I-3 Donostia - Beasain

8. Idiazabal - Zegama

Idiazabal-Segura-Zegama bidegorri tartea erakargarri asko ditu bere ibilbideko zazpi kilometroetan. Erdi Aroan Gaztelako Erresumak Europarekin lotzeko zuen Errege Bidearen paretik doa eta Gipuzkoan barrenako Santiago edo Done Jakueren Bidearekin bat egiten du ia bere ibilbide osoan. Gainera, Aizkorriko mendilerro ikusgarria bistaratzen da bidetik, paraje atseginetatik doa, hainbat burdinola, ermita eta errotaren ondotik igarotzen da eta Erdi Aroko Segura herriak zaintzen du. Gainera, hemendik gutxira bidegorri honen erabiltzaile kopurua haztea espero da, Kortaberriarantzko bidegurutzetik Ondarraldeako industrialdera doan bide tartea (egun obratan eta 1,6 kilometrokoa) publikora irekitzen denean.
Bidegorria Aurreikusitako bidegorria
Zatia jaitsi KMZ, GPX edo TCX
Distantzia 8,698 km
Idiazabal-Segura-Zegama bidegorrian barneratzea Historiara jauzi egitea da. Izan ere, antigoalean, Gaztelako koroak Europarekin lotzeko zeukan bidetik baitoa, Errege Bidetik hain zuzen ere, Arabatik Gipuzkoara sartzen zena eta sekulako garrantzia izan zuena. Bide estrategiko honen albo batera, muino baten gainean, Segurako hiria sortu zuen Alfonso XII. erregeak 1256. urtean, segur aski arana eta bidea bera zaintzeko xedearekin, izan ere, Nafarroako Erresumako muga oso gertu baitzegoen. Hau guztia gutxi balitz, bidean burdinola eta errota ugari daude, Oriaren ibilgua baliatzen zutenak, eta ermita dezente ere, ibilbide honek izan zuen garrantzi sozioekonomikoa agerian uzten dituztenak. Azkenik, eta bere balio historikoa berretsiz, hemendik bertatik Gipuzkoa barreneko Santiagoko bidea igarotzen da. 

Historia eta natura
Bidegorria GI-2637 (Idiazabal-Zegama) errepidearen eta Oria ibaiaren paretik doa ia bere ibilbide osoan zehar, Aizkorri mendilerroaren begiradapean. Bidegorriak, soro, baserri, nekazaritza eremu, zuhaizti eta zenbait industrialdetan barrena egiten du aurrera. Idiazabalen hartzen badugu (Zegamarako norabidean), San Inazioko ermita bakartia (tradizioak dio Loiolakoak Iruñeko setiotik zaurituta etxera zetorrela, otoitz egin zuela hemen) atzean utzi eta gero, Madurako paseoa izeneko bide tartera iritsiko gara segituan eta Segurako elizaren dorrea ikusiko dugu zeruaren kontra ebakita.
Armaolako multzoa (zubia, errota eta pikota), ezkerretara utzi eta Oria gaineko lehen pasagunea gurutzatu eta gero, latsarri bikaina topatuko dugu Aldatagoenaberri baserriaren sarreran. Aurreraxeago, artasoro zabalak, izei gorriko sailak, aitzinako Arrabiolako burdinola eta Altzibarko teileria berritua ikusiko ditugu.

DATUA
Erabiltzaile kopuru handiena asteburuan ematen da. Izan ere, orain arteko erabilera aisialdian ardaztuta dago. Aurki, Kortaberria-Zegama tartea publikora zabaltzerarekin batera erabiltzaile gehiago egotea espero da.

ANEKDOTA
Segurako udalerrian, San Sebastianeko ermitari itsatita oilategi bat dago Oria ibaia zeharkatzen duen hegaztientzako pasagune bat duena. Irriari ezin eutsi ibiliko da oiloak zubia zeharkatzen ikusten dituena.

 


Batez bestekoa (0 Botoak)
comments powered by Disqus