Atzealdea

10.000 BIZTANLETIK BEHERAKO UDALERRIEK 500.000 EURORA ARTEKO LAGUNTZAK JASOKO DITUZTE BIZIKLETENTZAKO ETA OINEZKOENTZAKO BIDE BERRIAK SUSTATZE ETA GARATZEKO

  • Pandemiak 2020an eten zituen laguntza horien zenbatekoak 325.000 euro egin du gora aurten, aurreko deialdian baino % 186 gehiago.

 

  • Rafaela Romero: "Funtsezkoa da bizikleten eta oinezkoen mugikortasuna eskema berrietan txertatzea gure herri eta hirietako egiturazko diseinu berrietan, eta hori egiterakoan balio handiko ikuspegiak kontuan hartzea, hala nola genero ikuspegia".           

 

  • Onartutako deialdiaren arabera, Gipuzkoako elkarteek eta 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, laguntzak GAOn argitaratzen direnetik aurrera.                                                 

 

 

 

Donostia, 2021ko ekainaren 9a.- Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 500.000 euroko laguntza lerro berri bat onartu du 10.000 biztanletik beherako udalerrietan bizikletentzako eta oinezkoentzako bide berriak sustatzeko eta garatzeko. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko arduradunak azpimarratu duenez, pandemiak 2020an etenda utzi zuen deialdiko dirulaguntzak 325.000 euro igo dira aurten, aurreko deialdian baino % 186 gehiago, "inoiz baino gehiago, udalerri txikiei mugikortasun jasangarriko politiketan laguntzeko garaia delako".

Onartutako deialdiaren arabera, dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte "Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitako udal sareko bizikletentzako eta oinezkoentzako bideak sustatu eta garatzea" helburu duten eta 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako udalerriek.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, laguntza deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Laguntza horiek Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak egindako COVID-19aren osteko diagnostikotik eratorritako ekintzen multzoan sartzen dira. Diagnostiko horrek udalekin lankidetzan aritzeko esparrua ezartzen du, lurraldean bizikleten eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko beharrezkoak diren tresnak emateko.

Aurreikusitako zuzkidura ekonomikoak honela banatuko dira:

  • 350.000 euro, Bizikletaren Estrategia garatzeko (% 100eko igoera).

 

  • 50.000 euro, bizikletaren erabilera sustatzera bideratutako irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat; kapitulu hori % 150 hazi da azken deialdiko zuzkidurarekin alderatuta.
  • 250.000 euro, 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalei mugikortasun jasangarriko planak garatzeko laguntza sare bat ezartzeko.

 

Rafaela Romero foru diputatuak adierazi duenez, "bizikleten eta oinezkoen mugikortasuna funtsezkoa da mugikortasun eskema berrietan, eta, horregatik, gure herri eta hirietako egiturazko diseinu berrietan txertatu behar da". Halaber, azaldu duenez, laguntza horiek onartzeak Aldundiaren eta udalerrien arteko lankidetzan sakontzea ahalbidetzen du, baita beren tamaina dela-eta baliabide gutxien duten udalei laguntzea ere.     

Romerok dioenez, laguntza horiek "aukera ezin hobea" dira 2018an, oinarri arautzaileak onartu zirenean, ezarritako bidean aurrera egiten jarraitzeko.  "Deialdi berritu baten aurrean gaude, eta bizikleta gure udalerrietako mugikortasun eskema orokorraren barruan birkokatzeko beharrari erantzuten dio".  "Lurralde jasangarriagoa, berdeagoa, sozialagoa eta osasungarriagoa eratzeko" beharrezkoak diren pausoak ematen ari gara.  

Era berean, foru arduradunak gogorarazi du laguntzak emateko irizpideen artean, aurkeztu beharreko proiektuen esparruan genero ikuspegia txertatzea sartu dela.   "Emakumeak dira lurraldean gehien mugitzen direnak eta, gainera, modu jasangarrian mugitzen dira.  Garraio publikoan, oinez edo bizikletaz. Beraz, trazadura berri horiek ibilbide segurua erraztuko duten eskariei erantzun behar diete.  Bide seguruak ezartzen jarraitzeko aukera dugu, argiztapen ona dutenak, puntu beltzik gabekoak…»

Romerok gogorarazi duenez, Gipuzkoan udalerrien % 76k 10.000 biztanle baino gutxiago dituzte, eta "hala eta guztiz ere, udalerrien % 60k bizikletentzako hiri azpiegiturak dituzte dagoeneko, eta 10 puntutan gainditzen dute Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean ezarritako helburua".

Gaur egun, Gipuzkoako bizikletentzako eta oinezkoentzako bideen sareak 399 kilometro ditu, eta Gipuzkoa bizikleta erabiltzeko bide azpiegituretan ondoen hornituta dagoen Estatuko probintzietako bat da.

 



comments powered by Disqus