Atzealdea

BIZIKLETAREN KONTSEILUAK KIDE GEHIAGO SARTZEA BALORATUKO DU, ALDUNDIAK PROPOSATUTA

·Rafaela Romero: "Kide berriak sartzea lagungarria izan daiteke mugikortasun jasangarria hazten jarraitzeko gure lurraldean".

 

·Europako Batzordeak aurtengo kanpainarako aukeratu duen gaia da "mugikortasun jasangarria, osasungarria eta segurua", eta kanpainaren leloa izango da "zure osasunagatik, mugi zaitez modu jasangarrian".

 

Donostia, 2021eko uztailaren 23a.-  Bizikletaren Kontseilua, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua buru zuela, telematikoki bildu zen atzo, Gipuzkoan bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzeari dagokionez datozen hilabeteetako agendari heltzeko.

 

Erakunde hori 2008an sortu zen, lurraldean bizikleta bidezko mugikortasuneko politikak garatzen laguntzeko. Honako hauek osatzen dute: Batzar Nagusietako mugikortasun-mahaiko ordezkari politikoek; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuko, Gobernantza Departamentuko, Bide Azpiegituretako Departamentuko, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko, eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko ordezkariek; Garapen Agentziek; Donostiako, Tolosako eta Zarauzko udalek; Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak; bizikleta bidezko mugikortasuneko elkarteek; Donostiako Bizikleta Behatokiak eta EHUk.

 

Bileran, aurkeztu ziren 2021eko Mugikortasunaren Europako Astearen esparruan garatu beharreko ideiak eta proiektuak jasotzeko Kontseiluko kideei egindako lehen inkestaren emaitzak, orain aztertuko direnak. Halaber, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak aste horretarako aurreikusitako jardueren berri eman zen. Aste hori Europa osoan egingo da, irailaren 16tik 22ra bitartean, "Zure osasunagatik, mugi zaitez modu jasangarrian" lelopean eta mugikortasun jasangarria, osasungarria eta seguruaren esparruan.

 

Rafaela Romero Kontseiluko lehendakariak proposatuta, halaber, Bizikletaren Kontseiluan kide berriak onartzeko aukera ebaluatu da, "Kontseiluaren begirada eta irismena zabaltzeko eta Kontseilua bera dinamizatzeko, bizikleta bidezko mugikortasunarekin eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako kolektibo berriak txertatuz". Proposatutako erakundeen artean, EUDELen lurralde-erakundea eta Foru Aldundiko berdintasun-saila daude..

 

"Kide berriak sartzea lagungarria izan daiteke mugikortasun jasangarria hazten jarraitzeko gure lurraldean", adierazi du Rafaela Romerok; era berean esan du zabaltze horrekin lortuko dela "bizikletaren munduari buruzko ikuspegi berriak sartzea, etorkizunean gauzatu ahal izango direnak gure egunerokoan bizikletaren eta mugikortasun jasangarriaren integrazioa hobetzeko ekintza zehatzetan".

 

2021eko kudeaketa planari dagokionez, agerian jarri da pandemiaren ondoren egiten ari den inbertsio ahalegina, gure hiriak mugikortasunaren arloan berreskuratzeko. "Onartutako aurrekontua 6.266.122 €-koa da, eta bizikleta azpiegituraren hainbat proiekturi ekingo zaie, hala nola Lezo-Pasaia Donibane tartearen III. faseari edo Irun-Donostia bizikleta bidearen trazatu proiektuaren azterlanari", Aldundiko Mugikortasuneko zuzendari Ander Iturrik azaldu duenez. "Aurten 500.000 euroko laguntzak sartu dira, 10.000 biztanletik beherako udalerrietan bizikletentzako eta oinezkoentzako bide berriak sustatzeko eta garatzeko, edo elkarteentzako laguntzak, 50.000 eurokoak".

 

Era berean, Gipuzkoako Bizikleta Estrategiaren 2020ko ebaluazio txostena aurkeztu da. Txosten horretan, beste behin ere, bizikletak garraiobide jasangarri eta seguru gisa duen garrantzia nabarmentzen da, pandemian agerian geratu den bezala. "2020an, oinezkoen eta txirrindularien ia 8 milioi joan-etorri zenbatu dira Gipuzkoako Bizikleta Bideen Foru Sarean, hau da, orain arte inoiz lortutako zifrarik handiena, 2019arekiko % 14,20ko igoerarekin".  Bizikletaren Estrategiako ekintzei lotuta 2020an gauzatutako foru aurrekontuari dagokionez, 3,79 milioi eurokoa izan zen guztira, "Horrek esan nahi du % 7,6ko igoera izan duela aurreko urtearekin alderatuta", gaineratu du Mugikortasuneko zuzendariak. 

 

 

 

 


Behatokia

Bidegorrien foru sarean egiten diren joan-etorrien zenbaketa eta ebaluazioa egiten du Aldundiak. Lan horiek 2007az geroztik egiten dira Aldundiak kudeatzen duen Gipuzkoako Bizikletaren Behatokia...

BIDEGORRI MOZKETAK

Irailaren 15etik 17ra bitarte Foru Sareko honako bidegorriak moztuta egongo dira 07:00etatik 15:00etara, mantentze lanak direla eta: Lasao – Azpeitia eta Zestoa – Azpeitia.

BIDEGORRI MOZKETAK: Azkoitia – Urretxu

Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorria itxi egingo da urriaren 5etik 8ra, 07:00etatik 15:00etara, mantentze lanak direla eta.

BIDEGORRI MOZKETAK: Azkoitia – Zumarraga

Azkoitia eta Zumarraga arteko bidegorria itxi egingo da urriaren 13an, 07:00etatik 15:00etara, mantentze lanak direla eta.

BIDEGORRI MOZKETAK: Urretxu – Legazpi

Urretxu eta Legazpi arteko bidegorria itxi egingo da urriaren 14an eta 15ean, 07:00etatik 15:00etara, mantentze lanak direla eta.

BIDEGORRI MOZKETAK: Zizurkil – Asteasu

Zizurkil eta Asteasu arteko bidegorria itxi egingo da urriaren 25etik 27ra, 08:00etatik 17:00etara, mantentze lanak direla eta.

Aurkezpena

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak bizikletaren erabilera bultzatzeko eta bizikletaren inguruko informazioa zabaltzeko sortutako webgunea da...

BIDEGORRI MOZKETAK: Azpeitia – Azkoitia

Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorria itxi egingo da urriaren 1ean, 07:00etatik 15:00etara, mantentze lanak direla eta.

Gure Bidegorriak Gure Bidegorriak

Sare Sozialak Sare Sozialak

      

Eguraldia Eguraldia

Buletina Buletina

Twitter Twitter