Tandem bizikleta bat da, bi jarleku eta pedalei eragiteko bi biela jartzeko aukera ematen duen koadro berezia duena.

Bi bielak kate batez loturik daude, eta bi ziklistek aldi berean eragin behar diete pedalei edo gelditu behar dute, ezinbestez.

Koadroa bizikleta arrunt batekoaren oso antzekoa da; hala ere, soldadura indartuak ditu eta barraren bat gehiago, zurruntasuna handitzeko.

Atzealdean bidaiatzen denaren eskulekua aurreko ziklistaren jarlekuko hodiari finko lotuta dago eta, beraz, ezin da mugitu.

Tandemak pertsona bakarrarentzako bi bizikletek duten pisuaren hiru laurden pisatzen du eta, beraz, ziklista bakoitzak mugitu behar duen pisua txikiagoa da. Horri esker, abiadura handiagoa har daiteke.

Aldapan gora ibiltzeko orduan, kontuan hartu behar da zutik egonda pedalei eragitea sinkronizazio handiena izatea eskatzen duten ekintzetako bat dela.

Nor jarriko da aurrean?

Oro har, aurrean doan pertsona esperientzia handiena duen edo gehien pisatzen duen pertsona da.

Pertsona horrek erritmoa eta tandema gidatzeko ardura izango du eta, une oro, gertatzen denari buruzko informazioa eman behar dio lagunari, baita egin beharreko maniobren berri ere.

Tandemaren ezaugarriak

Duela urte gutxi arte, errepideko tandemak bakarrik egiten ziren; gaur egun, ordea, mountain bike motako batzuk ere agertu dira jadanik.

Errepideko tandemak egokitu daitezke egonkortasun handiagoa ematen duten eta erosoagoak diren 40 mm-ko pneumatikoak jarrita. Zenbaitetan, pneumatikoak ohizkoa baino presio handixeagoaz puzten dira, bi ziklistaren pisua jasan behar dutelako.

Atzeko ziklistaren jarlekuak esekidura ona izatea garrantzitsua da, berak ez baititu bide-zuloak kontrolatzen.

Erabilera

Tandemean ibiltzen diren zikloturisten esperientzia ugari daude, zenbaitek munduko bira ere egin dute eta. Gaur egun, gasteiztar bat ari da munduko bira egiten bere emaztearekin batera. Bidaiari 2005. urtean ekin zioten, eta aurreikusi dute 8 urte iraungo duela. Web orrialde bat ere badute, eta bertatik bidaiaren gorabeheren berri ematen dute: www.acercandoelmundo.com.

Bestalde, tandema alokatzeko aukera dago, tandemez ibili eta esperientzia dibertigarri bat izateko. Hainbat agroturismo-establezimendutan, jarduera hori eskaintzen dute beren zerbitzuen artean.

Tandemean egiten den ziklismoa, halaber, kirolari itsu edo ikusmen urriko pertsonek egin dezaketen kirola da, tandemaren atzealdean jarri eta aurrean doanak gida ditzakeelako.

Berez, gaur egun, Espainia da era horretako txapelketa gehien antolatzen dituen herrialdea, eta tandemean ibiltzen diren pertsonen kopuru handiena ere bertan da. Badira jarduera hori sustatzen duten klubak, era berean boluntarioak, itsuak eta ikusmen urriko pertsonak harremanetan sartzea errazten dutenak.

Horrelakoetan, jarduerak berekin dituen onura fisikoei gizartearen alorreko onurak gehitu behar zaizkie, kirol hori gizarteratzeko era bat baita.

Prezioa

Merkatuan, 500 eurotik gora aurki daitezke tandemak. Hala ere, gama altuko modeloetan prezia asko igotzen da.