Atzealdea

Nolakoak dira Gipuzkoako bidegorri-sareko erabiltzaileak?

Gipuzkoako Bizikletaren Behatokiak Gipuzkoako Bidegorri Sarea erabiltzen duten oinezkoen eta txirrindularien ezaugarriei buruzko zortzigarren urteko txostena egin du. Horretarako, 550 inkesta egin ditu foru-sareko txirrindulari eta oinezkoentzako 8 ibilbideko lagin batean. Sare horrek 121 kilometro ditu guztira eta, 2015ean egindako azken kontaketak emandako datuen arabera, urtean 7,75 milioi desplazamendu egiten dira bertan.

Jasotako erantzunei esker, bidegorri horiek erabiltzen dituzten pertsonen profilak zehaztu ahal izan dira txostenean. Txirrindulari gehienak gizonezkoak dira (%84), eta 2017ko datuen arabera, desoreka hori areagotu egin da zertxobait aurreko urtearekin alderatuta. Izan ere, emakume erabiltzaileen ehunekoa %19tik %16ra jaitsi da. Oinezkoen kasuan, berriz, banaketa orekatuagoa da (%53 gizonezkoak dira, eta %47 emakumezkoak). Txirrindularien batez besteko adina 47 urte da.

Guztien %72k 25-65 urte dituzte, eta 25 urtetik beherakoen eta 65 urtetik gorakoen ehunekoa txiki samarra da (%13 eta %16, hurrenez hurren). Erdiak baino gehiago (%55) enplegua duten pertsonak dira. Oinezkoei dagokienez, be rriz, batez besteko adina 58 urte da, hau da, aurreko urtean baino bi gutxiago. %82k 45 urte baino gehiago dituzte, eta %50 pentsiodunak dira.

Txostenak hiru profil bereizten ditu foru-sarea erabiltzen dutenen artean (bi txirrindularienak dira, eta bestea oinezkoena). Txirrindularien artean, erabiltzeko arrazoiaren arabera bereizi dira profilak. Ildo horretan, kirol edo aisia motako ibilbideak egiten dituztenak eta lana, ikasketak, kudeaketak, erosketak eta abar direla eta egunero ibiltzen direnak bereizi dira.

Lehen kasuan, hau da, bidegorria jarduera fisikoa edota aisia-jarduera egiteko erabiltzen denean (kasuen %72tan), profila honako hau da: gizona (%88), 50 urtekoa, lan egiten duena eta bidegorria astean zenbait aldiz eta mendiko bizikletarekin erabiltzen duena. Kaskoa erabiltzen du, baina ez du argirik eta txirrinik eramaten. Nolanahi ere, bi elementu horien erabilerak, oro har, beheranzko joera hartu du azken urteetan, eta bi elementu horiek ez dituzten bizikletak guztien %40 dira.

Bidegorriei esker, gero eta pertsona gehiagok erabiltzen dute bizikleta. Izan ere, inkesta egin zutenen artean, erabiltzen ari ziren bidegorria egin aurretik erdiek baino ez zuten erabiltzen bizikleta orain adina.

Desplazamenduaren arrazoia lana, ikasketak, erosketak edo kudeaketak direnean (kasuen %28tan; hortaz, ia 10 puntuko beherakada esanguratsua gertatu da 2016. urtearekin alderatuta), batez besteko adina 40 urte baino gutxixeago da, eta erabiltzaile gehienak gizonezkoak badira ere (%76), emakumeen proportzioa handiagoa da talde horretan (%24). %95 langileak edo ikasleak dira (%75 eta % 20, hurrenez hurren), eta mendiko bizikleta ohikoena bada ere (%55), hiriko bizikleten kopurua handiagoa da erabiltzaile talde horretan. Halaber, txirrin eta argien erabilera handiagoa da, baina kaskoarena txikiagoa. Ia %90ek astean 4-7 egunetan erabiltzen dute bidegorria, eta bidegorria egoteak berak bizikleta gehiagotan erabiltzera bultzatzen du. Izan ere, erabiltzen duten bidegorria ez balego, %39k baino ez lukete bizikleta beste bide batetik erabiltzen jarraituko. %27k autoa erabiliko lukete, %25ek garraio publikoa, eta gainerako % 9ak beste aukera batzuk (oinez mugitzea, funtsean).

Oinezkoen kasuan, profila honako hau da: pertsona heldua (generoa erdibana banatuta dago ia), 45 urtekoa, erretiratua edo pentsioduna, bidegorria astean gutxienez 4 aldiz erabiltzen duena (paseatzeko edo kirola egiteko) eta erabiltzen duen tartearekin oso pozik dagoena. Ibilbideen egoera da inkesta egin dutenek hobekien baloratu duten alderdia, bai zoladurari, bai segurtasun-baldintza orokorrei dagokienez (10etik 8 eta 8,2, hurrenez hurren), eta txirrindularien zein oinezkoen ikuspegitik. Aitzitik, zifrarik txarrenak bizikidetzak jaso ditu (6,5 puntuko balorazioa eman diote txirrindulariek, eta 6,7 puntukoa oinezkoek). Alderdi horretan, kalifikaziorik txarrenak Legazpi-Urretxu eta Eskoriatza-Aretxabaleta tarteek jaso dituzte (azken horrek, gainera, balorazio orokorrik txarrena jaso du). Txirrindularien kasuan, Zizurkil-Asteasu tarteak jaso du puntuaziorik onena, eta oinezkoen kasuan, berriz, Azpeitia-Azkoitia, Tolosa-Alegia eta Soraluze-Bergara tarteek (ia puntuazio berarekin).

TXOSTENA JAITSI



comments powered by Disqus

FACEBOOK Jarioa FACEBOOK Jarioa

 

Aurkezpena

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak bizikletaren erabilera bultzatzeko eta bizikletaren inguruko informazioa zabaltzeko sortutako webgunea da...

Behatokia

Bidegorrien foru sarean egiten diren joan-etorrien zenbaketa eta ebaluazioa egiten du Aldundiak. Lan horiek 2007az geroztik egiten dira Aldundiak kudeatzen duen Gipuzkoako Bizikletaren Behatokia...

Gure Bidegorriak Gure Bidegorriak

Sare Sozialak Sare Sozialak

      

Eguraldia Eguraldia

Buletina Buletina

Twitter Twitter