Zure hirian zehar azkartasunez eta era osasuntsu eta ekologikoan mugitu nahi baldin baduzu, bihurtu zaitez hiriko ziklista.

Zer bizikleta mota

Hirian barrena mugitzeko balio digun bizikleta bat aukeratzeko orduan, ezinbestekoa zaigu ergonomia eta ekipamendua kontuan hartzea.

Bizikleta hibridoak mendiko eta errepideko bizikleten arteko nahasketa bat dira, eta eskuleku zuzena dute, askoz ere erosoagoa baita hirian ibiltzeko eta bizkarrari kalterik ez eragiteko. Gurpilak ez dira lodiegiak izan behar, horrela gehiegizko esfortzua egitea saihesten baita. Bizikleta mota hori errepidean, pistetan edo hirian erabil dezakezu.

Hiriko edo paseoko bizikletak oso erosoak dira eta, altuak direnez, ikuspegi zabalagoa izango duzu. Aldagailuak dituzte, eta horien bidez topa ditzakezun aldapetara egoki zaitezke gidatzeko orduan. Era berean, lohi-babes, txirrin, kate-babes, eta abarrez hornituta egoten dira.

Bizikleta elektrikoa ibilgailurik ezin hobea da adineko pertsonentzat edo mugitzeko zailtasunak dituztenentzat. Motor laguntzaile bat du, pedalei eragitean abian jartzen dena eta, era horretan, ibiltzen laguntzen diguna; bizikleta mota hau, era berean, egokia da hiriko goi-aldeetan bizi diren pertsonentzat, edo desnibel handiak gainditu behar dituztenentzat.

Bizikleta horien bidez lor daitekeen gehieneko abiadura 25 km/h-ra iristen da; bateriaren pisua 8 eta 12 kilo bitartekoa da, eta autonomia 20 eta 60 km bitartekoa. Bateria berriz kargatzea oso erraza da, 220V-ko sarean konektatzen den egokigailu baten bidez.

Merkatuan bizikleta elektrikoen hainbat modelo daude; eta lur orotako bizikletak (BTT) eta tolesgarriak ere elektrikoak izan daitezke.

Bizikleta tolesgarria hirian ibiltzeko eta bidaiatzeko pentsatuta dago, garraiatzen oso erraza baita. Pisu gutxikoa da, eta behin tolestu denean, ez du ia lekurik hartzen.

Berariazko osagarriak daude bizikleta horientzat, eta baita garraiatzeko poltsak ere, behin bizikletak tolestu direnean.

Mota horretako bizikleta bat erostean, kontuan hartu behar da bizikletak ez duela gehiegizko pisurik izan behar, eta tolesteko sistemak erraza eta azkarra izan behar duela. Oro har, minutu bat edo bi behar dira bizikleta destolesteko eta tolesteko.

Bizikleta arrunten eta tolesgarrien arteko aldea da tolesgarrien gurpilak txikixeagoak izaten direla. Era berean, BTT tolesgarriak ere badaude.

Merkatuan, bizikleta tolesgarriak 400 €-tik gora aurki ditzakezu.

Gurpilak

Hiriko bizikleten kasuan, neurri ohizkoenak 16,20 eta 28 hazbetekoak dira.

Gurpil handienek lasaiago zirkulatzea ahalbidetzen dute, direkzioa egonkorragoa delako.

Bizikleta tolesgarrietan ohizkoena da gurpilak 14 eta 22 hazbete bitartekoak izatea. Argi dagoenez, gurpila zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta leku txikiagoa hartuko du bizikletak tolestuta dagoenean.

22 hazbeteko gurpildun bizikleta aukeratzen baldin baduzu, ez duzu alderik nabarituko zure bizikleta arruntarekin ibiltzen zarenean. Hobe izaten da 16 edo 20 hazbetekoak aukeratzea, ibilaldi ertain edo luzeetara hobekien moldatzen direnak baitira, eta behin tolestuta daudenean ez baitute leku handirik hartzen.

14 hazbeteko gurpilak dituzten bizikletak ez dira hain erosoak pedalei eragiteko orduan, eta orokorrean ez dute aldagarririk izaten.

Komenigarria da pneumatikoek gutxieneko marrazkia izatea, horrela euria egiten duenean edo lurra bustita dagoenean ura hustu ahal izango dute itsaspenik galdu gabe; puzte-presioa 3 eta 4,5 baren artekoa izaten da.

Zer koadro mota?

Hasiera batean, bizikletak goiko barra bat zutela fabrikatzen ziren, koadroari zurruntasun handiagoa ematearren; gaur egun, ordea, materialen kalitateari eta fabrikatzeko teknikei esker, beheko barra dutenak besteak bezain iraunkorrak dira eta abantaila bat dute, gainera, alegia: erosoagoak dira hirian ibiltzeko, bertan sarritan geratu eta berriz abiatu behar izaten baita.

Ezinbesteko elementuak

Bizikletak garraiobide gisa behar bezala funtzionatuko duela ziurtatzeko, komenigarria da gure bizikletak honako elementu hauek izatea:

  • Aurreko eta atzeko lohi-babesak
  • Kate-estalkia
  • Lapurren aurkako sistema
  • Parrilla edo gauzak eramateko osagarriren bat
  • Saskitxoa
  • Jarleku ona

Era berean, merkatuan ken daitezkeen lohi-babesak ere aurki daitezke, eguraldi ona egiten duenean kendu ahal izateko.

Komenigarria da jarlekuak oinarri zabala izatea; eta jarrera zuzenak behar direnean, hiriko bizikletan ibiltzeko esaterako, hobeak dira gelezko bigungarria dutenak, ohizko poliuretanozkoak baino.

Saskitxoak eta alportxak eramanez gero, merkantzia txikiak garraiatu ahal izango dituzu poltsak edo motxilak eraman gabe; izan ere, ziklista trebatua ez baldin bazara, horien bidez oreka galaraztea erraza da. Komenigarria da alportxak iragazgaitzak izatea eta elementu islatzaileren bat eramatea. Modelo ugari daude, eta horietako batzuk jarlekuaren hodiari lotu daitezke.

Bestalde, merkatuan bestelako osagarriak ere aurki ditzakezu, hala nola, atzerako ispiluak edo haurrak eramateko aulkitxoak edo atoiak.

Aldagailuak

Espainian ez daude oso zabalduta barruko aldagailuak, baina hirian bizikletaz ibiltzeko oso egokiak dira, ez baitute mantentzeko lanen beharrik eta geldirik egonda martxa aldatzeko aukera eskaintzen baitute. Desabantaila da garestiagoak direla.

Abiadurari dagokionez, hirian ibiltzeko nahikoa da bizikletak dituen aukeren kopurua 3 eta 7 bitartekoa bada.

Zer arropa jantzi behar da? Osagarriak

Hobe da arropa ahal den erosoena izatea; ez dira jantzi behar arropa estuegia eta ehun sintetikoak, ez baitute izerditzea errazten. Ez izerditzeko, nahikoa izaten da gorputza ukitzen duen jantzia ehun tekniko transpiragarrizkoa izatea eta, horren gainetik haizea mozten duten edo hobeto berotzen gaituzten beste jantzi mota batzuk eramatea.

Euria egiten duenean, osorik estaltzen zaituen kapa erabil dezakezu, edo baita uretako janzkia ere, helmugara iristen zarenean erraz kentzeko modukoa. Beste elementu garrantzitsu bat eskularruak dira; horien bidez, eskuak hotzetik babesteaz gain, lurrak zure gorputzari transmititzen dizkion bibrazioak gutxitu egiten dira, eta eroriz gero, ondo dator eskularruak eramatea.

Eguzkia dagoenean, betaurreko onak beharko dituzu izpi ultramoreetatik babesteko; udan eta udaberrian, halaber, lore-hautsa, harriak edo intsektuak begietan sartzea eragozten dute eta, beraz, erortzeko arriskuak gutxitzen dituzte.

Bizikletak kate-estalkirik ez baldin badu, gomendagarria da galtzak babesteko sistemaren bat erabiltzea; hala ere, betiko aukera ere hor dugu: galtzak galtzetinen barruan sartzea edo arropa esekitzeko matxarda batez lotzea.

Gauez

Segurtasuna inoiz ahaztu behar ez dugun beste puntu bat da. Horregatik, bizikleta-argiak oso garrantzitsuak dira, eta ez dugu zuhurrik izan behar horretan gastatzeko orduan.

Komenigarria da beti argiak eramatea, bai aurreko argiak, bai atzekoak. Dinamoaren ordez bateriako argiak erabiltzeak duen abantaila da gelditzen garenean funtzionatzen jarraitzen dutela eta, beraz, semaforo baten aurrean geldirik egonda, esaterako, atzekoek ikusten gaituztela; zenbaitetan, gainera, argi horiek ken eta jar daitezkeenak dira, eta hori, ziurtasunari dagokionez, mesedegarria da.

Erradioetan kokatuta egoten diren argi-islatzaileei esker, ikusgarriak gara albo batetik eta, batzuetan, komenigarria da horiez gain txaleko islatzailea ere erabiltzea.

Merkatuan, gama altuko pneumatikoak aurki daitezke, gurpil-azalaren albo bakoitzean banda islatzaileak dituztenak.