Bizikletaren historia zaharra da; baina, aspaldiko denboretan atzera joan gabe ere, bizikleta hiriko garraiobide gisa ulertuta pixkanaka nagusituz joan dela ikus dezakegu.

Bizikleta herritar guztientzat, edozein helmugatara iristeko, eta egoera guztietan baliagarria ez den ibilgailua kontuan hartuta ere, garraiobide horrek hirietan eta hiri-inguruetan eskaintzen dizkigun abantailak ugariak dira, garraiobide funtzionala den aldetik:

  • 8 km-tik beherako distantzietan, bizikleta autoaren ordezkoa izan daiteke, arazorik gabe. Bizikletaz 15 km/h-tik 25 km/h-ra bitarteko abiaduran joan daiteke eta, hirian, autoaren ordez erabil daiteke distantzia laburretan, denboretan ez baitago alde handirik.
  • Hainbat adinetako pertsonek erabil dezakete bizikleta.
  • Bere kostua kontuan izanda, edonork eros dezake bizikleta bat.
  • 10 min gutxi gorabehera, 3,2 km egin daitezke bizikletaz, eta auto-ilarak saihets daitezke.
  • Bizikletak ez du leku handirik hartzen, eta erabiltzeko eta fabrikatzeko ez dira hainbeste baliabide erabili behar. 3,5 m zabal den galtzada batean, 2.000 lagun ibil daitezke autoan; bizikletan, aldiz, 14.000 lagun ibil daitezke.
  • Bizikletak ez du kutsatzen, eta ez du zaratarik sortzen.
  • Gidariek elementu kutsatzaile gehiago inhalatzen dituzte, ziklistek baino.
  • Bizikleta erabiltzeak abantailak ditu osasunari dagokionez.

Bizikleta osoko ikuspegitik ikusita, argi geratzen dira bitarteko hori erabiltzeak dakartzan onurak. Horregatik, Europako hiri askotan, hala nola Dublín, Ferrara, Estrasburgo, Graz edo Groninga onartu egin dute jadanik automobilaren erabilera murriztea komenigarria eta bideragarria dela, eta iraunkorragoak diren beste garraiobide batzuen erabilera sustatu dute, erabaki horrek hiri horien hazkunde ekonomiko edo sozialean eraginik sortu gabe.

Horrez gain, Europako Ziklisten Federazioa (ECF), Europako Batasunarekin lankidetzan, Europan zeharreko ibilbide-sare bat antolatzen ari da. Hamabi ibilbidek osaturik dago eta "EURO VELO" izena du.

Beraz, bizikleta gure hirien barruko eta inguruko mugikortasuna kudeatzeko orduan garrantzi handia izango duen garraiobidea da. Argi dago zeintzuk diren bizikletaren onurak:

  • Ekonomikoak: familiek auto bat erosteko eta mantentzeko erabiltzen duten diru-kopurua jaisten da; auto-ilaretan alferrik galtzen diren lanorduak murrizten dira; osasunaren alorrerako esleitutako kostuak murrizten dira, ariketa fisikoa maiztasunez egiteagatik, eta abar. Herbeheretan burutu den kalkulu zorrotz baten emaitza argia da: bizikleta erabiltzearen ondorioz, urteko 2.100 milioi aurreztea lortuko da. Horrez gain, hirietako erdiguneetako merkataritza berpiztu egingo da. Langileen artean lantokira joateko garraiobide hori erabiltzea sustatzen duten enpresek kostuak aurrezten dituzte, eta lanera bizikletaz joatea erabakitzen duten langileek osasun hobea dute. Era horretan, laneko bajak ere murriztu egiten dira.
  • Politikoak: gure energi mendekotasuna txikiagoa izango da eta berriztagarriak ez diren baliabideak aurreztuko ditugu.
  • Sozialak: mugikortasunaren demokratizazioa handitu egingo da: gazteek, adineko pertsonek eta autorik erosi ezin duten herritarrek autonomia eta zerbitzu guztietara iristeko erraztasun handiagoak egongo dira. Gizartearen sozializazioa ere erraztuko da, automobilek lehen erabilitako plaza eta kaleak berreskuratuko direlako eta bizikidetza eta trukatze soziala sustatuko direlako.
  • Ekologikoak: Bizikletaren erabilera onura ekologikoa da, erabilera horrek auto pribatuarena ordezkatzen baitu eta, horrela, ingurumenean arazo gutxiago sortzen baitira.