Atzealdea

Errekalde eta Lasarte-Oria arteko bidegorria ireki du Gipuzkoako Foru Aldundiak

1.230 metroko bizikleta eta oinezkoentzako bidea amaituta, Donostia eta Lasarte-Oria lotuta gelditu dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak Errekalde eta Lasarte-Oria bitarteko bidegorria ireki du. Tarte hori irekita, bidegorri bidez lotuta gelditu dira Donostia eta Lasarte-Oria, eta hori  garrantzia handikoa da, Lasarte-Oria herri esanguratsua baita eskualde mailan.

Bidegorria eraikitzeko lanak Campezo enpresak egin ditu, 690.000 euroko kostua izan dute eta bost hilabete pasatxo iraun dute.

Lasarte-Oria eta Errekalde arteko trenbidea bikoizteko lanak egin zirenean, trenbide zaharra erabat utzita gelditu zen, eta proposatu zen bizikleta eta oinezkoentzako bide bihurtzeko bideragarritasuna aztertzea. Horretarako, azterketa bat agindu zen 2012ko azaroan, eta ondoren, DUBEGA Ingenieros SL enpresak proiektua egin zuen.

Bidegorri zatia Errekalden (Donostia) hasten da, GI-21 errepideak (N-I zena) eta Hernaniko errepideak bat egiten duten biribilgunean, ondoren trenbide zaharraren ibilbidea hartzen du eta Urbil merkataritza zentrora iristen da, Lasarteko mugan. Bidea 1.230 luze eta 4 metro zabal da. Biribilgunetik hasita lehenengo 300 metroek GI-21 errepidearen zati bat hartu dute; hurrengo 730 metroak trenbide zaharraren bidetik doaz, eta azken 200 metroek trenbide zaharra Urbil merkataritza zentroarekin lotzen dute. Bigarren bide zatiak bi tunel ditu, bat 80 metrokoa eta bigarrena 160 metrokoa. Zabalera erabilgarria 4 metrokoa da, erdia oinezkoentzat eta beste erdia bizikletentzat. Bereizketa pintura bidez adierazita dago.

Bidegorriak % 6ko gehieneko malda du, nahiz eta bidearen zatirik handiena laua den, GI-21etik eta trenbidearen ibilbide zaharretik baitoa. Bide guztian zehar LED argiak erabili dira eta tuneletan mugimendu detektagailuak jarri dira argiak pizteko. 

Eusteko neurriei dagokienez, trenbide berriaren ondoan doan bidegorri zatian 2 metroko alturako hesia jarri da, trenbidera igarotzea eragozteko. Erreka inguruan egurrezko babes baranda bat jarri da.

GI-21 errepidearen biribilgunetik gertu bidegorri berriak bat egiten du Donostia-Errekalde bidegorri zatiarekin eta etorkizunean leku horretan bertan bat egingo du baita Donostiatik etorriko den udal bidegorriarekin eta Galarretatik iritsiko den foru bidegorriarekin ere.



comments powered by Disqus