I-4 Debarroa

2. Soraluze – Bergara

Soraluze-Mekolalde bidegorria Deba araneko hegal aldapatsuen azpian dago lekututa. Betidanik oso erabilia izan da, baina bertan egindako azken hobekuntzek aldaketa nabarmenak ekarri dizkio. Eta nabari da.
Bidegorria Aurreikusitako bidegorria
Zatia jaitsi KMZ, GPX edo TCX
Distantzia 9,852 km

Soraluze-Mekolalde bide ziklistaren asfaltoa beltz kolorekoa da. Ezin zitekeen bestelakorik izan. Ematen du ibaiaren urekin mimetizatu egiten dela bere ibilbidean lagun duen anai txiki gisako bat bilakatuz. Izan ere, bidegorriak ibaiaren parean egiten du aurrera. Hiru metroko zabalera dauka eta oinezkoek zein ziklistek erabiltzen dute. Berriki 1,8 kilometroko tarte berri bat zabaldu da –Osintxu eta Mekolaldeko auzoa lotzen dituena–, eta orain bidegorriaren luzera 4 kilometrokoa da guztira. Horri esker, Soraluzetik Bergarara eta Bergaratik Soraluzera joan gaitezke bizikletaz edo oinez errepidea zapaldu behar izan gabe.
Bidea ez da guztiz laua, baina ez du inongo arazorik eskaintzen bertatik ibiltzeko, aldapak eta maldak oso leunak baitira. Hortaz, erabiltzaile mota guztiek erabiltzeko aproposa da guztiz.
Bidegorri honetan, Gipuzkoako beste bidegorri askotan bezala, bi paisai mota aurkituko ditugu. Batetik, paisai naturala, non eta basoak eta zuhaitzek bat egiten duten nekazal lursailekin. Baserri ederrak altsatzen dira larre aldapatsuetan. Begirada asko altsatuta ere, beti topatuko dugu baserri edo borda bat larre berdeen inklinazioari desafio egiten.
Bestalde, Gipuzkoan oso ohikoa den bestelako paisaia aurkituko dugu: industriak sorturiko hori. Fabrikak, horietako batzuk ibaiertzean bertan, ibilbidearen hainbat lekutan aurkituko ditugu, Gipuzkoako barnealdeko aran honen historian eta eguneroko bizitzan industriak izan duen garrantzia agerian utziz. Horregatik, aisiarako ez ezik, bidegorri hau lanera joateko erabiltzen da, bizikletaz edo oinez. Osintxu-Mekolalde bide tartea moldatu aurretik, 200.000 bidaitik gora zenbatu ziren (urte batean); hortaz, Mekolalderaino luzapenak, zoruaren berritzeak, hesi eta seinaleen jartzeak eta argiztatzeak –aurrezpen eta eraginkortasun energetikoko irizpide zorrotzen pean–, erabiltzaile kopurua haztea lagunduko dute.
 
Bide argiztatua
Soraluze-Mekolalde bidegorria kontrastez beteriko lekua da. Natura industriarekin nahasten da eta bidea errepidearekin eta trafikoarekin korapilatu egiten da (elkar ukitu gabe ordea). Bidegorria biaduktuen azpitik igarotzen den tarteetan porlanezko paretak grafitiz estalita ageri dira. Margook iritzi kontrajarriak sorrarazten dituzte: batzuentzat arte urbanoa dena, zikinkeria da besteentzat. Hala ere, arratsean, eguzkiak jotzen dituenean, mural koloretsuek atmosfera berezia sortzen dute. Hain zuzen ere, eguzkia sartzen denean eta iluntasunak ibaia, basoa eta inguruko larreak bere egiten dituenean, Soraluze-Mekolalde bidegorriak bere sekretua erakusten du.     
Egunez beltza den asfaltoa, gauez Dorothy Gale eta bere lagunak Oz herrialdeko magoaren etxera daraman galtzadaren antzekoa bihurtzen da. Argiztapena ikusgarria da. Bidegorrian barneratzea, esmeralda koloreko ur-laster batean murgiltzea bezalakoa da (Deba ibaiaren hotsak sentsazio hau areagotzen du). Urrunetik edo ibaiaren bestaldetik begiratzen badugu, bidegorriak suge luze bat dirudi bailararen hegaletatik irristatzen. Une honetan, bat baino gehiago nazkatzen hasia egongo da argiteriari buruzko horrenbeste “poesiarekin”.  Ez da hau guztia energia xahutzea? Erantzuna garbia da: ez. Erabilitako LED teknologiak, energia askoaurreztea ahalbidetzen du ohiko argiztatze sistemekin alderatzen badugu. Gainera, gaueko ordu txikietan kontsumoa erdira jaisten da eta argien bataz besteko bizitza ohiko luminariena baino askoz ere luzeagoa da. Jaurtikitako argia oso zuria da, proiekzio kromatiko hobeagoa ahalbidetzen duena, hau da, argiztatutako objektuen kolorea ez du eraldatzen, eta gainera, argi-kutsadura oso txikia da, hots, alboko mendi magalak eta ibaia ez ditu argiztatzen, animali zein landareak mindu gabe.
 

 


Batez bestekoa (0 Botoak)
comments powered by Disqus