Bizikleta

Mendiko bizikleta, era berean BTT edo lur orotako bizikleta izendatua, oso zabaldu da azken urteotan. Bizikleta mota hori erabilera anitzekoa izan daiteke, eta lur mota guztietan ibiltzeko erabil daiteke; horrela bada, bizikleta bakar batez, gure behar guztiei erantzun geniezaieke. Pneumatikoak zabalak dira eta, horri esker, erosoak eta erabilerrazak dira, eta gehienetan plater hirukoitza dute, aldapa handiak igotzea erosoagoa izan dadin. Pneumatikoak aldatuz gero, hau da, serieko zabalen ordez kubierta leunagoko pneumatiko estuago batzuk jarriz gero, gure BTT hirian ibiltzeko egokiago bihur dezakegu, azken pneumatiko horiek erresistentzia txikiagokoak baitira eta, horrela, pedalei errazago eragingo baitiegu. Nolanahi ere, argi dago bizikleta horietan ibiltzeko lur aproposena landa-eremua dela, hor probetxurik onena aterako baitiegu mendiko bizikletei.

BTT erako bizikleta, lur mota bakoitzean ibiltzeko beharrezkoak diren aldaketak eginda, era guztietako tokietan erabil daiteke: hondarrezko, lohizko, harrizko pistetan, eta elur edo izotz gainean ere ibil gaitezke, iltzedun gurpilak izanez gero.

Nola aukeratu kubiertak zure BTTrentzat

Kubierta-modelo ugari daude, eta komenigarria da lurrari eta bizikletaz ibiltzeko topatuko ditugun egoerei hoberen egokitzen direnak aukeratzea.

Ziklista konformaerrazak kubierta misto edo erabilera anitzekoa aukera lezake; kubierta mota hori nahiko ondo moldatzen da lur mota guztietara eta baita asfaltora ere eta, era horretan, pneumatikoak ez dira maizegi aldatu behar. Baina, hain erraz konformatzen ez den ziklistak kubiertak aldatu ahal izango ditu, zer lur motatan ibiliko den kontuan izanda.

Bi oinarrizko kontzeptu daude: kubiertaren zabalera (perimetroa neurtzen da, metrotan), eta marrazkia.

Zabalera

1.70 - 1.95 neurriko kubiertak Kubierta meheak
> 2.00 neurriko kubiertak Kubierta zabalak

Kubiertak zenbat eta zabalagoak izan, orduan eta erosoago ibiliko gara bizikletan eta handiagoa izango da itsaspena. Aitzitik, kubierta horiek lur asfaltatuetan edo antzekoetan erabiliz gero, askoz ere astiroago ibiltzen da kubierta meheak erabiliz gero baino.

Marrazkia

marrazkia eskultura helburua
Marrazki sakona Tako handiak Lur askea, harriak, harea, lohia
Marrazki sakonera ertainekoa Tako ertainak Lur gogorra, hartxintxarrak dituena
Erdislick-ak Lauak erdian eta takoak alboan

Lur gogorra, hartxintxar gutxi duena

Marrazkia zenbat eta sakonagoa izan, orduan eta itsaspen handiagoa izango du gurpilak; hala ere, lur asfaltatu edo antzekoetan, askoz ere astiroago ibiltzen da, kubierta leunak erabiliz gero baino.

Oso lur lohitsuetan ibiltzeko truku bat: hasiera batean, pneumatiko zabala –2,00-tik gorakoa– eta marrazki sakonekoa erabiltzea logikoa dela badirudi ere, hoberena kubierta meheak (1,7 eta 2.0 bitartekoak) erabiltzea da, lur lohitsuan "iltza" daitezen eta lohia gurpiletara itsatsi ez dadin. Takoak handiak izango dira, baina bata bestearen artean oso bereiztuak, lohia erraz aska dadin.


Moteltzea

BTTren osagarri garrantzitsuenetako bat motelgailua da, lur gorabeheratsuetan bestela zuzenean jasan beharko genituzkeen talka gehienak moteltzen baitituzte. Motelgailua aurreko urkilan koka daiteke, jarlekuko hodian, edo koadroaren atzealdean; baina, zalantzarik gabe, ohizkoena motelgailua aurreko urkilan kokatzea da.

Urkilaren ezaugarriak eta prezioa moteltzeko sistemaren baitan daude erabat: malgukiak, airea, olioa, eta abar. Prezioak malgukien 150 euroetatik prestazio eta erregulatzeko kontrol gehiago dituzten modeloek –konpresioa, errebotea, blokeoa eta urkilaren ibilbidea aldatzeko egokigailuak– balio duten 600 euroetara doaz. Blokeo-kontrolek, oro har, konpresio-sistemari eragiten diote eta, era horretan, urkila zeroraino jaistearen ekintza blokeatzea lortzen da (asfaltatutako goranzko aldapa batean, eraginkorragoa da motelgailua blokeatzea).

Motelgailua duen urkila bat aukeratzeko orduan, hauek dira kontuan hartu beharreko bi funtsezko ezaugarriak:

• Konpresioa: moteltzeko orduan dagoen gogortasuna da. Konpresioa handiagoa denean, urkila ez da hainbeste jaisten, eta konpresioa txikiagoa denean, urkila gehiago jaisten da eta leunagoa da. Konpresioan aire-sistema duten urkilak goi-presioko ponpa bereziaren bidez erregulatzen dira, eta malguki-sistema dutenak, kontrol baten bidez (diala) erregulatzen dira.

• Errebotea: Urkilak, bide-zulo batean edo harri baten aurka jo eta gero, bere gehieneko luzerara itzultzeko duen abiadura da.

Pedal automatikoak

BTT bat betiko pedalak dituela erabil daiteke, hiriko edo paseoko edozein bizikleta bezala; hala ere, pedal automatikoak nabarmen zabaldu dira, eta gero eta erabiliagoak dira. Pedal mota horien bidez ziurtatzen da oinetakoak eta pedalak elkarri irmoki helduta daudela, eta pedalei era ziurrago eta eraginkorrean eragitea ahalbidetzen dute.

Pedal automatikoak erabiltzeko oinetako bereziak jantzi behar dira: oinetako horiek zolan metalezko pieza txiki bat dute (kala), pedalarekin lotzen dena. Duten arazo bakarra pedal mota horiek hasieran erabiltzen direnean oinetakoa askatzean sortzen da, alegia: oina, lurrean jartzeko, pitin bat biratu behar dugu eta, horren ondorioz, geldirik egonda, erorketak suertatzen dira. Hala ere, berehala ikasten da mugimendu hori sistematikoki egiten, horretan pentsatu behar izan gabe.

Oina pedalei finko lotuta eramateak abantaila ugari ditu:

• Pedalei eragitean sortzen dugun indarra hobeto aprobetxatzen dugu.
• Pedalarekin ukipena galtzeagatik gertatzen diren erorikoen arriskua desagertzen da.

Zer pedal automatiko mota daude?

Erabilienak, zalantzarik gabe, pletina, malguki eta elastomeroek osatutakoak dira; baina, zorrotzenentzat beste pedal mota batzuk daude, oso lohitsuak diren lurretan ibiltzeko: time eta speedplay sistemak, esaterako.

Bestalde, adarrak ere asko erabiltzen dira. Oso egokiak dira goranzko aldapa gogorrei aurre egiteko, indarra ahalik eta gehien aprobetxatzeko pedalei zutik gaudela eragite diegunean bizikleta erraz kulunkatzeko aukera ematen dutelako.

Jantziak

Mendiko bizikletan ibiltzeko oinarrizko jantziak ez dira beste ziklismo mota bat egitean erabiltzen direnen ezberdinak: maillot eta kulota, oinetakoak, kaskoa, betaurrekoak, eskularruak eta, neguan ibiliz gero, mahuka-erdiak, gore-tex materialezko jantzi beroren bat eta maillot termiko bat.

  • Maillot
  • Kulota
  • Oinetakoak
  • Kaskoa
  • Betaurrekoak
  • Eskularruak