• Ziklista bat aurreratu nahi baldin baduzu, manten ezazu 1'5 m-ko distantzia gutxienez, eta murriztu abiadura, zure ibilgailuak sortzen duen aireak ziklistari egonkortasuna galeraz bailiezaioke eta ziklistak oreka galdu ondoren eror bailiteke.

• Ziklistak paraleloan dabiltzala ikusten duzunean, egon lasai, horrela ibiltzen direlako ikusgarriago izateko.

• Trafikorik ia ez dagoen errepideetan, ona da klaxona erabiltzea ziklistari gertu zaudela adierazteko, baina ez jo gertuegi, ziklista izutu bailiteke.

• Autoa aparkatu ondoren autotik irten nahi baldin baduzu, atea ireki baino lehen egiazta ezazu ziklistarik ez datorrela.

• Semaforo, biribilgune edo bidegurutzetan, ziklista beste ibilgailu bat balitz bezala tratatu behar dugu; beraz, ziklistak lehentasuna izanez gero, itxaron ezazu eta utzi pasatzen.

Zirkulatzeko gomendioak

Iturria: Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak argitaratzen duen aldizkariaren 161. zenbakia, 2003ko uztaila-abuztua.

 

1. ESKUINEKO BIDEGURUTZE BATEAN.

Ziklista bere eskuinetik zirkulatzen ari da. Kale perpendikular batetik (edo garaje batetik) automobil bat irten da eta ziklista jo du, edo ziklistak autoaren kontra jo du.

Zer egin...

Bizikleta:
Gauez nahitaezkoa da aurreko argi bat eta atzeko beste bat eramatea. Txirrina erabili behar duzu, bai egunez, bai gauez, eta murriztu abiadura, behar izanez gero geratu ahal izateko moduan. Bidegurutzera hurbildu ahala, erreian ezkerralderago jarriz gero, auto-gidariak zu ikusteko aukera gehiago egongo dira.

Kotxea:
Bidegurutze batean zaudela, gogoratu autoak baino eskuinalderago ibiltzen diren bizikletak, ziklomotorrak edo motozikletak egon daitezkeela. Egiazta ezazu ibilgailu "ahul" horiek hor ote dauden.


2. IBILGAILU BATEN ATEAREN KONTRA.

Ziklista eskuineko erreian zirkulatzen ari da, eskuinaldean aparkatuta dauden autoekiko paraleloan. Bat-batean, gidari batek atea ireki du eta ziklistak ez du geratzeko astirik izan.

Zer egin...

Bizikleta:
Erreian, zirkula ezazu ezkerralderago, ezustean irekitzen den ate baten kontra ez jotzeko, eta aparkatutako autoei adi. Arreta handia izan: gidari batek atea ireki dezake zu hor zaudela konturatu gabe.

Kotxea:
Errepidera ematen duen atea ireki baino lehen (orokorrean ezkerrerantz), begiratu atzerako ispiluan, ibilgailurik ez datorrela egiaztatzeko. Eta ireki atea kontu handiz: baliteke norbait egotea eta zu atzerako ispilutik ikusi ez izana.


3. ESKUINEKO BIRA EMATEAN, SEMAFOROA DAGOELA.

Semaforoa gorriz dagoela, ziklista bat, eskuin-eskuinean, eta automobil bat daude geldirik paraleloan. Semaforoa berde jartzen denean, ziklista eta automobila abiatzen dira, ziklista aurrerantz jarraitzeko eta autoa eskuinerantz bira emateko. Elkarren kontra jo dute.

Zer egin...

Bizikleta:
Ez gelditu inoiz automobilaren ikusangelu hilean, atzerago baizik, edo eskuinean baina zertxobait atzerago. Era horretan ez zara angelu hilean egongo, eta gidaria abiatzen denean, duen bira-erradioagatik, ez zaitu harrapatuko. Nahitaezkoa bada ere, gidariek ez dute beti adierazten bira eman behar dutela.

Kotxea:
Bira eman behar duzunean, arau honi jarraitu: begiratu, ohartarazi eta, egokia bada, egin maniobra. Kontuan har ezazu bizikletak eta ziklomotorrak zure eskuinean geldirik egon daitezkeela eta bira ematean jo ditzakezula.


4. AURRERATZEA ETA ESKUINERANTZ BIRATZEA.

Automobil batek bere eskuinetik doan ziklista bat aurreratu du. Ondoren, ziklistaren aurretik bira eman du eta biek elkarren kontra jo dute, gidariak gaizki kalkulatu duelako ziklistaren abiadura.

Zer egin...

Bizikleta:
Talka hori saihestea guztiz zaila da, ziklistak azken unera arte ez baitu ikusten ibilgailuak bira emateko asmoa duela, eta ez du balaztatzeko edo saihesteko astirik. Aholku bakarra da atzerako ispilutik maiz begiratu behar dela, edo burua biratu, bidegurutze batera iritsi baino lehen atzealdean zer gertatzen den ikusteko.

Kotxea:
Saia zaitez ziklistaren benetako abiadura kontuan hartzen –kontuz! batzuetan oso zaila izaten baita ibilgailu horien abiadura ondo kalkulatzea–, eta ohartarazi beti zure maniobrez. Gogora ezazu beste ibilgailu baten aurretik bira ematen duzunean, ez diozula bidea oztopatu behar.


5. BIZIKLETAK ESKUINETIK AURRERATZEA.

Bizikletak eskuinetik aurreratu du abiadura motelean zirkulatzen ari den automobil bat; bat-batean, autoak eskuinerantz bira eman du aparkatzeko edo eraikinen batean sartzeko.

Zer egin...

Bizikleta:
Hirian paraleloan zirkulatzea baimenduta baldin badago ere, ez aurreratu eskuinetik, eta aurretik doan ibilgailua astiro zirkulatzen ari bada, murriztu ezazu zure abiadura. Aurreratu behar baduzu, egin ezazu ezkerretik. Aurreratu baino lehen, begiratu beti jo nahi duzun alderantz –bestela beste ibilgailu baten kontra jo baitzenezake–, eta ohartarazi zure maniobraz.

Kotxea:
Ohartarazi beti zure maniobraz, baita aparkatu edo eraikinen batean sartu nahi duzunean ere. Era horretan, errepidean ari diren beste gidari edo ziklista batzuek zure asmoen berri izango dute eta asmo horietara moldatzeko aukera izango dute.


6. IBILGAILU BAT KONTRAKO NORANZKOTIK GURUTZATZEA.

Ibilgailu bat kontrako noranzkoan zirkulatzen ari da, eta ezkerrerantz bira eman du, ziklista baten ibilbidearen aurretik gurutzatuz eta ziklista joz.

Zer egin...

Bizikleta:
Eraman aurreko argia –gauez derrigorrezkoa da– eta murriztu abiadura ahal duzun guztia; horrela, autoak bira emango duela ikusten baduzu, gelditu ahal izango zara.

Kotxea:
Bira eman baino lehen, kontu handiz egiazta ezazu ez duzula aurrerantz joan nahi duen inongo ibilgailuren ibilbidea oztopatuko. Gogoratu bizikletak ere ibilgailuak direla, eta lehentasuna dutela.


7. ALBOKO TALKA.

Ziklista ezkerrerantz mugitu da bere erreiaren barruan, auto bat edo beste oztoporen bat saihesteko, eta beste ibilgailu batek harrapatu du atzetik.

Zer egin...

Bizikleta:
Ez lekualdatu inoiz ezkerretara, aldez aurretik zure atzean zer egoera dagoen jakiteko atzerako ispilutik, edo burua jiratuta, begiratu gabe. Alboko distantzia (1'5 m) mantendu gabe eta kontrako noranzko osoa edo zati bat hartuta aurreratzea debekatuta baldin badago ere, batzuetan ez da arau hori betetzen. Ez zirkulatu aparkalekuak dauden zonetan, ibilgailuak egon arren: oztoporen edo ibilgailuren batek ezkerrerantz mugitzera behar zaitzake eta.

Kotxea:
Bizikleta bat aurreratzean, kontrako noranzko osoa edo ia osoa hartu behar baduzu, errespeta ezazu segurtasunaren alboko distantzia, eta aurreikus ezazu ziklista "kulunka" daitekeela.


8. ATZETIK JOTZEA.

Ez da oso maiz gertatzen den istripua, baina bai ziklistek gehien beldurtzen dituena. Automobil batek atzetik jo du bizikleta bat, ikusi ez duelako (gauez), edo garaiz gelditu ez delako.

Zer egin...

Bizikleta:
Gauez ibiltzen bazara, nahitaezkoa da aurrean argi bat eta atzean beste bat eramatea –AEBetan, bizikletak nahastuta dauden talken % 60 gauez gertatzen da–. Zirkula ezazu zabalak diren eta trafiko motela duten kaleetan; era horretan, automobilak zu ukitu gabe igaro ahal izango dira eta, zu berandu ikusi arren, erreakzionatzeko astia izango dute. Era berean, gomendagarria da bigarren mailako kaleetan ibiltzea, batez ere asteburuetan, alkoholemiaren mugak gainditzen dituzten gidari gehiago egoten direlako.

Kotxea:
Zirkula ezazu ezarritako abiadura-mugak betez, eta errespeta ezazu segurtasun-distantzia ibilgailu guztiekin. Gidatu erne, eta ibilgailuko argiak segurtasun-baldintzetan eraman, zuk ikus dezazun eta zu ikus zaitzaten.