I-5 Urola bailara

3. Azkoitia - Zumarraga

Zumarraga eta Azkoitia lotzen dituen bidegorriak aisialdirako bokazioa baino, aisialdia du bere izatearen muina. Alde batetik, bideak duen luzerak –11 kilometro– askogatik gainditzen du eguneroko garraio gisa eroso erabilia izateko ezarri den distantzia ideala (5 kilometro) eta, bestetik, asfaltatu gabe dago, zeharkatzen dituen dozenaka tuneletan izan ezik. Horregatik, oinezko zein txirrindulari asko ikusi ditugu paseoan edo kirola egiten.
Bidegorria Aurreikusitako bidegorria
Zatia jaitsi KMZ, GPX edo TCX
Distantzia 13,739 km
Zumarragako aitzinako tren geltokian ekin diogu bideari. Gure gurpilek asfalto gorriko zoru laua laztantzen dute hasierako metroetan; izan ere, ez oso luzera, legarrezko bidea bihurtzen da, legar finekoa, baina legarrezkoa azken finean. Horregatik, gurpil-azal lodi xamarreko edo mendiko bizikletak erabiltzea gomendagarria da. Guk, hala ere, aholkuak eman bai, baina paseozko bizikleta arruntekin egin dugu ibilbidea! Kalamidadeak! Azkenean, arazorik gabe burutu dugu. Eskerrak aurretik ongi puztu ditugula gurpilak eta mantso joan garela zulatze deserosoak ekiditeko.


Haziz doan bidea
Uda parteko ostiral atsegina da, itzaletan fresko zauden horietakoa, eta paseoan ibiltzeko ezin hobea. Oinezko zein txirrindulari asko ikusi ditugu paseo lasaian edo kirola egiten. Ibilbidearen gehiegizko luzerak desegokia (edo, bederen, ez horren erosoa) bihurtzen du eguneroko garraiorako; hortaz, aisialdirako erabili ohi du jendeak. Aisialdia modu askotan ulertua, noski, erabiltzaile bakoitzaren nahi eta apeten arabera: paseo lasaian dabiltza adin guztietako pertsonak, helduak horietako asko; footing-ean dabiltza korrikalariak eta, txirrindularien artean, batzuk ariketa fisiko arina egitera doaz eta, beste batzuk, kirola bere zentzu hertsienean, mountain bizikleta garestietan.
2009an zoruan burututako berriztatze lanek eta tuneletan egindako hobekuntzek (argiztapena jartzea batik bat) erabiltzaileen hazkundea ekarri zuten, eta urtetik urtera haziz joan da. Iaz, esaterako, 268.000 joan-etorri egin ziren eta %42 hazi zen erabiltzaile kopurua 2010 urtearekin alderatuz. Aurtengo lehen hiruhilekoan  (artikulu hau idazterakoan ez genituen datu gehiagorik), berriz, 25.487 erabiltzaile zenbatu dira. Urtarrila, otsaila eta martxoan, bataz beste, 280 pertsonek erabili zuten Zumarraga-Azkoitia bidegorria egunero. Horietatik, %64 oinezkoak izan ziren eta %36 ziklistak.

Tunelez jositako bidea
Urolako trenbidearen ibilbidetik goaz aurrera. Iraganean Zumarraga eta Zumaia lotu zituen, eta 34,4 kilometro luze izan zen. Estatuko lehen trenbide elektrikoa izan zen: 1926an inauguratu eta 1986an itxi zuten. 29 tunel zituen eta 20 zubi. Gure gaurko txangoan, tunel eta zubi horietako asko igaro ditugu.
Gipuzkoako beste bidegorri askotan bezala, baratzeak, baserriak, basoak, larreak eta soroak topatu ditugu. Aitzitik, hemen ez dago industrialderik, eta lantegi gutxi batzuk baino ez ditugu topatu, ur-araztegia edota Izuzkitzako tunelaren ondoren mendia hozkatzen duen harrobia, kasu. Bidea zeharka-meharka doa ibaiertzean barrena. Eta ur korrontea bezala, Gi-631 errepidea batzuetan gure eskuinera eta bestetan gure ezkerretara ikusiko dugu.
Larregi, Mugarrieta, Arkidi, Artetxeberri, Aizpurutxo, Etxebeltz… Tunelak bata bestearen atzetik datoz. Batzuk oso luzeak dira, ilunak eta hezeak. Kristoren abentura dira horiek zeharkatzea topatu dugun neska aurre-nerabez osatutako koadrila handiarentzat. Udak amaigabeak diren urte horietan daude, edo gutxienez, tunelak bezain luzeak diren horietan. Tunelek argiztatuak beharko lukete: hortxe daude, sabaitik zintzilik, lanparak, baina kableen lapurreta baten erruz, itzalita daude (halaxe topatu genituen uztailaren hondarrean ibilbidea egin genuen egunean). Hortaz, tunel hauetan ikusteko eta ikusiak izateko, ezinbestekoa da argi egokiak eramatea bizikletaren aurrealdean eta atzealdean. Kopetako-argiak (kirolari franko ikusi ditugu kopetakoa eramaten tuneletan) edo linterna txikiak, oinezkoek daramatzatenak, oso erabilgarriak dira baita ere.
Bidegorrian barneratu ahala, oinezkoak desagertuz doaz. Izan, ere paseoan dabiltzatenek une jakin batean (demagun bi kilometro egin ondoren) itzulerako bidea hartzen baitute. Gu, ordea, aurrera goaz. Naturaz gozatzen ari gara. Tunelak zeharkatzen ditugu eta, noski, zubiak. Alegia, Urola ibaiaren eta errepidearen gainetik doazen burdina-zubiak.
Bidegorria lau samarra da, baina kontuz. Zumarragatik Azkoitirako norabidean aldapan behera ibiliko gara leun eta suabe. Bueltan berriz, aldapa arerio izango dugu. Ez da, hala ere, izutzeko zer. Ahalegin handixeagoa egin behar da, besterik ez, bidean topatu dugun oinezko batek iragarri digun bezalaxe. Hala da. Itzulerako bidean indar gehiago ezartzen dugu pedalkaden kadentzia ez galtzeko. 
Neskato koadrilarekin egiten dugu topo beste behin, mendiko bizikletak daramatzaten kirolariekin ere bai. Heldu gara gure helmugara. Gustura gaude. Bide ederra da aisiaz, ariketa fisikoaz eta naturaz gozatzeko.

Batez bestekoa (0 Botoak)
comments powered by Disqus