I-3 Donostia - Beasain

5. Alegia - Legorreta

Bizikleta hartu eta Alegiako sarreran ekin diogu bideari. Gure helburua Itsasondora iristea da, herri biak lotzen dituen bidegorritik. Ia bederatzi kilometro ditugu aurretik. Baina, aurretik, Ikaztegietatik pasa ondoren, Legorretan egingo dugu lehen geldialdia indarrak berreskuratzeko. Oro har, zailtasunik gabeko ibilbide laua da. Ateri da eta tenperatura goxoa daukagu. Soroak, baratzeak, harrizko zubiak, Oria ibaia, baserriak, fruitu-arbolak, lantegiak, larreak eta zuhaizti trinkoak izango ditugu bidelagun.
Bidegorria Aurreikusitako bidegorria
Zatia jaitsi KMZ, GPX edo TCX
Distantzia 5,657 km

Alegiatik Itsasora doan bidegorria bi obra ezberdinetan eta epetan eraiki zen. Lehenengoa, Alegiatik Ikaztegietara, 2006ko maiatzean ireki zen eta, bigarrena, Ikaztegietatik Itsasondora, 2008ko abuztuan. Zorua gorri kolorekoa da, oinezkoentzako eta bizikletentzako da, inolako bereizketarik gabe, eta bi metro pasatxo zabal da.
Guk, bizikleta hartu eta aipatutako bi herrien arteko ibilbidea egin dugu pedalei eraginez.
Alegian ekin diogu bideari. Herria zeharkatzeko Oria ibaiaren ertzetik doan paseoa hartu dugu, nahiz eta beste aukera batzuk ere badiren, herri kaskotik gurutzatzea kasu. Zubi zahar ederrera iritsi gara segituan. Parean herriko udaletxea dago. Geldialditxo bat egitea merezi du, hasi baino ez garen arren, multzo atsegina baita bi eraikuntzek eskaintzen diguten ikuspegia.
Ibaia ezkerretik doala, aurrera segituko dugu eta gero ezkerrera hartuko dugu, GI-2131 errepidea gurutzatu eta bidegorrian sartzeko. Dagoeneko, konturatu gara oinezko askok erabiltzen duela bidegorria. Txirrindulariak ere hara-hona doaz; gutxiago dira ordea. Egurrezko hesi batek edo pibota zerrenda batek (lekuaren arabera) bereizten ditu errepidea eta bidegorria. Hori bai, kirol txirrindulariak, eta dozenaka dira, asfalto beltzetik doaz, abiadura bizian, bidegorrian sartu gabe.
Ikaztegietarako norabidean zuzen goaz baratze, soro, lantegi, zuhaizti eta trenbidearen ondoan. Zubibide erraldoi bat dugu gure buruen gainean. Karga-tren luze bat astun pasatzen da gure albotik. Gero, aldiriko trena.

Donejakue bidea
Asfalto gorriko bide lautik jarraitu dugu Ikaztegietara iritsi arte. Herria gurutzatu eta berriz sartu gara bidegorrian. Ezker-eskuin lantegiak topatuko ditugu berriz. Donejakue bidearekin bat eginik, Pilareko Andre Maria baseliza, lehendabizi, eta Baliarraingo bidegurutzea, ondoren, ezkerretara utzi ditugu. Oinezkoak eta patinatzaile ugari gurutzatu dira gurekin. Askotan ere, aurrea hartu diegu. Kontuz ibili behar dugu oinezkoekin, gu mantso joan arren, askotan ez baitira ohartzen atzetik hurbiltzen ari gatzaizkiela, eta euren mugimenduak ezin ditugu aurreikusi… Txirrina jotzea gomendagarria da hurbiltzen ari garela ohar daitezen.
Gure hurrengo helburua Legorreta da. Aurrera segitu dugu bidegorritik eta ibilbideko aldapa bakarrera (behintzat, kontutan hartzeko bakarrera) iritsi gara. Legorreta dioen kartelak ongi etorria egiten digu.


Batez bestekoa (0 Botoak)
comments powered by Disqus