Atzealdea

Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetik batek egunero erabiltzen du bizikleta ohiko joan-etorrietan

2015eko Europako mugikortasun astea irailaren 16tik 22ra arte ospatuko dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak bizikletaren erabilerari buruzko datuak aurkezten ditu.

2012an Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 9,6k esaten zuen bizikleta egunero edo ia egunero erabiltzen zuela bere ohiko joan-etorrietan. Ehuneko horrek aurreko urteetakoa bikoizten zuen, 2004an eta 2008an % 5 izatetik 2012an ia % 10 izatera pasatu baita. Bidegorrien sarea gero eta handiagoa da eta herri askotan ere bizikletak maileguan hartzeko zerbitzu publikoa eskaintzen da; bi faktore horiek lagungarri izan daitezke garraiobide horren erabileraren sustapenean.

Mutilek neskek baino gehiago erabiltzen dute bizikleta. Mutilen % 13 egunero mugitzen da bizikletaz, nesken kasuan % 6 soilik.

Adinean gora egin ahala gutxiago dira eguneroko joan-etorrietan bizikleta erabiltzen dutenak: 20 urtetik beherakoen artean % 11,3; 20 eta 24 urte bitartekoen artean % 10; eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 8,2.

Zeregin nagusiak alde esanguratsuak adierazten ditu. Ikasleen artean % 11,6k erabiltzen du bizikleta egunero, langabetuen artean % 10,2k, baina lanean dabiltzanen artean % 6,6k baino ez.

Dena dela, alderik nabarmenena gazteak bizi diren lurraldeak erakusten du: Araban eta Gipuzkoan bizikleta egunero erabiltzen duten gazteen kopurua (% 17,2 eta % 18,1, hurrenez hurren) Bizkaian baino askoz handiagoa da (% 2,1).



comments powered by Disqus