Atzealdea

SEGURA ETA ZEGAMA ARTEKO BIDEGORRIA INAUGURATU BERRI DA

Segurako Kortaberria auzotik Zegamako Ondarlea industriagune arteko bidegorria inauguratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak.

Aipatu bidegorria Donostia-Beasain 3. ibilbidekoa da, Segura-Zegama bidegorriaren bigarren zatia, eta bizikletentzat eta oinezkoentzat da. Bidegorriak 1.591,51 metro ditu guztira, eta Ondarlea poligono industrialean hasten da, Oria ibaiaren eskuin bazterrean. Puntu horretan, Gosategialdea auzoko bidean sartzen da eta, zati horretan, ibilgailuak ere ibil daitezke. Hori dela eta, bideak bost metroko zabalera du inguru horretan. Opaintegi baserrira iristen denean, bideak ezkerrera jotzen du eta larre-gune batean sartzen da, Oria ibaia gurutzatzen zuen pontoiaren aldera. Pontoi horren ordez zubi berri bat egin du Aldundiak, 15,40 metro luze eta 3 m zabal, eta berau bizikletez eta oinezkoez gain, nekazaritzako ibilgailuek ere erabil dezakete. Horren segidan, bidea GI-2637 errepideko lubetara hurbiltzen da (GI-2637 errepidea konpontzen denean egin beharreko etorkizuneko lubetara ere egokitu da) eta sigi-sagan lubeta horri jarraitzen dio, amaiera arte.


Bizikleta bideak, hasierako zatian izan ezik, 3 metroko zabalera du eta, zenbait zatitan, hormigoizko areka osagarria du. Ibilbidearen altimetriari dagokionez, hasierako puntua +270.80 metrotan dago, eta +256.59 metrotan bukaerakoa. Alabaina, datu horiek aditzera ematen dutenaren kontra, ibilbidea irregularra da, bideak zeharkatzen dituen lurren orografia zailarengatik: zati batzuk % 6ko eta 8ko malda dute, eta baita aldapa motz gogorragoren bat ere; zehazki, % 9ko bat, zubitik gertu.


Bide-seinale bertikalak eta horizontalak jarri dira, zati bakoitzaren zirkulazio
ezaugarriak argi eta garbi adierazten dituztenak. Babesak eta balizamenduak ere jarri dira. Gainera, egurrezko barandak jarri dira, bidearen eta lurzoruaren artean 0,50 metro baino gehiagoko aldea dagoen lekuetan, istripuak saihesteko. Barandak jarri dira, baita ere hego-ekialdeko zatian, hau da, zubiaren eta Kortaberria auzora joateko errotondaren artean, lursailen eta bidearen arteko itxitura bezala.  Obren azken prezioa 1.250.247 euro izan da, hau da, esleitua baino ia 73.000 euro gutxiago.


FACEBOOK Jarioa FACEBOOK Jarioa

 

Aurkezpena

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak bizikletaren erabilera bultzatzeko eta bizikletaren inguruko informazioa zabaltzeko sortutako webgunea da...

Behatokia

Bidegorrien foru sarean egiten diren joan-etorrien zenbaketa eta ebaluazioa egiten du Aldundiak. Lan horiek 2007az geroztik egiten dira Aldundiak kudeatzen duen Gipuzkoako Bizikletaren Behatokia...

Gure Bidegorriak Gure Bidegorriak

Sare Sozialak Sare Sozialak

      

Eguraldia Eguraldia

Buletina Buletina

Twitter Twitter