Atzealdea

Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria eraikiko dute Aldundiak eta Azpeitiko Udalak

Aldundiak proiektuaren %75 finantzatuko du eta Udalak gainerakoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak Azpeitiko erdigunetik Urrestilla arteko bidegorria eraikitzeko hitzarmena egin dute eta aurten hasiko dira lanak. Azpeitiko Udalak interes handia erakutsi du Urrestillarainoko bidegorria egiteko eta horregatik, Udalak enpresa bati eskatu zion bidegorria egiteko proiektua idazteko. Aldundiak ere proiektua interesgarritzat jo du eta Udala prest dagoenez bidegorriaren kostuaren zati bat bere egiteko, bi erakundeen artean erabaki da bidegorria eraikitzea.

Bidegorria egiteko aurrekontua 1.107.953 euro da (% 21eko BEZa barne), eta behin lanak hasita, eraikitzeko epea bederatzi hilabetekoa da. Lanak 2015ean hasi eta 2016an amaituko direla aurreikusi da. Azpeitiko Udalak bidegorria egitearen kostuaren %25a bere gain hartuko  du eta gainerako % 75 Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontura izango da.

Proiektua Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planeko 5. ibilbidean (Urolako bailara) sartuta dago. Bidea 1.550 metro luze eta 3 metro zabal izango da, eta zatirik handienean GI-2135 errepidearen ertzean egingo da; errepidea behin gurutzatuko du, eta Ibaieder erreka, berriz, bitan.



comments powered by Disqus