Atzealdea

ESKOLA KIROLERA OINEZ, BIZIKLETAZ EDO GARRAIO PUBLIKOAN JOAN DIREN IKASLEAK SARITU DITUZTE OARSOALDEAN

Sariketa honen bidez, eskualdeko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak mugikortasun iraunkorra sustatu nahi dute haurren artean. Autoan egindako bidaiak ere murriztu nahi dira. Oiartzungo Elizalde Herri Eskolan egin zen sari banaketa ekitaldia ekainaren 6an.


Oarsoaldean Eskola Kirolera joateko orduan mugikortasun iraunkorra bultzatzeko hainbat ekimen egin dituzte elkarlanean eskualdeko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ikasturteari amaiera bikaina emateko, Oiartzungo Elizalde herri eskolan ahalegin handiena egin duten haurrei sariak banatu dizkiete.


Banaketa ekitaldia ekainaren 6an egin zen. Bertan izan ziren, besteak beste, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatua, Unai Erroitzenea, Aldundiko Mugikortasuneko zuzendaria, Oihan Tello Oiartzungo jarduneko alkatea, Ainhoa Zabalo Lezoko alkatea eta Migel Mari Torrea Pasaiako Gazteria eta Kirol zinegotzia.

2013-2014 ikasturteko helburu nagusia asteburuetako Eskola Kirola programako partidetara autoan egiten diren bidaiak gutxitzea izan da, eta bi ekimen egin dira: batetik, taldekako Mugi txartelak prestatu dira, haurrak garraio publikoan joan daitezen kosturik gabe, eta bestetik, bizikletaren erabilera sustatzeko ekimenak egin dira.


Egindako lana eta ahalegina saritzeko, programan parte hartu eta bizikleta gehien erabili dutenen artean 4 bizikleta, patinete bat eta bizikletarako 200 argi eta beste horrenbeste txirrin banatu dira. Aurtengo sari nagusien irabazleak Oiartzungo Elizalde herri eskola eta Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan dira. Aipatutako ekitaldian Elizaldekoei eta Haurtzarokoei banatu zaizkie sariak. Halaber, bizikleta gehien erabili duen eskualdeko ikasleak ere jaso du saria.

Esan bezala, egitasmo pilotu honen helburua autoa erabiltzeko joera gutxitzea zen, eta oraindik ere egiteke lan handia dagoen arren, kanpainak eragina izan du. Zoritxarrez joan-etorri gehienak autoz bakarka egiten diren arren, % 45 mugikortasun iraunkorraren bidez egin dira (oinez, bizikletaz, garraio publikoan eta auto partekatuan). Banaketa horrela izan da: % 47 oinez, % 44 auto partekatuan, % 6 garraio publikoan eta % 3 bizikletaz.

  • Erakundeek datozen ikasturtean ildo honetan lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute, eta jada datorren ikasturterako ekimenak pentsatzen ari dira.


Iturria: Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak

 


comments powered by Disqus