak eta brisak elkar ukitzen dutenean. Odol-garaztapena hobetuko dugu, bizikletaz ibiltzean jantzi egokiak erabiltzen baditugu.

8. Ura edatea garrantzitsua da ez deshidratatzeko, eta behar bezala elikatzea ere garrantzitsua da.

9. Haurrak baldin badaude, oso kontuan hartzekoa da kaskoa erabiltzea.