Atzealdea

ARRASATE-OÑATI BIDEGORRIA, AZPIEGITURA GARRANTZITSUA ESKUALDEARENTZAT

Mugikortasunaren ikuspegitik, aukera paregabeak dakartza Oñati eta Arrasate (Epele) lotu dituen bidegorri estreinatu berriak: 8,5 kilometro luze da eta lanera edo eskolara joateko, eguneroko zereginetarako edota aisialdirako ezin aproposagoa da. Oinezko eta ziklistentzako bidea da.


Bidegorria urtetako eskakizuna izan da oñatiarrentzat, eta aldarrikapen hori gauzatuta ikusi dute azkenik. Oñatiarrentzat ez ezik, eskualde osoarentzat ere garrantzitsua da azpiegitura hau, izan ere, herrien arteko lotura egiten du, eta komunikazio eta elkarbizitzarako ekarpen handia da. Ikuspegi horretatik lanean jarraitzeko asmoa du Foru Aldundiak.


Ezaugarri nagusiak

Inauguratu berri den bidegorriak 8,5 kilometro inguru ditu. Lanak bi zatitan banatuta egin dira: Epele-Zubillaga eta Zubillaga-Oñati. Bidegorriak 3,50 metroko zabalera du zatirik handienean. Bi lerrotan banatu da, bat bizikletentzat (2 metroko zabalera), eta bestea oinezkoentzat (1,5 metroko zabalera). Dena den, zenbait lekutan erabilera mistoa izango du, ibilgailuak ere onartuko dira (behar bezala seinaleztatuta daude tarte hauek). Ibilbidea ia laua da, gehienez ere % 8ko aldapa du zatiren batean. Bi tunel, Errekabaltz eta Minazulueta, eta lurpeko bi pasabide ditu, San Prudentzioko biribilgunean bata, eta Madalena ermitaren parean bestea.


Epele eta San Prudentzioren artean, bidegorria Vasco-Navarro trenbide zaharraren plataforman oinarritzen da. Horregatik, trazatu leuna du. San Prudentzioren eta Fanderiako poligono industrialaren artean ere, bidegorria trenbidearen plataformaz baliatzen da, nahiz eta plataforma horrek aldaketa batzuk izan dituen, Urkuluko urtegitik datorren edateko ura bertatik eramateko.
Bidegorria argiztatzeko LED motako luminariak jarri dira ibilbide osoan zehar, hiri tarteren batean eta industria-poligonoren batean izan ezik. Leku horietan egun dagoen argiteria erabiliko da. Epeletik Zubillagarako zatian, jendea antzemateko sistema jarriko da, elektrizitatearen kontsumoa ahalik eta txikiena izan dadin.


Detailea: Lanen iraupenari dagokionez, Oñati eta Zubillaga arteko lanek 16 hilabete iraun dute, eta Zubillaga eta Epele artekoek zazpi hilabete.


Erakunde eta herritarren ongietorri jendetsua

Oñati eta Arrasate arteko bidegorriaren inaugurazioan parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako departamentuko hainbat ordezkarik: Larraitz Ugarte diputatua, eta Unai Erroitzenea Mugikortasuneko zuzendaria eta Edorta Bergua bizikletaren sustapenerako teknikaria, besteak beste. Arrasate eta Oñatiko alkate eta udal ordezkariak ere bai: Mikel Biain Oñatiko alkatea eta Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkatea, besteak beste (ekitaldia joan den maiatzaren 19an izan zen).


Baina horiez gain herritar ugari bildu da Oñatiko Zubillaga frontoira bidegorriari ongietorria emateko. Gipuzkoako Foru Aldundiak Oñatiko Txirrinka Bizikletazaleen elkartearekin batera antolatu du ekitaldia, eta pozik agertu da herriko elkarte batekin elkarlanean aritzeagatik. Larraitz Ugartek eskerrak eman dizkie elkarlanean aritzeko izan duten prestutasunagatik.


11:00etan bizikleta martxa abiatu da Oñatiko plazatik foru diputatua eta Oñatiko alkatea ere bertan zirela. San Prudentziora (Elorregi) joan dira. Puntu hori Arrasate, Oñati eta Bergara herrien arteko lotunea da, eta horregatik egin dute martxa puntu horretara, hiru herriak elkartzeko aurrerapauso garrantzitsua izan baita gaur inauguratutako bidegorria. Arrasatetik abiatu den multzoarekin elkartu dira San Prudentzion eta Zubillagako frontoira joan dira inaugurazio ekitaldian parte hartzeko. Arrasateko alkateak, Oñatikoak eta Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak hartu dute hitza, eta ondoren, musika, jolasak eta hamaiketakoa izan dira. Bertaratu direnei bizikletan jartzeko txirrinak eman dizkiete opari eta bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izan dute. 70 bat lagunek hartu dute parte bizikleta martxan, familia giroan, eta ekitaldian, berriz, 100 bat pertsona elkartu dira.



comments powered by Disqus