Mugi zaitez! Mugikortasun iraunkorra lantzeko unitate didaktikoa

Mugikortasun iraunkorrari buruzko unitate didaktiko honen bitartez ikasleei lagundu nahi diegu hobeki ulertzen mugikortasun iraunkorraren elkarreragintza korapilatsuak. Liburuki honetan Lehen Hezkuntzako hiru zikloetara egokitutako jarduerak proposatzen dira. Zehar lerroz txertatzen dira curriculumean jarduera guztiok, beraz errazagoa izan daiteke ikasgai guztietan erabiltzea. Jarduera guztiek helburu bakarra dute: herritar parte hartzaileak heztea, gaur egungo mugikortasun eredua auzitan jarri eta hobetzeko lanetan murgil daitezen, irtenbide egokiak bilatuz, hala nola garraio publikoa, bizikleta herri barruko joan-etorrietarako edota oinez ibiltzea, gure kaleetatik galdutako autonomia eta presentzia berreskuratzeko.

Deskargatu: 30MB

 

 

Gipuzkoako hezkuntza-zentroetan bizikleta gidatzeko ikastaroak emateko eskuliburua

Hirian bizikletaz modu autonomo eta seguruan ibil daitezen, lehen eta bigarren hezkuntzako haurrei ikastaroak emateko jarraibideak dakartza eskuliburu honek. Argitalpen hau, irakasleei, gurasoei eta hezkuntza-zentroetan mugikortasun arloko heziketan ardura duten pertsona guztiei zuzenduta dago.
Ikastaroaren helburu zehatzak ondoko hauek dira: txirrindularitza-gaitasun seguruak sustatzea eta garatzea, kalearen eta errepidearen erabilerari begirako jarrera positiboak garatzea eta kale eta trafiko inguruneen ezagutzak eta ulermena areagotzea. Ikastaro honek bi alderdi ditu: praktikoa eta teorikoa eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat (10-11 urte) pentsatuta dago, nahiz eta DBH-ko 1. mailan ere eman daitekeen. Xedea, bizikleta garraiobide gisa hirian txertatzea da eskola garaitik hasita.

Deskargatu: 10KB

 

 

Eskoletan bizikleta txangoak antolatzeko gidaliburu praktikoa

Bizikletaren mekanika, mantentze lan eta bestelako kontuei buruz gutxieneko ezagutzak biltzen dituen eskuliburu praktikoa. Eskuliburu honek, bizikleta mota zabalduenak zerrendatzeaz gain, bizikleten atal desberdinak aztertzen ditu (koadroa eta urkila, transmisioa eta abiadurak, ardatzak, balaztak...). Eskuliburu honen arabera, bizikletaren gainean oinarrizko ezagutzak edukitzea garrantzizkoa da: garbiketa, olioztatzea, zulaketen konponketa, mekanika, erreminta oinarrizkoak, eta abar.
Halaber, gidaliburu honek eskoletako aparkaleku eta bizikleta biltegiak ditu aztergai. Bukatzeko, bizikletan ibiltzeko eraman behar dugun oinarrizko hornidura (mekanikoa eta botikina) zerrendatzen du.

Deskargatu: 902KB

 

 

Gipuzkoan bizikleta garraiobide gisa erabiltzeari buruzko ikerketa soziologikoa 2014

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014. urtean bizikleta bidezko mugikortasunari buruz argitaratu zuen ikerketa soziologikoaren emaitzak jasotzen ditu txosten honek. Ikerketa honen helburua, bizikletaren erabiltzaile ez diren zein bizikletaren erabiltzaile diren Gipuzkoako biztanleen inguruko informazio eguneratua eta zorrotza eskuratzea izan da, ibilgailu honen sustapen ekintzak diseinatzen laguntzeko. Zehazki, 15 urtetik gorako 1.800 herritarren ezaugarriak, ohiturak eta iritziak jaso dira: bizikletaren inguruan gipuzkoarrok dugun irudia, bizikletarekiko daukagun interesa, Gipuzkoako etxebizitzetan dagoen bizikleta kopurua, sexuaren araberako erabilera, bizikleta hartzea oztopatzen dizkiguten faktoreak (eguraldia, zirkulazioa, aldapak), arriskuaren pertzepzioa, bizikleten lapurreta kopurua, bidegorri sarearen gaineko iritzia, eta abar luze bat.

Deskargatu: 5,7MB

 

 

Gipuzkoako bizikleta bideen eskuliburua

Gipuzkoako bizikleta bideen plangintza eta proiekturako gomendioak jasotzen dituen eskuliburu teknikoa da. Besteak beste, eskuliburu hau ondoko kontuei buruz mintzo da: bizikleta bide baten baldintza egokienak, bide eta erabiltzaileen tipologiak, diseinua, neurriak, bidegurutzeak, bide zoruak eta zolaketa, fabrikako egiturak eta obrak, drainatzea, seinaleztapena, argiteria, eta abar.
Argitalpen honek oinarri teorikoa eskaintzen du baita ere, bizikleta zergatik eta nola bultzatu behar den azaltzen duena. Izan ere, bizikletaren erabilera sustatzeko, bizikletaren politikak bere baitan hartu behar ditu, ez bakarrik azpiegituren eraikuntza, baizik eta horien kudeaketa eta bizikleta sustatzeko neurriak ere.

Deskargatu: 3,5MB

 

 

Gipuzkoako herri arteko bizikleta bideen seinaleztapenerako gomendioak

Bizikleta bideen seinaleztapena egiteko oinarrizko irizpideak eskaintzen dituen eskuliburua dugu Gipuzkoako herri arteko bizikleta bideen seinaleztapenerako gomendioak. Bereziki, herri arteko bizikleta bideetan ezarri beharreko seinaleztapenenean ardaztuta dago. Argitalpen honen xedea txirrindularien zein oinezkoen beharrak asetzea da. Gidaliburua, bizikleta bideen esparruan lan egiten duten udaletako eta foru administrazioko teknikariei zuzenduta dago.
Girder ingenieros S.L.-k landutako argitalpen honekin, bizikleta bideen planifikazioaren gaineko argitalpen teknikoen esparruan dagoen hutsunea bete nahi da, izan ere, aldizkari tekniko horietan ez baita seinaleztapena behar bezala landu. Gidaliburua idazteko, indarrean dagoen legezko araudia eta Gipuzkoako bizikleta bideen eskuliburua hartu dira oinarritzat.

Deskargatu: 15,5MB

 

 

Bizikletaren udal gidaliburua. Nola garatu bizikleta bidezko mugikortasunerako politika lokalak

Argitalpen honen bitartez bizikleta bidezko mugikortasunaren arloan lan egiten duen pertsonal teknikoaren gaikuntza hobetu nahi da, gero eta indartsuago datorren lan arlotzat ari baita jada finkatzen gure udaletan. Bertan bizikleta bidezko mugikortasunaren oinarri teorikoak, eta baita horrek mugikortasun iraunkorrean izan behar duen kokapena, arlo honetako esku-hartze publikoa egituratu behar duten ardatzen, eta toki mailako esferatik ekin dakiekeen jarduera-sorta zabalaren berri ere eskaintzen da.

Deskargatu: 2MB

Hegoak oinetan daude. Nerabeak, mugikortasuna eta espazio publikoa. Hezitzaile eta begiraleentzako gida praktikoa​

Argitalpen honen bitartez material praktikoa, atsegina eta interesgarria eskaini nahi diegu nerabeentzako zerbitzuetan eta gazteen arreta programetan lan egiten dutenei, edo nerabeekin lan egiten duten elkarteei, mugikortasun jasangarria eta bizikleta bidezko mugikortasuna gazteen sustapen programen edukietan kontuan har dezaten. Gidaliburu hau prestatzeko elkarlanean aritu dira GFAko Mugikortasun eta Garraio Publikoko Zerbitzua, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Zerbitzua; halaber, arlo horretan beren esperientzien ekarpenak egin dituzten zenbait udalen lankidetza ere jaso da.

Gidaliburua Marta Román geografo eta aholkulariak idatzi du (Grupo de Estudios y Alternativas 21, gea21), mugikortasuna haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin uztartzen duten azterlanetan ibilbide luzea duenak, hain zuzen.

Deskargatu: 2,3MB