Atzealdea

Astigarraga eta Zarkumendegi futbol zelaiaren arteko bidegorria eraikiko dute Aldundiak eta Astigarragako Udalak

Aldundiak proiektuaren %67 finantzatuko du eta Udalak gainerakoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Astigarragako Udalak Astigarragako Kale Nagusiaren eta Zarkumendegi futbol zelaiaren arteko bidegorria eraikitzeko hitzarmena egin dute eta aurten hasiko dira lanak. Astigarragako Udalak interes handia erakutsi du bidea Zarkumendegiraino egitean. Izan ere, jende asko joaten da hango kirol instalazioetara, eta gaur egun errepidez baino ezin da iritsi. Horregatik, Astigarragako Udalak enpresa bati eskatu zion bidegorria egiteko proiektua idazteko. Aldundiak ere proiektua interesgarritzat jo du eta Udalak prest dagoenez bidegorria egiteko eta kostuaren zati bat bere egiteko, bi erakundeen artean erabaki da bidegorria eraikitzea.

Bidegorria egiteko aurrekontua 884.924,90 euro da –gehi BEZ–, eta behin lanak hasita, eraikitzeko epea zortzi hilabetekoa da. Lanak 2015ean hasi eta 2016an amaituko direla aurreikusi da. Astigarragako Udala prest dago bidegorria egiteko, eta egitearen kostuaren %25a eta saneamendu eta telekomunikazioko udal zerbitzuen kostu osoa bere gain hartzeko (sare hori osatzeko aprobetxatuko baitira lanak); hortaz, guztira, aurrekontuaren % 33 finantzatuko du Udalak eta gainerako % 67 Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontura izango da. 

Astigarraga–Zarkumendegi bidegorria Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planeko Donostia–Beasain ardatzaren zati da, eta Astigarraga eta Oiartzun arteko bidearen lehen fasea.

Bidegorriaren ezaugarriei dagokionez, 1.500 metro luze izango da eta 3 metro zabal. Oinezkoentzat zein txirrindularientzat izango den bidegorriaren hasiera puntua Lizardi baserria da, Astigarragako Kale Nagusian, eta puntu horretan Astigarragako sare lokalari lotuko zaio. Bukaera puntua, berriz, Zarkumendegiko futbol zelaia izango da.



comments powered by Disqus