Atzealdea

"LANERA BIZIKLETAN" PROIEKTUA BIGARREN FASERA IGAROKO DA, LANGILEEN ARTEAN BIZIKLETA MUGIKORTASUNA SUSTATZEKO HAUTATUA IZAN DEN ABB-NIESSEN ENPRESAREN ESKUTIK

·Guztira 35 enpresak eta 96 pertsonak hartu dute parte Oarsoaldeko eskualdean bizikletaren eguneroko erabilera ebaluatzen duen foru proiektuaren diagnostikoa egiten, eta orain proiektua bigarren fasera pasako da.

 

·Rafaela Romero diputatuak diplomak eman dizkie lehen fasean bizikleta aparkalekuaren modelo berria diseinatzen eta gauzatzen parte hartu zuten Don Bosco ikastetxeko (Errenteria) ikasleei.

 

 

 

Donostia, 2021eko uztailaren 14a.- Ander Iturri Mugikortasuneko zuzendariak, gaur goizean,  "Lanera bizikletan" proiektuaren diagnostikoaren aurkezpenean parte hartu du. Proiektua Gurpil Artea elkarteak egin du, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin lankidetzan.  Programa pilotu hori 2020ko Europako Mugikortasunaren Astearen esparruan aurkeztu zen.

 

Guztira 35 enpresak eta 96 pertsonak parte hartu dute analisia egiten. Azterketa horren helburua da bizikletaren erabilerari dagokionez Oarsoaldea eskualdearen gaur egungo egoera ezagutzea eta ebaluatzea.   Horretarako, dauden azpiegiturak ebaluatu dira: bai hiriguneetatik industrialdeetara joateko bideak, bai industrialde barrukoak. Azterketarako 26 industrialde aztertu dira guztira.

 

Era berean, azterlan sakon bat egin da Oarsoaldeko enpresen eta bertako langileen iritzia ezagutzeko lanera bizikletaz joateari buruz, horretarako dituzten zailtasunei eta erraztasunei buruz edo bizikleta garraiobide gisa erabiltzeko enpresek eskaintzen dituzten aldeko baldintzei buruz.

 

Analisi fasea amaitu ondoren, proiektuaren bigarren fasea izango da zuzeneko lankidetzan aritzea ABB-Niessen enpresarekin (artikulu elektronikoak fabrikatzen dituen eta Oiartzungo Aranguren industrialdean kokatuta dagoen enpresa), eskualdeko langileak beren lanpostuetara bizikletaz joan daitezen sustatzeko.

 

"ABB–Niessen enpresa hautatu dute baldintza guztiak betetzen dituelako, hala nola iraganean mugikortasun jasangarriko ekintzak egin izana eta Foru Aldundiarena den bidegorri baten inguruan egotea, Arditurriko bidegorriaren inguruan", adierazi dute proiektuaren sustatzaileek.   Hain zuzen ere, enpresa horren instalazioetan instalatuko da Don Bosco ikastetxeko ikasleek diseinatutako bizikleta aparkalekua, joan den martxoan aurkeztu zena. Egitura berri hori diseinatu eta egitea ere proiektuaren lehen fasearen parte da.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko zuzendari Ander Iturriren iritziz, "gaur aurkeztu diren datuek erakusten dute asko aurreratu dugula mugikortasun jasangarriari dagokionez eta, zehazki, bizikleta bidezko mugikortasunari dagokionez".  Hala ere, honako hau adierazi du: "datu horien arabera ere, oraindik bide luzea dago egiteko.  Erakundeok lanean jarraitu behar dugu gure bidegorrien erabiltzaileei bide hobeak eskaintzeko, eta, aldi berean, enpresek urrats sendoak egiten jarraitu behar dute beren lanpostuetara joateko bizikleta aukeratzen duten langileen baldintzak hobetzeko".

 

Diagnostikotik datu interesgarriak ateratzen dira, hala nola:

  • Inkestari erantzun diotenen % 46,7k bizikleta erabili du noizbait lantokira joateko.
  • % 73,3k gutxiago kutsatzen duten eta osasungarriagoak diren garraiobideak erabiliko lituzke autoaren edo motoaren ordez.  % 17,3k aukera hori planteatuko luke.
  • Inkestari erantzun diotenen % 80k adierazi duen desabantaila nagusia da joan-etorrietan denbora gehiago behar dela eta bizikletaz joateko azpiegitura segururik ez dagoela.
  • % 15ek argudiatzen du bizikletak gordetzeko leku segururik ez dagoela. Txirrindulariei ematen zaizkien zerbitzuen barruan, % 20k baino ez ditu eskaintzen bizikleta aparkaleku seguruak eta dutxadun aldagelak.

 

 

DIPLOMAK EMATEA

“Lanera bizikletan” proiektuaren barruan ere, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Rafaela Romerok, diplomak eman dizkie gaur goizean, Aldundiaren Elkano aretoan,  bizikleta aparkaleku bat diseinatzen eta egiten parte hartu duten Don Bosco ikastetxeko (Errenteria) ikasleei. Aparkalekua pentsatuta dago bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko eta lanera bizikletaz joatea eguneroko aukera bihurtzeko.

 

Diputatuaren ustez, diploma hauen bidez "ikasleei aitortzen zaie ez bakarrik proiektu hau garatzeko egindako lana, baita gizarteak eskatzen dizkigun balio berriekiko, hala nola jasangarritasun, ekitate eta eraginkortasunarekiko, eta etorkizuneko mugikortasunarekiko  duten konpromisoa ere".

 

 

 

 

 

 


Behatokia

Bidegorrien foru sarean egiten diren joan-etorrien zenbaketa eta ebaluazioa egiten du Aldundiak. Lan horiek 2007az geroztik egiten dira Aldundiak kudeatzen duen Gipuzkoako Bizikletaren Behatokia...

BIDEGORRI MOZKETAK

Irailaren 15etik 17ra bitarte Foru Sareko honako bidegorriak moztuta egongo dira 07:00etatik 15:00etara, mantentze lanak direla eta: Lasao – Azpeitia eta Zestoa – Azpeitia.

BIDEGORRI MOZKETAK: Azkoitia – Urretxu

Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorria itxi egingo da urriaren 5etik 8ra, 07:00etatik 15:00etara, mantentze lanak direla eta.

BIDEGORRI MOZKETAK: Azkoitia – Zumarraga

Azkoitia eta Zumarraga arteko bidegorria itxi egingo da urriaren 13an, 07:00etatik 15:00etara, mantentze lanak direla eta.

BIDEGORRI MOZKETAK: Urretxu – Legazpi

Urretxu eta Legazpi arteko bidegorria itxi egingo da urriaren 14an eta 15ean, 07:00etatik 15:00etara, mantentze lanak direla eta.

BIDEGORRI MOZKETAK: Zizurkil – Asteasu

Zizurkil eta Asteasu arteko bidegorria itxi egingo da urriaren 25etik 27ra, 08:00etatik 17:00etara, mantentze lanak direla eta.

Aurkezpena

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak bizikletaren erabilera bultzatzeko eta bizikletaren inguruko informazioa zabaltzeko sortutako webgunea da...

BIDEGORRI MOZKETAK: Azpeitia – Azkoitia

Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorria itxi egingo da urriaren 1ean, 07:00etatik 15:00etara, mantentze lanak direla eta.

Gure Bidegorriak Gure Bidegorriak

Sare Sozialak Sare Sozialak

      

Eguraldia Eguraldia

Buletina Buletina

Twitter Twitter