Erraza ez bada ere, bizikleta hegazkinez ere garraia dezakezu. Konpainiek pertsona bakoitzeko 23 bat kiloko ekipajea fakturaturatzea baimentzen dute, bizikleta barne. Hala ere, jakin behar duzu eskuko poltsa bat (5 kg) eramateko aukera ematen badute ere, ezin izango duzula poltsa horretan tresnarik eraman.

Ekipajeak hegazkinez garraiatzeari buruzko araudia ez da oso argia eta, beraz, aukeratu duzun konpainiarekin hitz egin beharko duzu, edo konpainiaren webgunean kontsultatu, enpresaren politika zein den jakin nahi baduzu. Zenbait konpainiek exijitzen dute bizikleta paketatuta egotea eta gurpil guztiak hustuta, hegaldian lehertu baitaitezke presioa dela-eta. Bestalde, konpainia batzuek gehigarri berezi bat kobratzen dute –24 bat euro– bizikleta ekipaje berezitzat hartzen dutelako, edo gainkargagatik, eta beste konpainia batzuek, aldiz, ez dute ezer kobratzen.

Hona hemen bizikletak garraiatzeko hegazkin konpainiek dituzten prezioak:

http://www.skyscanner.es/noticias/cargos-por-facturar-una-bicicleta

Bizikleta ondo paketatzea eta prestatzea da onena bidaiatzeko, bestela arazoak sor daitezke-eta.

Hona hemen zenbait gomendio:

1. Bizikletak garraiatzeko poltsa bereziak badaude ere, behin helmugara iritsi zarenean, ibilbidea bizikletaz jarraitu nahi baldin baduzu, poltsa traba izan daiteke. Horregatik, zenbaitetan, hobe izango da edozein bizikleta-dendatan kartoizko kutxa bat eskatzea eta bizikleta bertan paketatzea. Gainera, soka batez, helduleku bat egin dezakezu, eramatea errazagoa izan dadin.

2. Erosoena pedalak eta gurpilak desmuntatzea da –eta gogoratu, gurpilak hustutzea–.

3. Bizikleta ahalik eta lauen geratzea lortzeko, eskulekua biratu beharko duzu koadroarekiko paraleloan geratu arte.

4. Era berean, komeni da erradioak estaltzea, kalterik paira ez dezaten eta desitxura ez daitezen. Jarlekua jaistea ere ondo dago, eta baita aldagailua edo balaztak babestea ere.

5. Kutxan beti tarteren bat geratzen denez, tresnak edo alportxak sar ditzakezu bertan, eta lozakua bera, zabalduta, babesgarri ona izango da. Egiaztatu kutxak gainkargarik ez duela.

6. Bukatzeko, itxi ondo kutxa zinta itsasgarria erabiliz. Asko erabili beharko duzu, bestela kutxa erraz puska daiteke.

7. Kaxari itsatsi orri batzuk, zure izena, abizenak, helbidea eta telefono zenbakiak dituztela.

8. Hobe duzu fakturatzeko tokira garaiz iristea; horrela arazoak eta luzeegi itxarotea saihestuko dituzu.

9. Ekipajea jaso behar duzunean, kontuan hartu zenbaitetan, ekipajea berezitzat hartzen badute, beste ate batetik ematen dutela.