2015eko  martxoan, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak “Bizikletaren Estrategia 2014-2022” behin betiko onartu zuen. Erreminta honen helburu nagusia Gipuzkoan bizikletaren erabilera areagotzea da, ibilgailu motordunen aurrean benetako alternatiba ehunduz. Helburu horri jarraiki, politikak, jarduera-ildoak eta programak zehazten ditu Estrategiak. Berau gauzatzeko behar diren baliabideak eta beste administrazio eta eragile batzuekin koordinatzeko sistemak, eta ebaluatzeko mekanismoak, definitzen ditu baita ere.

Bizikletaren Estrategia bizikletaren foru-politikan aurreikusitako ataletako bat da, Gipuzkoak dituen bi dokumentu juridiko-administratibo nagusietan xedatzen den moduan: Bizikleta Bideen Foru Araudian eta Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean (GBBLAP).

Bizikletaren Estrategiak, bizikleta-mugikortasunaren politikaren ibilbide-orria definitzen du foru-ikuspegi batetik, bizikletaren erabilera susta dezaketen hainbat arlo bere baitan hartuz: garraioak, bide-segurtasuna, hirigintza, lurralde-antolaketa, ingurumena, energia, hiritarren parte-hartzea, ekonomia, fiskalitatea, industria, hezkuntza, ikerketa, osasuna, kirola, aisia eta turismoa, haurtzaroa eta gaztaroa, mugaz gaindiko lankidetza…
Izan ere, helburu nagusia lortze bidean, erabakigarriak dira hirigintza-eredua, esparru ekonomikoa eta fiskala, garraio-azpiegituren politika orokorra eta hiri-mugikortasunaren eta trafiko motorizatuaren abiadura eta intentsitatearen kudeaketa propioa egitea. Horregatik, Estrategia, Gipuzkoako Foru Aldundiko politika publikoen barruan txertatzen da, eta ondorioz, haren eskumenekoak diren udal administrazioen politiketan. Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundian dagokien departamentu guztiak bizikletaren politikan txertatzea helburutzat du Estrategiak.
 

Ekintza-ildoak modu sistematizatuan

Bizikletaren Estrategiaren bidez, bizikletaren aldeko politika eta gai honen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, bereziki, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketarako Departamentuak bultzatu beharko lituzkeen ekintza-ildo nagusiak modu sistematizatuan antolatu nahi dira. Azkeneko helburua Bizikleta Sistema Integral bat eratzea izango litzateke, bizikleta-erabiltzaile kopurua handitzera bideratutakoa.
Halaber, herritarren artean balioak eta ohiturak aldatzeko prozesu bat bultzatu nahi da, gizartetik eta erakundeetatik, bizikleta-mugikortasunaren alde.
Azkenik, Gipuzkoa bizikletaren erabileraren normalizazioan Europako parametroetan kokatzea da beste helburuetako bat, mugikortasun iraunkorragoaren alde lan egiten duten lurraldeen taldean sartuz.

Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiak ezartzen duen ibilbide-orria ondorengo ardatz estrategikoen bidez garatzea aurreikusi da:
1. Udal-azpiegitura eta zerbitzu-sareak osatu eta hobetzea
2. Foru-azpiegitura eta zerbitzu-sareak osatu eta hobetzea
3. Bizikletak galtzadetan txertatzea: trafikoa baretzea
4. Bizikleta eta motordun ibilgailu kolektiboen intermodalitatea hobetzea
5. Bizikleta aukera turistiko eta naturarako sarbide bihurtzea
6. Bizikleta eguneroko jarduera fisikoan eta osasunean txertatzea
7. Bizikleta-zirkulazioa ikastetxeetako sarbideetan eta prestakuntzan txertatzea
8. Bizikleta lantokien sarbideetan sustatzea
9. Bizikleta eta mugikortasunaren pertzepzio soziala aldatzea
10. Bizikleta babesteko plangintza- eta arau-esparru bat sortzea
11. Bizikleta-politika kudeatzeko tresnak berrindartzea edo sortzea

Ardatz horietako bakoitza esku-hartzeko programa espezifikoen bidez garatuko da, eta programa horiek neurri zehatzen bidez. Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia zortzi urteko behin behineko epean garatuko da. Esku-hartzeko eremua Gipuzkoa osoa izango da eta kontuan izango dira administrazio bakoitzaren eskumenak. Lehen laurtekoa pasa ondoren berrikusi egingo da, ezarritako helburuak zein neurritan bete diren aztertzeko.


Gipuzkoako Bizikleta-Sistema Integrala

Bizikletaren aldeko politikan sakontzeko irekita dauden edo ireki behar diren fronteak asko dira, eta horregatik da premiazkoa Bizikletaren Estrategiak adierazi nahi duen moduko dokumentu sistematizatzailea eta integratzailea. Hain zuzen, Gipuzkoan bizikletaren aldeko politika Bizikletaren Estrategiaren bidez esplizitatuko eta sistematizatuko da, gipuzkoarren bizimoduan bizikletaren normalizazioa eta zabalkundearen bidea jarraituko duten programak kudeatu eta burutzeko gaitasuna dauka-eta. Hauxe da, Gipuzkoako Bizikleta Sistema Integrala izenarekin, Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean garatzen den kontzeptua, Gipuzkoan bizikletak erabiltzeko baldintzak osatzen duten zerbitzu-, azpiegitura- eta erregulazio-multzoan laburbil daitekeena.

Bizikletarentzat azpiegitura-politika bat ezartzea ez da nahikoa, eta neurrien ingurune zabalagoa eta aldekoagoa behar da. Hori egiaztatzearen ondorioz sortu zen aipatutako kontzeptua: “Definitzen duen azpiegitura-sarea ez da berez helburua, baizik eta beste xede handiago bat lortzeko pentsatuta dago, eta, datozen urteotan, dimentsio osoa hartzen joan beharko da: bizikleta-sistema integral baten artikulazioa, bizikleten eta bizikleta-bideen erabilera Gipuzkoako hiri/hiriarteko garraio aktiborako sozializatzeko. Hori ezingo litzateke lortu hazten ari den ekintza-programa bat osatzen duten eta elkar erlazionaturik dauden beste tresna askorik gabe”.

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. Behin betiko dokumentua
GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIAREN KUDEAKETA-PLANA 2015

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. 2015eko kudeaketa planaren ebaluazioa

GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN ESTRATEGIA. 2016ko kudeaketa planaren ebaluazioa