Atzealdea

Pasaian ikastaro bat emango da ekainean helduek bizikletan ibiltzen ikas dezaten

 

 

Pasaiako herrian, ekainaren 4tik 14ra bitartean Trintxerpen, eta 18tik 28ra Antxon, helduek bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaro bat emango da. Pasaiako Udalarekin lankidetzan Aldundiko Mugikortasun departamentuak antolatutako ikastaroa da, eta lehen aldiz ematen da udalerrian. Ikastaroaren barruan eta lehen aldiz, ekainaren 30ean, bizikleta elektrifikatzeko tailer bat eskainiko da

Joan den urtean, Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun departamentuak antolatuta, Errenterian eta Eibarren egin zen tailer hau, eta arrakasta handia izan zuen. Departamentuko arduradun Marisol Garmendia sozialistak adierazi duenez, helduei bizikletan ibiltzen irakasteaz gainera, “herritik egin ohi dituzten lekualdaketetan bizikleta autoaren ordezko garraiobidea izan daitekeela haiek konbentzitzea da xedea, haien bizi-kalitatea eta osasuna hobetzea ondorioz dakarrena gainera. Pasaian, adineko jendearen populazioa oso aktiboa da eta lagundu egin nahi dugu haien eguneroko mugikortasuna osasungarria eta jasangarria izaten eta bizikleta erabiltzen has daitezen”.

Garmendiak gaur aurkeztu du ekimen hau Pasaiako Udalean eta nabarmendu duenez “adineko askok ezin izan dute bizikletan ibiltzen ikasi edo aspalditik ez dira bizikleta batera igo. Animatu egin nahi nituzke, haiei esan bizikletaz ibiltzen ere disfrutatu dezaketela, modu erraz eta seguru batean ikasita gainera. Ariketa osasungarria eta jasangarria da, ingurumena hobetzen ere laguntzen duena.”

Bizikleta ikastaro hau helduei zuzenduta dago, eta ezaugarri hauek dituen lehena da Pasaian garatzen. Pasaiako Udalaren lankidetzarekin antolatu da, kontuan izanik gainera bertan bizikleta publikoen parke bat dagoela. Hala, Marisol Garmendia foru diputatuarekin batera ikastaroaren aurkezpenean parte hartu duen Izaskun Gómez alkateak bere uste osoa adierazi du, mugikortasun jasangarriak ingurune hobeago bat izaten laguntzen duela, alegia.

Ikastaroa, helduek bizikletan ibiltzen ikasteko dena, ekainaren 4tik 14ra emango da Trintxerpen, eta ekainaren 18tik 28ra Antxon, eta Bizikletaren Plan Estrategikoan biltzen diren jardueretako bat da, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren babesean. Baina, gainera, ikastaro honek berritasun bat eskaintzen du lehendik egin izan direnen aldean, oraingo honetan tailer bat eskainiko baita bizikleta elektrifikatzen ikasteko, ekainaren 30ean, Ciriza etxean.

Ikastaroak Aranederren (Trintxerpen) eta Ibaiondon (Pasai Antxon) egingo badira ere, bide publikoan ere egingo dira saioak, bizikleta erabiltzeko garaian helduak trebatzen eta beldurra galtzen hasteko.

Ikastaro horien saioetan parte hartu nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete Pasaiako Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetan, eta telefono edo e-mail bidez ere.

Bizikleta gaineko praktikaren inguruan ez ezik, bizikleta mantentzeko oinarrizko nozioen inguruan ere jardungo du ikastaroak, eta baita bide-segurtasuneko elementuen eta zirkulazioari eta bizikidetzari buruzko arauen gomendioen inguruan ere.

 

IKASTAROAK 

 

Hastapeneko ikastaroak Trintxerpen eta Antxon egingo dira. Batetik, Trintxerpeko barrutiaren kasuan, ekainaren 4tik 14ra izango dira, 10:00etatik 12:00etara, eta Aranederreko pistak izango dira erreferentzi gunea. Bestetik, Antxoko barrutian, Ibaiondo izango da erreferentzi gunea ikastaroa emateko; goizez, 10:00etatik 12:00etara, edo arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara, ekainaren 18tik 28ra. Astegunetan egingo dira ikastaroak, astelehenetik ostiralera, eta guztira 18 ordukoak izango dira. Bizikletaren erabilerari dagokionez, tokiko erreferentziazko Club Atlético Trintxerpe elkartearen laguntza teknikoa izango dute, eta elkarte horri esker izango dituzte parte-hartzaileek ikastaroa egiteko behar den material guztia.

Gainera, izena emanda ikastaroan parte hartzen duten pertsona guztiek jasoko dute kasko bat opari.

Inskripzioak Pasaiako Herritarren Arreta Zerbitzuan kudeatuko dira, eta Pasaiako Udalaren webgunean bertan, maiatzaren 15etik 30era bitartean.

Zure bizikleta elektrifikatzeko ikastaroa:

Hirigunean bizikletan ibiltzea ez da beti erraza izaten, batez ere maldak edo aldapa pikoak daudenean. Bizikleta elektriko baten alde apustu egitea kostu handia dakarren pauso bat izan daiteke, bizikleta berriak garestiak baitira. Aitzitik, zure bizikleta baztertu nahi ez baduzu eta elektriko bat erosteko oso konbentzituta ez bazabiltza, gaur egun merkatuan dauden kit elektrikoek aukera ematen dute bi modeloen abantailei etekina ateratzeko.

Kit elektrikoen sistemek gurpil bat dute -normalean, aurreko gurpilaren ordezko- motor elektriko bat erantsita duena. Nahikoa da kableak eta bateria konektatzea bizikleta hibrido bat prest izateko, modeloaren arabera, 20 eta 100 km bitarteko autonomia lor dezakeena. Bere prezioa 300 eta 700 euro bitartekoa da, eta 90 minutu besterik ez dira behar muntatzeko.

Aukera ona da noizbait bizikleta elektrikoa erabiltzen hasteko asmoa izan dutenentzat, baina modelo tradizionala baztertu nahi ez dutenentzat.

Bizikletaren inguruko prestakuntzaren eremuan, tailer ireki bat ere antolatu da herritar guztientzat, zuzenetik ikus dezaten zein aukera dauden merkatuan, zeintzuk diren beren ezaugarriak eta nola egiten diren muntaketak. 2 kit elektriko izango ditugu eskuragarri, eta tokiko mailegu-zerbitzuaren bi bizikletatan muntatuko dira, bertaratuek zuzenean ikus dezaten nola egiten den muntaketa eta zer abantaila dakartzan bizikleta eraldatzeko garaian.

Tailerra kalean egingo da datorren ekainaren 30ean, 10:00etatik 13:00etara, Euskadi etorbidean, Ciriza etxearen inguruan. Tailerrak dohainik izango da eta parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetan edo Udalaren webgunean.

 

 



comments powered by Disqus

FACEBOOK Jarioa FACEBOOK Jarioa

 

Aurkezpena

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak bizikletaren erabilera bultzatzeko eta bizikletaren inguruko informazioa zabaltzeko sortutako webgunea da...

Behatokia

Bidegorrien foru sarean egiten diren joan-etorrien zenbaketa eta ebaluazioa egiten du Aldundiak. Lan horiek 2007az geroztik egiten dira Aldundiak kudeatzen duen Gipuzkoako Bizikletaren Behatokia...

Gure Bidegorriak Gure Bidegorriak

Sare Sozialak Sare Sozialak

      

Eguraldia Eguraldia

Buletina Buletina

Twitter Twitter