I-3 Donostia - Beasain

4. Tolosa - Alegia

Tolosatik Alegiara edo Alegiatik Tolosara doan bidegorrian, Oria ibaiaren ur jarioaren konpainia saihestezina da. Hiru kilometroko luzera duen bidegorri hau Gipuzkoako bide erabilienen artean hirugarrena da. Gipuzkoako nortasunaren isla den paisaia anitza eta aberatsa gurutzatzen du eta beste bide batzuekin duen loturagatik, Itsasondora daramana adibidez, izaera eta erabilpen berezia duen bidea da. Aisialdiko bizikleta erabiltzaileei, lan kontuengatik erabiltzen dutenei eta oinezkoei, kirol txirrindularitzan dabiltzanak gehitu behar zaizkie
Bidegorria Aurreikusitako bidegorria
Zatia jaitsi KMZ, GPX edo TCX
Distantzia 6,607 km

Ingurune berezia
Beste bidegorri batzuetan ikusten bada ere, honetan beste edozeinetan baino nabarmenagoa da Gipuzkoan, naturak, nekazaritzak eta industriak erakusten duten gertutasun eta kontzentrazio maila. Hiru kilometro eskasetan, errepide ezberdinak, faktoriak, trenbideak, kanalak, baratzak, ibaia, baserriak, argi indar zentralak, arbolak eta zubiak gurutzatuko ditu bidegorri honetara hurbiltzen den bisitariak.
Tolosako Usabal kirolgunea atzean utzi eta berehala, bidegorriak erakutsiko digu bere lehen berezitasuna. Garai bateko industriak, mendien malda eta ibaiaren ur korronte eta bihurguneetara zein modu berezi eta aproposean moldatzen ziren ikusteko aukera ezin hobea izango dugu. Faktoria hauetako gehienak desagertu badira ere (Tolosaldean nagusiki papertegiak), bidegorri honek hauetako fabrika bat izan zenaren albotik eta bere arkupetik pasatzeko aukera ematen digu.
Bidegorriak, Oria ibaia jarraiki, zentral hidroelektrikoaren kanalaren albotik eramango gaitu, ingurune atseginak zeharkatuz. Altzo Azpira hurbiltzean errepidearen eta trenbidearen azpitik igaroko da bidea, bi pasabideren bidez. Handik metro gutxitara, kartel batek Alegiara ongietorria emango dio bidegorriko erabiltzaileari.

Erabiltzaile anitzak
Eta ez dira eskasak erabiltzaile horiek. Egunero, bataz beste 839 pertsonek profitatzen dute bide hau. Bidea konpartitzen dute oinezkoek eta ziklistek. Bideak 4 eta 3 metro bitarteko zabalera dauka. Erabilpen anitzekoa da gainera bidegorri hau. Eguneroko garraio bide gisa edo eta pasiorako edo aisialdirako erabiltzen du oinezko eta bizikleta zale ugarik. Lehen Anoeta ingurura abiatzen zen oinezko askok, nahiago du orain bidegorriak eskaintzen dion txango lasai eta entretenigarria.
Baina aisialdi zaleez gain, entrenamenduan aritzen diren txirrindulari ugarik ere erabiltzen du. Inguruko errepideek duten gehiegizko trafikoaren arriskuetatik ihes egiteko parada ezin hobea eskaintzen du bidegorriak. Zentzu honetan, garrantzitsua da, guztion hobe beharrez, erabiltzaile ezberdinen arteko errespetua eta begirunea. Honi dagokionez, kirol txirrindulariek daukaten ardura azpimarratu behar da, batetik, abiadurari eusteko eta, bigarrenik, tropelak ez sortzeko.

Etorkizunera begira
Tolosa-Alegia bidegorria faseka  inauguratu bazen ere (lehena 2006an eta bigarrena 2008an), aurki amaituko diren hobetze lanak egiten ari dira orain. Bidegorria luzatu  da Arzabalza poligonoaren inguruan eta kokatu dira honez gero errepideak sortzen zuen zarata ekiditen duten pantaila akustikoak. Zoru berrikuntzak eta seinaleztatze hobekuntzak ere gehitu dira eta une honetan uholdeak saihesteko lanak egiten ari dira kanalean.
Argiztapena ere paratuko da bidegorri osoan zehar.
Mintzagai izan dugun bidegorri tarte honek jarraipenik badu Alegiatik Itsasondora doan bidean. Tarte honetan ere, hobekuntza zenbait egingo dira hemendik gutxira. 
 

 


Batez bestekoa (0 Botoak)
comments powered by Disqus