RENFE

www.renfe.com

http://www.renfe.com/viajeros/info/bicicletas.html

http://www.renfe.com/empresa/informacion_legal/condiciones_media.html

http://www.conbici.org/bicisaltren/?p=1043

Telefono bidezko informazioa lortzeko eta txartelak erreserbatzeko: 902 320 320

Donostia • Frantzia pasealekua, z/g

Irun • Geltokia, z/g

Aldirietako trenak: bidaiari bakoitzak bere bizikleta eraman dezake doan, baldin eta, txartel-zulatzailearen iritziz, bizikletek ez badute leku asko hartzen edo bizikleta kopurua ez bada handia.

Horrelakorik gertatuz gero, bidaiariak beste tren bat har dezake edo txartelaren dirua itzuli diezaioten eska dezake.

Berariaz prestutako lekuetan utzi behar dira bizikletak. Horrelakorik ez badago, trenen sarrera gunean utzi behar dira, korridoreak eta aulki ez-tolesgarrien eremuak hartu gabe.

Bizikleta tolesgarriak, zernahi neurrikoak direla, fardelak balira bezala eraman daitezke, eta ez dira zorro batean sartu behar.

Ibilbide ertainetako trenetan ere, bidaiariak bere bizikleta eraman dezake doan, bidaiak 100 km baino gutxiago baditu. Bidaia luzeagoa bada, bizikleta eramateak hiru euroko prezioa du.

Leku erreserbarik ez duten zerbitzuetan, tren bakoitzeko bizikleta kopurua mugatua egon daiteke. Trenak ez badu kopuru mugarik, bizikletak bidaiariei eragozpenik ez sortzea izan daiteke muga bakarra.

Leku erreserba duten zerbitzuetan, berriz, berariazko leku bat duten trenetan bakarrik eraman daiteke bizikleta. Horregatik, bada, mugatua izaten da tren horietan eraman daitezkeen bizikleten kopurua. Kasu batean zein bestean, ezin bada bizikleta eraman, bidaiariak beste tren bat har dezake edo txartelaren dirua itzuli diezaioten eska dezake.

Ibilbide ertaineko tren gehienetan, bizikleta non eraman behar den seinaleztatuta egoten da. Komeni da, beraz, seinale horiek erreparatzea trena hartu aurretik. Bi seinale mota egon ohi dira: bizikletentzako eremua berariaz seinalatzen duena, batetik, eta eremu horretarako norabidea gezi baten bidez adierazten duena, bestetik.

Bizikleta eramateak hiru euroko prezioa du 100 kilometro baino gehiagoko ibilbideetan.

Jabeak hartu behar du bere bizikletaren ardura, gainerako bidaiarien segurtasuna eta erosotasuna berak bermatu behar baititu. Izan ere, bera izango da bai trenak bai hirugarrengoek paira ditzaketen kalteen erantzulea.

Horregatik, bada, komeni da olagarro elastikoren bat eramatea, bizikleta lekuren batean lotu ahal izateko, ez dadin ez erori ez mugitu. Beste aldetik, erne egon behar da irteerako ateak irekitzen direnerako, bizikleta sarrerako plataforma baldin badago.

Gainera, oso garrantzitsua da bizikletako zakutoak erretiratzea trenera igo aurretik edo behin igo eta berehala, dagoen lekua hobeto aprobetxatzeko.

Bizikleta tolesgarriak, 20" erradioko gurpilak edo txikiagoak baditu, ekipajeen tratamendua izango du.

Hiru bizikleta baino gehiagorekin taldean bidaiatu ahal izateko, Renferen baimena eskuratu behar da aurretik. Izan ere, talde baimenduen kasuan bakarrik gainditu daiteke bagoi edo tren bakoitzeko jarrita dagoen bizikleta kopuruaren muga.

Ibilbide ertaineko tren lasterretan ere onartuta dago bidaiariak bere bizikleta doan eramatea, baldin eta trenak eremu berezi bat badu horretarako.Tren bakoitzak bizikleten kopuru mugatu bat eraman dezake.

Bizikleta tolesgarriak baldintza hauek bete behar ditu, ekipaje bezala onartua izan dadin: 30 x 66 x 92 cm neurtzea gehienez, eta bizikletak ez izatea beste bidaiariak eta trenaren materiala kaltetzeko moduko irtengunerik.

Ibilbide luzeko tren lasterretan onartzen da bizikleta tolesgarriak eta bizikleta konbentzional desmuntatuak doan eramatea, baldintza hauekin: eramatea poltsa batean sartuta (120 x 90 x 40 cm-ko neurrikoa gehienez) eta pedalak kenduta.

Bidaia konpartimentu ohedunean egiten bada, familia sistemaren bidez hartutako konpartimentuetan bakarrik onartuko dira bizikletak (gehienez bi bizikleta konpartimentu bakoitzeko).

Bidaia ohatzean egiten bada, gehienez bi bizikleta onartuko dira konpartimentu bakoitzeko.

Nazioarteko trenetan ere, normalki, ez dira bizikletak fakturatu behar, eta Europako konpainiek erraztasun handiak eman ohi dituzte bizikletak garraiatzeko orduan. Eragozpen gutxiago izango duzu bizikleta poltsa baten barruan eramaten baldin baduzu, edo bizikleta tolesgarria baldin bada.

Bizikletak trenera!

• Trenean, zenbat eta azkarrago igo eta jaitsi, orduan eta traba gutxiago egingo diezu bidaiariei. Igo edo jaitsi zeure burua nabarmenduz, trena abia ez dadin zure bizikleta oraindik bagoitik jaisten ari zarela; geltokiko buruak lagun diezazuke.

• RENFEk ez du bere gain hartzen garraiatzen dituzun objektuen ardura eta, beraz, komenigarria da bizikleta arretaz zaintzea edo, bestela, giltzarrapoz behar bezala lotzea, inork ez dezan lapurtu.

• Taldean baldin bazoazte (hiru bizikleta baino gehiago) gogoan izan aurretik Renferi baimena eskatu behar diozuela. Gainera, gomendatzen dizuegu geltokira ordu erdi bat lehenago iristea txartelak lasai erosteko eta bizikletak ere trenean lasaitasunez sartzeko.

• Geltokiko langileekin justifikatu gabeko arazoren bat sortuz gero, jakin ezazu erreklamazio-orri bat dagoela eta jarritako kexari erantzun behar diotela. Erantzunik jaso ezean, Renfe Kontsumoko Arbitraje Batzordeko kidea da eta bertan doan erreklamatu ahal izango dituzu jasandako kalteak, eta itzulketak edo ordainak eskatu. Dena den, horretarako froga gisa balio dezaketen agiri guztiak gorde beharko dituzu –fakturak konponketa egiteagatik, erosketa-tiketa, bizikletaren egoeraren argazkiak, eta abar–. EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa, babesa eta defentsa eskaintzeko zerbitzuak ere oso lagungarri izan daitezke.

EUSKOTREN

www.euskotren.es

Easo plaza, z/g. • 20006 Donostia • 902 543 210

attcliente@euskotren.es

Bidaiariak bere bizikleta doan eramatea onartzen du orokorrean Euskotrenek.

Dena den, zenbait egoeratan bizikleta sartzen ez uzteko eskubidea gordetzen du beretzat; esate baterako, bidaiariek instalazioetan barrena ibiltzeko zailtasunak badituzte jendearen pilaketarengatik, matxurengatik edo beste gorabehera batzuengatik.

Bizikletak jarri behar dira edo bizikletak eramateko gailuetan edo gidatze kabinatik lekurik gertuenean.

Jabeak hartu behar du bere bizikletaren ardura, gainerako bidaiarien segurtasuna eta erosotasuna berak bermatu behar baititu. Horregatik, bada, bera izango da bai trenak bai hirugarrengoek paira ditzaketen kalteen erantzulea.

Bizikleta tolestuak, ez badute neurtzen 100 x 60 x 25 cm baino gehiago, eta umeen bizikletak eskuko fardeltzat hartuko dira eta ez dira zorro batean sartu behar.