I-3 Donostia - Beasain

3. Asteasu - Villabona

Gipuzkoa osoan zabaltzen diren bidegorri ezberdinek, ezaugarri batzuk izaten dituzte komunean, gure lurraldeko paisaia batetik, eta gure herrien ezaugarriak bestetik, nahiko berdintsuak izaten direlako. Bide bakoitzak ordea, ezaugarri bereizgarriak izaten ditu. Ia lau kilometroko luzera duen Zizurkil-Asteasu bidegorriaren kasuan adibidez, aisialdiak garrantzia izanik ere, langile ugari bere lanpostura bizikletaz edo oinez joatea ahalbidetzen du. Nolabait, lanera joaten direnen artean “slow” filosofia zabaltzen ari dela esan genezake, eguneroko jardunean bizimodu eta jarrera lasai eta osasuntsuak barneratzen ari baitira.
Bidegorria Aurreikusitako bidegorria
Zatia jaitsi KMZ, GPX edo TCX
Distantzia 3,796 km

Zizurkil-Asteasu bidegorriak Asteasu ibaia jarraiki, baratza, baserri, industrialde, zuhaitz ilarak eta belardiak gurutzatzen ditu. Bideak, laua ia bere luzera osoan, ez du inongo zailtasunik, ertzetan dituen bi aldapatxo gainditu behar badira ere.  Beste bide batzuekin alderatuta, bidegorri honen berezitasun nagusia, bere “eredu” izaeran datza.  Ez da luzeena, ez da erabiliena, ez da inguruan natura aberatsena duena, ez du gune historiko edo antropologikorik garrantzitsuena inguruan, ez du nekazaritza lur sail handiena ertzetan... baina esan bezala, berezitasun nagusiena, elementu guzti horiek biltzen dituen bidegorria dela esan genezake. 

Beharrezko bidegorria
Hasiera batean bidegorri hau ez zegoen Gipuzkoako Bidegorrien Plan Nagusian. Zizurkil eta Asteasuko udaletxeek ordea, argi ikusi zuten bidearen beharra eta bide honek bi herriei emango zizkien abantailak ikusita, lehen proiektuak egin eta Diputazioaren aurrean defendatu zituzten. Foru Aldundiak segituan apustua egin zuen bide honen alde. Oso denbora gutxi behar izan dugu bide honek eskaini dituen emaitza baikorrak ikusteko.

Lanera bidegorritik
Tolosaldeako herrietako bisitariak jasotzen baditu ere, Zizurkil-Asteasu bidegorria nagusiki aipatutako bi herrietako bizilagunek erabiltzen dute. Erabilpen hori gainera badu berezitasun nagusi bat beste bidegorri batzuekin alderatuta. Aisialdirako erabiltzeaz gain, asko dira, 2008. urtean  ireki zenetik, egunero-egunero euren lantegietara joateko bidegorria erabiltzen duten pertsonak (joan den maiatzean Behatokiak egindako inkestaren arabera, ziklisten %42k erabiltzen dute lanera joateko). Bi herriak lotzen dituen Asteasu ibaiaren ertzetan lantegi ugari dago eta bidegorria lantegi hauetako ate aurretik pasatzen denez, langile askok, kotxea etxean utzi eta bidegorriak eskaintzen dien txango labur eta gozagarria aukeratzen dute egunero. 
Billabonako tren geltokiarekin duen gertutasunak ere balio erantsia ematen dio bideari egunero lanerako erabili behar duenarentzat. Hala ere, Zizurkilen egiteke dago Billabona udalerrian dagoen tren geltokiarekiko bizikleta bidezko lotura; lotura hori intermodalitatearen mesedetan izango litzateke.
 
Poliki-poliki filosofia
Bideak hiru metroko zabalera du, asfaltoa beltz kolorekoa da eta oinezkoek eta txirrindulariek konpartitzen dute. Asteasu-Zizurkilgoa, nolabait esatearren, eguneroko bizitza eta aisialdia uztartu eta “slow” filosofiaren (slow food, slow living...) bidegorri eredua litzateke.
Erabiltzaileek gainera, lehendabiziko egunetik berea egin dute bide hau. Ireki zenean adibidez, ez zuen argirik eta hura izan zen bizilagunek aldarrikatu zuten lehendabiziko gauza. 2009. urtean gauzatu zen eskari hura.

 


Batez bestekoa (0 Botoak)
comments powered by Disqus