Atzealdea

BERGARA ETA ELORREGI ARTEKO BIDEGORRIA IREKI DU GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK

2,6 kilometro luze da eta lau metro inguru zabal


Gipuzkoako Foru Aldundiak Bergara eta Elorregi arteko bidegorri zatia inauguratu du eta urrats garrantzitsua eman du Debagoienako herri arteko bizikleta zein oinezkoen mugikortasunaren arloan, izan ere, oinezko eta bizikletentzako bidegorri zati hau bukatuta, San Prudentziotik Oñatira eta Arrasatera doazen bidegorriekin lotura egiteko 500 metroko zatia baino ez da faltako, eta era horretan Bergara bidegorri bidez Arrasate eta Oñatirekin lotuta geratuko da. Falta den 500 metroko zatiarentzako proiektua bukatzen ari da Aldundia, proiektua jendaurrean jarri eta urratsak emateko ahalik eta lasterren egin ahal izateko.

Bergara-Elorregi bidegorria Campezo enpresak egin du lau hilabeteko epean, eta 740.890 €-ko kostua izan du. Bidegorriaren ezaugarriei dagokionez, Bergara eta Elorregi auzoa lotzeko bidegorria Bergarako Ibarra kale amaieran hasten da eta Tavesa enpresaren lursailen mugaraino iristen da. 2,6 kilometro luze da eta lau metro inguru zabal. Bidegorriaren zatirik handiena Maltzaga eta Gasteiz arteko errail estuko trenbide zaharraren trazatuan egin da.

Aldundiak 2013ko ekainean hasi zuen bidegorri hau eraikitzeko prozesua, lehendik zegoen proiektua berrikusi ondoren esleipen prozesua martxan jarrita. Berrikuspen horren ondorioz, bidegorriaren kostua ia erdira jaistea lortu zen, hasierako proiektuaren aurrekontua bi milioi eurotakoa baitzen. Gipuzkoako Foru Aldundia esfortzu handia egiten ari da proiektuak berraztertzeko eta, funtzio berak mantenduz, proiektu askoz ere xume eta egingarriagoak bultzatzen, eta bidegorri hau da horietako bat.

Obra guztiak herri jabari-gunean egin dira, ia lur gehienak Bergarako Udalarenak eta Adif-enak baitira. Horregatik, Bergarako Udal batzarrak Gipuzkoako Foru Aldundiari dohainik eta 25 urtez bere jabetzako zatiak laga dizkio. Adif-ek ere bere jabetzako zatiaren erabilera baimendu zuen, emakida administratibo baten bidez.

  • San Prudentzioko geltoki berria martxorako martxan

Bidegorriaz gain, Bergara, Arrasate eta Oñati arteko San Prudentzioko biribilgunean autobusentzat geltoki berria egin du Aldundiak, eta martxoan, autobus zerbitzu berriak ezartzen direnean, erabiltzen hasiko dira. Biribilgune horretan hainbat autobusek dute geltokia (norabide batean zein bestean), baina bertan geldialdia egiteko zailtasunak dituzte autobusek eta erabiltzaileentzako ere ez da batera egokia (biribilgunearen alde batean ez dago estalkirik, alde batetik bestera pasatzeko zailtasunak, argiteria eskasa…). Hori ikusirik, eta kontuan hartuta biribilgune hori hainbat autobus aldaketa egiteko gunea dela, Aldundiak egoera hobetzeko lanak egin ditu.


Alde batetik, biribilgunean, GI-627 eta GI-2630 errepideen arteko bidegurutzean, autobus geltoki egoki bat eraiki da, eta martxotik aurrera autobus guztiek bertan izango dute geltokia (norabide batekoek zein bestekoek). Geltokiak 5 metroko zabalera du eta baita estalkia ere (estalkia otsailaren erdialdera jarriko da). Horrez gain, bidegorriarekin lotu da, 1,5 metroko zabaleradun espaloiaren bidez. Led motako argiteria ere jarri da bertan.


Ingurune horretan 40 bat autorentzako aparkalekua ere egin da. Bestetik, datorren hilean zehar 10 bat bizikleta uzteko aparkaleku estalia jarriko da. Guztira, lanok egiteko 115.000 euro inguru inbertitu ditu Aldundiak.

Iturria: Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak

 


comments powered by Disqus