Mugikortasun kontzeptuaren barruan pertsonek eta ondasunek hainbat premia betetzeko (lana, aisialdia, ikasketak, kudeaketak…) egiten dituzten lekualdaketa guztiak sar daitezke.

Mugikortasuna iraunkorra izan dadin, goian aipatutako lekualdatze horiek bereziki garraio publikoa eta bizikleta erabiliz eta oinez ibiliz burutu behar ditugu, auto pribatua hainbestetan erabili beharrean.

Mugikortasun iraunkorra, nolabait, leku batean bizi direnak, oinezkoak, ziklistak, garraio publikoko bidaiariak eta gainerako gidariak benetan errespetatzen dituen lekualdatzeko eta bidaiatzeko era bat dela esan daiteke. Mugikortasun iraunkorraren bidez kostu energetikoa murriztu egiten da, bai garraio mota aukeratzeko orduan, bai egiten diren bidaiak eta distantziak murrizteko orduan.

Errespetuzko mugikortasun hori gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da lekualdatzeko modu iraunkorrenei lehentasuna ematea gehien kutsatzen duten eta kostu energetiko handiagoa duten moduen gainetik. Era berean, beharrezkoa da hiriak behar bezala planifikatzea, lehenik eta behin oinezkoek eta ziklistek, eta baita taldeko garraioko bidaiariek ere, beren mugimenduetan erosotasuna eta ziurtasuna izan ditzaten.

Mugikortasun iraunkorra lortzea erronka bat da, eta herritar guztiek prest egon behar dute erronkari aurre egiteko.

Baina... noiz hasi zen mugikortasun iraunkorra delako hori?

Hirurogeiko urteetan izan zen. Orduan hasi ziren garraioaren eredua eta bide-azpiegituren gehitzea zalantzan jartzen zuten lehenengo kritikak ozenki entzuten. Petrolioaren krisiak alarma handitu zuen eta zalantza sortu zuen natur ingurunearen karga-ahalmenari buruz. Ba ote du mugarik gure planetan dugun garatzeko erak?

Garapenaren mendebaldeko eredua ingurumenaren gaineko eragin nabarmenak sortzearen erantzulea zela "ofizialki" onartu zen Nazio Batuek Giza Ingurumenari buruz egindako goi-bileran, Stockholmen, 1972. urtean. Geroago, 1992an, Lurraren Goi-bilera egin zen Rio de Janeiron, eta bertan ekin zitzaien Lurraren berotze orokorrari buruzko lehenengo nazioarteko elkarrizketei. Horien emaitza, Kyotoko akordioak izan ziren, 1997an. Rio de Janeiroko Goi-bileran egiaztatu zen Lurraren berotze horretan zerikusia zuten alderdi garrantzitsuenetako bat berotegi-efektua sortzen duten gasak igortzea zela eta, gas horiek, gehienetan, motordun ibilgailuen errekuntzaren ondorio zirela.

"Garapen iraunkorra" kontzeptua 1987. urtean erabili zen lehenengo aldiz, Brundtland Txostenean. Bertan, garapen iraunkorra era honetan definitu zen: gizakiek, beren etorkizuna zalantzan jarri gabe, planetan existitzea luzatu ahal izateko jarraitu beharreko garapen mota da. Garapenaren eredu berriak barnean hartzen ditu giza jardueraren alor guztiak, baita garraioa ere, jakina.

Garraioa da, hain zuzen ere, ingurumenean eragin negatiboena sortzen duten alderdietako bat. Alde batetik, baliabide energetiko ugari kontsumitzen ditu eta, bestaldetik, materia kutsakorrak sortzen ditu, atmosferara igortzen direnak eta, gure osasuna kaltetzeaz gain, berotegi-efektua sortzen dutenak.

Hala ere, ez dugu ahaztu behar garraioa ezinbesteko elementua dugula ekonomia eta gizarte esparruetako jardueretarako; eta garrantzi hori kontuan izanda, formula berriak bilatu behar dira, garraioa iraunkorrago bihur dadin.

Gaur egungo joera lurralde-espazioak era trinkoan diseinatzea da; espazio horietan, automobila –hasiera batean, pertsonen lekualdaketetan baliozko garraio bakarra izateko sortua– baztertu egiten da eta beste bitarteko batzuk bultzatzen dira, hala nola bizikleta, oinez ibiltzea edo garraio publikoa, hain zuzen ere ez dutelako hainbeste kutsatzen, ekonomiaren ikuspegitik merkeagoak direlako eta pertsona guztientzat eskuragarriagoak direlako.

Zein da gure aukera?

1. Informazioaren, heziketaren eta parte hartzearen aldeko aukera, mugikortasun iraunkorraren ereduak lortzearren.

  • Ezinbestekoa da informazioa eta heziketarako estrategiak finkatzea, egun dauden mugikortasun-joerak aldatzeko.
  • Saihestu egin behar dira mugikortasunaren hautabidezko ereduen aurrean (bizikleta, oinez ibiltzea, garraio publikoa, eta abar) sortzen diren aurreiritziak.
  • Beharrezkoa da langileen mugikortasuna beste era batez kudeatzea: enpresetan taldeko garraioa sustatzea, autoak partekatzea…
  • Gizarte osoan balioak aldatzearen alde saiatzen ez baldin bagara, eredu iraunkorragoa lortzeko trantsizioa askoz ere kostu handiagokoa izango da orokorrean.

2. Ingurumenaren aldeko aukera.

  • Argi izan behar dugu zeintzuk diren planetaren muga ekologikoak, eta onartu behar dugu garraio kopuru jakin batetik gora ekosistema ekologikoa narriadura-fase batean sartzen dela, eta lehengoratzeko ahalmenik gabe geratzen dela.
  • Lortu egin behar dugu ingurumen-kostuak murriztea, autoa funtsezko elementu duen mugikortasunaren eredu zaharraren ondorioz sortuak baitira.
  • Gauza ugari hobetu behar ditugu, hala nola: lurzoruaren kontsumo irrazionala, airearen kutsadura, planetaren berotze orokorra, bioaniztasunaren galerak, akuiferoen kutsadura, soinu-kutsadura, gehiegizko energia gastatzea, eta abar.

3. Mugikortasun iraunkorra sustatzen duen lurralde-antolaketaren eta hirigintza-plangintzaren aldeko aukera.

  • Lurraldea antolatzen eta planifikatzen denean, oso kontuan hartzekoa da nola erantzungo zaion garraioaren beharrari.
  • Hiritartze trinkoak pertsonen automobil-mendetasuna murrizten du, bizitokiak, lantokiak eta aisialdirako tokiak hurbiltzen dituelako.
  • Industrialdeak eta lan-eremu handiak diseinatzeko orduan, garrantzitsua da mugikortasunaren plangintzak ezartzea, trafikoa murriztu eta garraio publikoaren lotura onak ziurtatzearren.
  • Udaleko eta udalaz gaindiko mugikortasun-planak zehaztu behar dira, iraunkortasun- eta irisgarritasun-irizpideak dituzten pertsonen eta merkantzien garraio-sareak ezartzeko.
  • Beste ekintza batzuk hauek izan daitezke: hirietako erdialdeak oinezkoentzat berreskuratzea, trafikoa baretzea, hirien kanpoaldean aparkalekuak egitea eta, aldi berean, hirigunerako sarbideak hobetzea, eta abar.

4. Herritarrentzat gune erosoak dituzten hiri osasuntsuen aldeko aukera.

  • Oinezkoentzako eta ziklistentzako segurtasuna hobetu behar da.
  • Gune publikoetako ingurumen-kalitatea hobetu behar da, eta herritar guztientzat irisgarriak diren elkarguneak sortu behar dira.
  • Garrantzitsua da zarata murrizteko planak sortzea. Udaleko zarata-mapak egin behar dira, eta garraioak sortzen dituen zaratak kontrolatu; era berean, minimizatzeko neurriak ezarri behar dira.
  • Komenigarria da igorpen kutsakorren kontrola hobetzea eta hain kutsakorrak ez diren erregai ekologikoen erabilera sustatzea.

5. Autoa era arrazional erabiltzearen, bizikletaren eta garraio publikoaren aldeko aukera.

  • Autoa era arrazionalean erabiltzea sustatu eta alderdi horretan hezi behar dugu, eta garraioaren hautabide errealak eskaini.
  • Garrantzitsua da bizikleta hiriko ibilgailu gisa erabiltzea sustatzea, eta ez soilik aisialdirako eta jolaseko elementu gisa. Horretarako, bizikletaren osoko politika bat egin behar da eta, azpiegiturak sortzeaz gain, herritarrak sentikortu behar dira bitarteko hori erabiltzeak dakartzan onurei buruz.
  • Udalerria edo lurraldea garraio-zerbitzu publikoa ezin hobeaz hornitu behar dira, autoaren hautabidea izan dadin, eta garraio motak elkartzeko aukera egon dadin.