Errepideko ziklismoa

Errepideko ziklismoa errepideetan bakarrik egiten den ziklismoa da eta, bereziki, hiri eta herrietatik kanpo. Hainbat arrazoi direla-eta, kirol honek ondo egokitutako azpiegiturak behar ditu, kilometro kopuru handia egiten delako.

Lasterketa-bizikletek, BTTak bezala, gorakada handia izan dute azken urteotan, batez ere ziklista profesionalek eta hainbat txirrindulari ospetsu –Indurain, Pantani edo Armstrong– agertzeak sustatuta.

Errepidean ibiltzeko bizikletak, espezializatuta ez dauden dendetan, 300 eurotatik aurrera aurki ditzakegu; baina, bizikleta ona erostea gomendatzen dugu, hobe espezializatutako dendetan eta, bertan, 600 eurotan hasita aurkitzen dira bizikleta onak. Bizikleta erosteko orduan, geure nahiei egokitzen dena eska dezakegu, osagarriez zerbait jakinez gero, edo jadanik muntatuta dagoela eros dezakegu. Gure aholkua da hainbat denda espezializatutara joatea bertan informazioa jaso eta prezioak alderatzeko.

 

Koadroaren tamaina

Bizikleta berri bat erosteko orduan, kontuan hartu behar dugun gauza garrantzitsuenetako bat guri dagokigun bizikletaren neurria behar bezala aukeratzea da; izan ere, bizikleta txikiegia edo handiegia erabiltzeak eragozpenak eta lesio fisikoak sor diezazkiguke. Neurria zentimetrotan adierazten da, pedal-ardatzaren erditik jarlekuko hodiaren bukaeraraino neurtuta.

Pedal automatikoak

Pedal automatikoen bidez ziurtatzen dugu oinetakoak eta pedalak elkarri irmoki helduta daudela eta, bestalde, pedalak era ziurrago eta, batez ere, eraginkorrean mugitu ahal izango ditugu, indarra hobeto aprobetxatzen delako. Beraz, ziklismoaren bidez kirola egiten duten –eta errendimendua hobetu nahi duten– ziklisten artean oso zabalduta dago pedal mota hori, eta oso gutxi dira betiko pedalak erabiltzen dituztenak.

Hiru pedal automatiko mota aurki ditzakegu, heltzeko eraren arabera: Look, Time eta SPD.

Errepideko bizikletan ibiltzeko oinarrizko jantziak ez dira beste ziklismo mota batean erabiltzen direnen ezberdinak: maillot eta kulota, oinetakoak, kaskoa, betaurrekoak, eskularruak eta, neguan ibiliz gero, mahuka-erdiak, gore-tex materialezko jantzi beroren bat eta maillot termiko bat.


Errepideko bizikletan ibiltzen diren txirrindularien artean, oso zabalduta dago pultsometroak erabiltzea. Tresna horiek gure bihotzaren erritmoa neurtzen dute eta, era horretan, gure esfortzua kontrola dezakegu eta entrenamenduak planifikatu ditzakegu. Oso ohizkoa da, halaber, eskulekuan kilometro-kontagailua eramatea, une jakin batean daramagun abiadura, batezbesteko abiadura eta gehieneko abiadura, eta distantzia osoa eta partzialari buruzko informazioa ematen baitu; horrez gain, erlojua eta kronometroa ere baditu.