I-5 Urola bailara

1. Zestoa - Azpeitia

Mendi artean eta landa eremuetan barrena doa urtebete ez duen bidegorri tarte hau. Azpeitiko Damaso auzotik irteten da eta Zestoako Lasao auzora doa. Anardi industriagunea ere zeharkatzen du bost kilometroko bide berri honek, eta paseoan ibiltzeko zein lanera joateko ezin egokiagoa da. Guk, bizikleta hartuta, bertatik bertara bisitatu dugu oinezkoentzat eta txirrindularientzat errei berezitu bana dituen bidegorria.
Bidegorria Aurreikusitako bidegorria
Zatia jaitsi KMZ, GPX edo TCX
Distantzia 9,487 km
Ibilbideari ekingo diogu, Urola ibaiaren beste aldean Madalena ermita (Ignazio Loiolakoak ostatua hartu zuen bertan 1534. urtean) eta izen bereko ospitale historikoaren hondakinak ditugula. Eraikinen artean Izarraitz mendilerroa ageri da, halako harrotasuna erakutsiz. Oskarbi dago eta azken euriteen ondoren, fresko gaude itzalean eta atsegin eguzkipean. Pedalei eragiten hasten gara.
Lehen 127 metroetan bi mailatan banatuta dago bidea, bata txirrindularientzako eta bestea oinezkoentzako. Laster batzen dira bi bideak maila berean, eta lau metro zabal da. Ibaia ondoan goaz aurrera, zuhaizti eta larre artean. Oinezko ugari dago paseoan eguraldi goxoa aprobetxatuz, patinatzaileren bat edo beste… Lanetik datozen zenbait txirrindulari ere gurutzatu dira gurekin.
Erretiratu bikote bati galdetu diogu ea bidegorria jende askok erabiltzen duen. Bien erantzuna, pentsatu gabekoa eta azkarra izan da: “Bai, bai, asko”. Paseoan ibiltzeko darabiltela diote eta asko gozatzen dutela. Hizketan hasi dira eta gauza ugari kontatu dizkigute Izarraitz mendilerroari eta bertako tontorrei buruz (Xoxote, Erlo, Kakute), Azpeitiko herriari buruz, San Inaziori buruz, Madalenako ermitari buruz…
Baina oso datu erreal gutxi ditugu bidegorri honen erabileraren inguruan. Izan ere, gazte gaztea da: 2011ko irailean ireki zen eta kontagailuek hilabete gutxi batzuetako datuak baino ez dizkigute eman: hala nola, eguneko 553 oinezko eta 112 bizikleta ibiltzen direla bataz beste. 2011ko azken lau hilabeteetan 70.000 bidaia egin ziren bidegorri honetan.

Erosoa eta atsegina
Bidea nahikoa laua da. Aldapa gogorragoren bat aurkituko dugu Anardi industriagunea atzean utzi bezain laster, baina gero gerokoak. Eskuineko larrean ardiak daude. Gure presentziak apenas ditu aztoratzen. Badiolegiko araztegiaren parera iristerakoan, bidegorria trenbidearen azpitik igarotzen da, hormigoizko pasagune berri batetik. Trenbidea pasatuta, bidegorria ibaiaren eta araztegiaren artean doa.
Ingurunea oso atsegina da. Ureko hegaztiak ikusi ditugu ibaian (hau idazten ari denaren ez jakintasunaren ondorioz ezin esan zeintzuk diren, barkatu).
3.300 metro egin ditugu jada eta Anardi industriagunera iritsi gara. Hemen, bidegorria eten egiten da. Anardi barruan 900 bat metroko zatia egin gabe dago, lurrak lortzeko arazoak izan zirelako, baina arazoa gainditu da eta Aldundiak zati hori laster egingo du. Hala ere, ez dugu trafiko gehiegi topatu zonalde honetan eta arazorik gabe jarraitu dugu aurrera. Zestoako Lasao auzoa gertu dago, baina lehenago bideko aldaparik gogorrena gainditu beharko dugu. Ez izutu. Ez da munduko beste ezer. Aspaldian bizikleta hartu gabe daudenek sufrituko dute pixka bat, baina hirugarren “erasoaldian” erraz asko gaindituko dute, aldapa zena aldapatxoa bihurtuz. Ondoren, bideak beherantz egiten du eta segituan iritsiko gara Lasao auzora.
Ibilbidea amaitutakoan bi gogoeta datozkigu burura. Batetik, Azpeititik Anardira lanera joateko bide ezin egokiagoa dela. Laua, segurua, erosoa eta atsegina. Minutu gutxi batzuen bueltan egiten da bidea eta bost kilometro azpiko joan etorrien barruan kokatzen da. Bestetik, paseoan ibiltzeko ere oso aproposa da. Lehen aipatu bezala, aldapa gutxi ditu, lasaia da, inguruak ederrak dira, naturaren erdian dago, oinezkoak eta txirrindulariak bananduta doaz…
Hortaz, eta artikulu honi jarri diogun izenburura bueltatuz, Azpeitia-Lasao bidegorria birika berde bat da, lanera joateko zein aisiaz gozatzeko.

Batez bestekoa (0 Botoak)
comments powered by Disqus