Aurreiritziak dira bizikletaren etsai nagusia. Batzuen iritziz, bizikleta ez da egiazko ibilgailu bat; jostailu bat omen da gehienez, kirola egiteko tramankulu bat, pobreen, ekologisten eta xelebreen ibilgailu bat.

Beste batzuek diote badela ibiltzeko modu bat, baina arriskutsua eta oso nekagarria. Beste batzuek, aldiz, ez direla bizikletan ibiltzeko jaio, besterik gabe.

Nola jakin dezakegu bizikleta ibiltzeko modu ezin hobea izan daitekeela  guretzat? Probatzea da kontua. Era askotako bizikletak daude, eta baita bizikleta osagarriak ere, gure behar eta berezitasunentzat guztiz egokiak.

Bizikletan ibiltzen hasiz gero, ustekabeko sentipen atseginak izango dituzu, eta ohartuko zara, gainera, ibilgailu azkarra eta erosoa dela, zure eguneroko joan-etorri gehienetan erabiltzeko modukoa.

Jarraian, argibide batzuk ematen dizkizugu, balio dezaketelakoan bizikleta zergatik den  munduko ibilgailurik erabiliena ulertzeko. Ausartu zaitez, eta zeure kabuz ikasi zein atsegina den bizikletaz ibiltzea. Ez zara damutuko!