I-5 Urola bailara

2. Azpeitia - Azkoitia

Bidegorri bakoitzak ezaugarri berezi eta bereizgarriak ditu. Inguruneak, bidegorriaren ezaugarri propioak eta erabiltzaileek ematen diote nortasuna bidegorri bakoitzari. Kasu honetan, gainera, hurbil egon arren izaera propioa duten bi herri batzen ditu 4 kilometroko luzera duen bide ziklista honek. Azpeitia-Azkoitia / Azkoitia-Azpeitia bidegorria 2007. urtean ireki zen, eta hasiera hasieratik izan zen bide arrakastatsua. Egun osoan oinezko zein txirrindularien joan etorrien testigu da eta datuei erreparatuta, erabiltzaile gehien duen bidegorria dela esan genezake.
Bidegorria Aurreikusitako bidegorria
Zatia jaitsi KMZ, GPX edo TCX
Distantzia 5,402 km

Urolako trenaren bideari jarraiki eraiki zen bidegorri hau, beraz bidearen luzera osoan apenas du aldaparik. Trenak garai batean egiten zuen ibilbidetik bizikletaz edo oinez mugitu ahal izateak ukitu bereizgarri nabarmena ematen dio bide honi. Urolako trenbide zaharraren oinarria desagertu egin da Loiolako basilikako bazterretatik, beraz ingurune honetan bidegorriak, santutegiko kanpo aldeko urbanismoarekin bat egiten du. Urolako trenbidea  eta Loiolako basilika dira hain zuzen ere bidegorri honi izaera berezia eta balio “turistiko” nabarmena ematen diotenak. Horrekin batera bi herri eta gune urbano lotzen dituen bide ziklista honek, paisaia eder eta natura aberatsaz gozatzeko aukera ematen du.
Bidegorriak bide zuzen eta luzeak ditu, eta bazterretan landa berdeak, arbolak eta altzari urbano ugari topatuko du erabiltzaileak. Gainera, zubien azpitik pasatzeko aukera eta bide batez, maratoi amaigabean lasterka dabilen Diego Gartzia atletaren omenez, bidegorriaren alboan jarritako eskulturari animoak emateko aukera izango du.
 
Atmosfera berezia
Bidegorriaren egokitasun eta atmosfera bereziaz berehala jabetu ziren inguruko biztanleak. Horren frogarik adierazgarriena, iaz, bidegorri honek 520.000 erabiltzaile izan zituela. Beste modu batera esanda, egunero 1.423 pertsonek erabili zutela eta egun Gipuzkoako bidegorririk erabiliena dela zalantzarik gabe.

Lau metroko zabalera duen bidea bitan dago banatuta. Bi metro oinezkoentzat  eta beste bi txirrindularientzat. Bidegorria oinezko askok erabiltzen badu ere, gorantz doa, eta azkar gainera, txirrindularien erabilera kopurua. Asteburutan %35eko gorakada izaten du bizikleten erabiltzaileen kopurua oinezkoena % 16 jaisten den bitartean. Bidegorri honen beste bereizitasun nabarmen bat iluminazioan dago. Bidegorri ia osoan zehar argiak jarri zituzten eta arrats partean eta gauez ibiltzeko aukera ematen du.


Batez bestekoa (0 Botoak)
comments powered by Disqus